Ordiziako Emaneurre taldeak 10 urte beteko ditu aurten. Realeko zale talde bat izateko sortu zen, eta egindako lanari esker talde eragile bat gehiago bihurtu da herrian. Euskara, kirola eta kultura izan dituzte ardatz urte hauetan.
Herritik sortua eta herriarentzat lanean aritu dira 10 urtez Emaneurre taldeko kideak. Euskara, kultura eta kirola ardatz hartuta, makina bat ekimen abian jarri eta ekitaldi desberdinak antolatu dituzte urte hauetan guztietan. Ordiziar gazte talde saltsero bat bezala hasi zena, gaur-gaurkoz talde eragile bat gehiago da herrian, eta aurrerantzean ere, bide beretik jarraitzea da asmoa, hasierako partaideen eta bidean taldean sartzen joan direnen hitzetan.
Aurten, Emaneurre taldea sortu zela 10 urte beteko diren honetan, Gorka Argaiz, Egoitz Iztueta eta Xabier Mendizabalekin hitzordua jarri eta denboran atzera begirada bat bota dute: «Argaiz eta biok Realaren partidak ikustera joan ohi ginen elkarrekin Anoetara, nahiz eta kuadrilla desberdinetakoak izan. Garai hartan, sarritan esaten genion elkarri Realeko peña bat sortu behar genuela», konnatu du Mendizabalek.
Ideia mahai gainean jarrita, Tarragonan lanean zegoela telefonoz deitu zion Argaizi Mendizabalek. «Elkartu behar genuela esan zidan. Realeko peña martxan jartzeko momentua zela», gogoratu du.«Argaiz beti izan da fundamentu askokoa. Nik ideia eroak bota, eta berak exekutatzen zituen», gehitu du irribarrez.
Tarragonatik bueltatu eta lanean hasi ziren. Taldea osatzeko gutxienez lau pertsona behar zituzten eta anaiak ere tartean sartu zituzten. Estatutuak osatu eta beharrezko papeleo guztia eginda, sortu zuten Realeko Emaneurre taldea. Baina argi zuten hasieratik ez zela Realaren lagunarte arrunt bat izango. «Realarekin loturarik ez zuten beste ekitaldi batzuk antolatzea ere bageneukan buruan», nabarmendu du Argaizek. «Reala ikustera joateko bidaiak antolatu bai, baina horrez gain pilota txapelketa, garagardo festa, Goierriko 7 orduak, herri kirol txapelketa, kultura arloko ekitaldiak eta azokari 500 buelta izan dira antolatutako ekintzetako batzuk», erantsi du.
Grinak batuak
Kuadrilla desberdinetakoak izan arren, gauza berriak antolatzeko grinak batzen zituen Emaneurre taldeko sortzaileak. «Gainera, taldea sortu genuenetik partaide bakoitzaren lana errespetatzen jakin dugu. Guztiok dakigu zerbait ondo egiten, eta bakoitzak, zekiena egin du», esan du Mendizabalek. Taldean, «bi motatako kideek osatu dute Emaneurre, Realzale amorratuak zirenak eta Realzaleak baino beste egonezin batzuk zituztenak», argitu du Iztuetak.
«Reala ikustera joan eta sarritan esaten genion elkarri peña bat sortu behar zela» Xabier Mendizabal
«Orain dela 10 urte, gaur egun herrian dagoen ekitaldi aukera ez zegoen» Gorka Argaiz
«Azokari 500 bira egin genuenean jende helduagoa gu serioago hartzen hasi zen» Egoitz Iztueta
Ordiziako azokaren 500. urteurrenean, taldean inflexio puntua izango zen ekitaldia antolatu zuten. «Ordura arte, gazte jendearen artean ezaguna zen Emaneurre, baina jende helduagoa egun hartatik aurrera gu seriago hartzen hasi zen», gogoratu du Iztuetak. Udalaren partetik etorri zen proposamena. Urteurrena modu berezian ospatu nahi, eta Emaneurrekoei eman zieten ekitaldi berezi bat antolatzeko ardura.
Erronkari heldu, eta bileretan ideiak botatzen hasi ziren. Horrela bururatu zitzaien 500. urteurrenean azokako plazari 500 buelta ematea. «Hasiera batean ez genuen inondik inora uste hainbeste jendek parte hartuko zuenik», esan du Iztuetak. Baina oker zeuden, eta Emaneurre taldean lehena eta oraina markatu zituen ekitaldi hark.
Ordiziako «kirolari, kultur talde, ikastetxe, herritar… esan daiteke denetariko jende pila batek parte hartu zuela», gogoratu du Mendizabalek. «Antolatzeko ekintza oso sinplea izan zen, baina kristoren erantzuna jaso genuen», gehitu du.
Arrakasta handia izan zuten antolakuntza sinpleko ekitaldiak batzuek, baina ur handitan igeri egiten ere jakin dute Emaneurrekoek. Horra hor Goierriko 7 orduak esaterako, bitan antolatu dutena. Dena den, ekitaldi puntualak antolatzea baino, helburua «beste bat» izan dela eta «lortu» dutela nabarmendu du Argaizek. «Orain dela 10 urte, hogeita gutxi urte genituenean guk, gaur egun herrian dagoen ekitaldi aukera ez zegoen, eta Emaneurrek egitura eta aukerak ekarri ditu»