Aiestabeltza baserrian jaio eta bizi da Miren Jauregi (Arama, 1948). Hiru alaben ama eta bi biloben amona, azken horien zainketa bestelako lan batekin partekatzen du; izan ere, Miren baserritarra da eta baserrian jasotako produktuak saltzen ditu Ordiziako eta Tolosako ferietan. Txiki-txikitan ikasitako lanbideak dira biak, amona Mariaren eta ama Sabinaren ondoan ikasitakoak. Zerbitzaria ere izan da urte askoan zehar, Ordiziako Martinez jatetxeko jangelan. Gaur, Martinezetik jubilatuta, baserriko eta azoketako lanei eusten dizkio.
Zer saltzen duzu?
Etxekoa: barazkiak, babarrunak, fruta eta arrautzak. Kontserbak ere bai, soberan geratutako frutarekin egiten ditut.
Sariak irabazitakoa zara.
Bai, azkena Urretxun, Santa Lutzi ferian, barazki sortagatik.
Zaletasun bat.
Paseoa.
Pelikula bat.
Lo que el viento se llevo.
Musika mota bat.
Lehengo musika: lentoa, balsak, tangoak… Dantza egitea asko gustatzen zait, lehen sueltoan ere aritzen nintzen.
Oporretarako leku bat.
Benidorm eta Galizia.
Janari eta edari bana.
Barazkiak eta entsaladak, eta edateko ura, baina egun berezietan ardo zuria.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Alabek, bilobek eta senarrak egindako guztiak.
Amets bat.
Oso kontentu bizi naiz une honetan, eta horrela luzaroan segitzea nahiko nuke.
Zerk eragiten dizu irribarrea?
Nire bi bilobek.
Goierriko txoko bat.
Txindoki ingurua.
Herriko alkate bazina…
Argiak jarriko nituzke baserri inguru guztietan.
Araman biziko ez bazina…
Senarraren herrian, Albisturren.