Alex Aranburu txirrindulariarentzat (Ezkio, 1995) 2018a urte bikaina izan da. Uztailean, Getxon, profesional mailako lehen garaipena lortu zuen. 2019a are hobea izatea espero du.
Nolatan txirrindulari?
Umetan, eskolarteko kiroletan ibiltzeaz gain, pilotan eta bizikletan ibiltzen nintzen. Kadete mailara pasa behar nintzenean, pilota utzi nuen.
Norekin ibiltzen zinen bizikletan?
Ormaiztegiko lehengusu txikiekin (Xabat eta Unai Aranbururekin), besteak beste. Hasieran zirkuituetan bueltak egiten genituen. Gustatu egin zitzaidan eta jarraitu egin nuen.
Zergatik gustatu zitzaizun horrenbeste?
Baserrian ere beti bizikletarekin ibiltzen nintzen alde batetik bestera. Beti asko gustatu zait.
Gogorra izan al da heldu zaren lekuraino heltzea?
Profesional mailara heltzea ez da erraza, eta zorte pixka bat ere behar da:?norbaitek zuri zerbait berezia ikustea.
Zein izan da orain arteko egunik gogorrena?
Unerik okerrena bi eskumuturrak hautsi nituenean izan zen. Ziklo-kros lasterketa batean izan zen. Jaitsiera batean zulo batean sartu nintzen eta bi eskuak jarri nituen. Biak hautsi nituen. Hiru bat hilabete egon nintzen geldirik. Munduko ziklo-kros txapelketara joan gabe gelditu nintzen. Une txarra igaro nuen, baina sekula ez nuen uztea pentsatu. Bestalde, une gogor samarrak asko izaten dira. Lagunak festetara joaten direnean eta zuk etxean gelditu behar duzunean, adibidez. Baina tira, hori lan egiten duten guztiei gertatzen zaie.
Noiz egin zenuen azkeneko parranda?
Neguan gutxi batzuk egin ditut. Ormaiztegiko jaietan izan nintzen, adibidez.
Zein izan da orain arteko egunik politena?
Egun polit asko egoten dira. Getxoko garaipena, adibidez, oso polita izan zen. Orain arteko garaipen bereziena izan da. Profesional mailako lehenengoa.
Zer pasa zitzaizun burutik?
Esprintean irabazi nuen eta ezin nuen sinetsi. Banekien ondo nindoala, baina irabaztea beti da zaila.
«Helburu nagusietako bat erlojupekoetan hobetzea dut»
«Ondo etorriko zait Caja Rural taldean urte bat gehiago ematea»
«Txirrindulari on asko ditut inguruan eta horiengandik ikasi beharra dut»
«Ametsik handiena egunen batean Euskal Herriko Itzulia irabaztea da»
Euskal Herriko Itzulian ere lan polita egin zenuen. Gasteizko etapan kilometro gutxiren faltan ihes egin zenuen eta azken kilometrora ihes eginda sartu zinen.
500 metro faltan harrapatu ninduten. Halako sorpresak ematea beti da polita. Saiatu beharra dago. Ez dago jakiterik zer gertatuko den. Indartsu nengoen eta saiatzea erabaki nuen. Izan ere, esprintean ez nuen inongo aukerarik. Aurpegia ematea lortu nuen behintzat.
Zer esan zizun zuzendariak?
Ondo egin nuela. Indartsu sentitzen banintzen, saiatu beharra nuela.
Espainiako Itzulian hobeto ibiltzea espero al zenuen?
Ez. Getxon-eta ondo ibili nintzen eta ordurako behera nentorren. Nire helburua esperientzia lortzea zen. Lasai hartzea, taldeak eskatutakoa egitea eta bukatzea. Ihesaldi batzuk harrapatu nituen eta sufritzea tokatu zitzaidan, baina asko ikasi nuen. Egun txarrak egon ziren, baina gozatu ere egin nuen. Hori bai, batzuk arrankatzen dutenean… Dena den, itzuli zailena lehenengoa izaten dela esaten dute eta bukatzea lortu nuen.
Zure burua itzuli handiak egiteko moduan ikusi al zenuen?
Bai. Pare bat urte barru itzuli handietan ondo moldatu naitekeela uste dut.
Zein da zure helburua 2019. urterako?
Beste pauso bat eman nahi dut. Euskal Herriko Itzulia bezalako lasterketetan ondo ibili nintzen, eta datorren urtean hobeto ibili nahi dut. Erlojupekoetan ere hobetu nahi dut.
Euskal Herriko Itzulia Zumarragatik abiatuko da. Erlojupeko batekin hasiko da, gainera.
Ilusioa egiten dit. Beti da berezia etxe ondoan aritzea. Erlojupeko gogorra da, baina polita.
Aurten ez duzu ziklo-kros probetan parte hartu.
Ez. Iaz lepauztaia hautsi nuen eta aurten ez dut arriskatu nahi. Iaz neguan nahi baino gutxiago entrenatu nuen horregatik, eta ez dut berriro hori gertatzerik nahi. Ziklo-krosa egitea ondo dago, baina arrisku apur bat dago.
Caja Rural taldearekin kontratua berritu duzu. Ba al zenuen World Tourreko talde batekin sinatzeko itxaropena?
Urtebeterako sinatu dut. Nire ustez ondo etorriko zait Caja Rural taldean urte bat gehiago ematea. Taldeak egutegi ona du eta lasterketa garrantzitsutan parte hartzen dugu:?Euskal Herriko Itzulia, Volta, Espainiako Itzulia, Norvegiako Itzulia… Beraiek nirekin gustura daude eta baita ni beraiekin ere. Aipatutako lasterketa horietan guztietan parte hartu nahi nuke. Izan ere, goi mailako lasterketetan onenek parte hartzen dute, erritmoa biziagoa da eta horrek onena ematera behartzen gaitu. Denboraldi hasieran, Mallorca, Valentzia eta Andaluziako itzulietan parte hartuko dut, besteak beste. Ondoren, Euskal Herriko Itzulia egingo dut.
Txirrindulari onenekin aritzeko aukera eduki duzu. Zein da gehien gustatzen zaizun txirrindularia?
Niri Sagan gustatu zait beti. Nire ustez, zerbait berezia du. Dena den, tropelean txirrindulari on asko daude. Ez dago urrutira joan beharrik: Izagirretarrak, Landa… Txirrindulari on asko ditut inguruan eta horiengandik ikasi beharra dut.
Beraiekin entrenatzen al duzu inoiz?
Tarteka Gari Bravorekin eta Izagirretarrekin gelditzen naiz. Gehienetan bakarrik entrenatzen dut, baina saio luzeak egitea tokatzen denean konpainia pixka bat ondo etortzen da.
Sagan zure txirrindulari kuttuna dela esan duzu. Hitz egin al duzu inoiz berekin?
Mutikotan hitz egin nuen berarekin, gazte mailako munduko ziklo-kros txapelketan, Italian. Nire aurreko ilaran zegoen eta bi hitz egin genituen.
Zein da zure lasterketa kuttuna?
Euskal Herriko Itzulia. Nire ametsa egunen batean Euskal Herriko Itzulia irabaztea da. 2017an parte hartu nuen lehenengoz eta parte hartuko nuela esan zidatenean sekulako poza hartu nuen. Espainiako Itzulian parte hartzea ere oso pozgarria izan zen.