Sagarrondoak eta sagardoak Euskal Herrian jatorria non duten datu garbirik ez dago. Jakinekoa dena da sagardoa izan dela euskaldunen edaririk ohikoena mende askotan zehar. Sagarra Euskal Herrira nola iritsi zen azaltzeko iritzi ugari daude. Batzuk diote Afrikatik sartu zela, beste batzuk migrazio-txoriek ekarri zutela ekialdeko lurraldeetatik.
Eta sagardoaren jatorriaz beste horrenbeste;?batzuen esanetan, arabiarrek ekarri zuten, eta beste batzuen iritzia da erromatarrengandik ikasi zutela garaiko bateko euskaldunek sagardoa egiten.
Baserrian zein kalean
Goierriko sagardogintzaren ikur nagusia Ezkioko Igartubeiti baserria da, baina dolarea eduki eta sagardoa egin duten baserriak eta etxeak ugari izan dira bailaran. Arama. Apunte historiko eta etnografikoak liburuak jasotzen duenez, 1930. urtean 34.910 litro sagardo ekoitzi zituzten herriko 14 baserriren artean, eta sagardotarako sagarra ekoizteko 12,5 hektarea zeuden –3.984 sagarrondo, 1928. urtean-. Iriarte baserria tradizio handiko sagardotegia izan zen garai hartan.
Ordiziako 1992. urteko Santa Ana aldizkarian bildu zituen Antton Crehuetek 1930-35 urteen arteko sagardo kontuak. 1931. urtean, 11 sagardotegi zeuden Ordizian –Arana, Hidalgo, Upabi, La Granja, Bekoetxe…– eta guztien artean 80.000 litro pasa sagardo egin zituzten. Sagardogintzarentzat garai loriatsua izan zen hura. Astea Santua zen dastaketarako eta festarako bete-beteko sasoia.
Txotxaren erritua
Eguerdian litroka saldu ohi zuten sagardoa, eta iluntzeetan txikitoka. Sagardozale amorratuenek 15, hori zen muga. Harrezkero, asko aldatu sagardotegietako ibilera. Garai batean bezero nagusienekin egiten zen dastatzeetan du oinarri txotxak, eta denboraren poderioz, jende guztiari zabaldutako ekitaldi gastronomiko bat da.