Ane Beloki legazpiarra eta Maddi Mendizabal zaldibiarra Emakumezkoen Binakako Txapelketan lehiatzen ari dira. Lehen aldia da.
Urteak dira Gipuzkoako Pilota Federazioak emakumezkoen txapelketak antolatzen dituela; hala ere, beti palaz aritu dira emakumeak. Lehenengoz esku pilota txapelketa abiarazi du federazioak halakoa antolatzeko eskaera gero eta gehiago jaso ostean. Eskuz binakako emakumeen txapelketa abenduaren 14an hasi zen Bergaran, eta ordutik Bergaran bertan, Azpeitian, Zaldibian eta Legazpin lehiatu dira emakume pilotariak. Gaur Zestoan jokatuko dute.
Pilotariak bi mailatan ari dira, lehenengo mailan eta bigarrenean. Lehenengoan jokatzen du Maddi Mendizabal zaldibiarrak, bigarrenean Ane Beloki legazpiarrak. Guztira lau bikote ari dira lehenengoan eta bost bigarrenean.
Mendizabal (Zaldibia, 1993) umea zelarik hasi zen esku pilotan. Anaia pilotaria du eta ordu asko egiten zituen frontoian, «12 urte nituenera arte jarraitu nuen, baina inguruko neskek pilotan jokatzeari utzi zioten eta nahiko bakarrik geratu nintzen». Pilotak, ordea, ez zuen bakarrik utzi, eta Anoetako Maider Mendizabal puntako pilotariaren deia jaso zuen, jarraitu nahi bazuen, palaz bazegoen segitzeko aukera. Ataunen entrenatu zen 16 urtera arte Goierriko beste pilotari batzuekin batera. Han ere bakarrik geratu zen eta bere moduan zeuden beste andre pilotariekin Anoetan elkartu zen Maider Mendizabalen arrimura. «Eskuz ibiltzen ginen, baina lehiaketarik ez zegoen emakumeentzat eta palaz jokatu dugu batez ere», dio Maddi Mendizabalek.
Poliki-poliki pilotaren mundua emakumeek gizartearen esparru guztietan irabazten ari diren espazioen oihartzuna jasotzen ari da. Orain bizpahiru urte Bartzelonan emakume pilotarien topaketa gogora ekarri du Mendizabalek: «Topaketa harekin hasi zen pixka bat suspertzen emakumezkoon esku pilota. Edonola ere, komunikabideek ez dute gure jarduna gehiegi zabaltzen». Emakume Master Cup-a ere aipatu du suspertzearen seinale. Halaber, Gipuzkoako Federazioak estreinakoz antolatutako Eskuz Binakako Emakume Txapelketa testuinguru horretan kokatu du. «Urte luzeetan emakumea eta esku pilota ez dira existitu ere egin. Federazioak lan asko egin du, baina batik bat palaren esparruan».
Alde fisikoa
Maddi Mendizabal eta Ane Beloki (Legazpi, 1999) bat datoz adin batetik aurrera neskak eta mutilak pilotan parekatzerik ez dagoela esaterakoan. Gorputzak haurretik nerabera egiten duen arora arte jokatu zuten biek mutilekin zein mutilen kontra. Ordutik aurrera, 10-12 urte, nahiko bakarrik geratu ziren. «Mutilek indarra hartu zuten eta nik ez, lekuz kanpo sentitu nintzen eta pilota utzi nuen», azaldu du Belokik.
Maddi Mendizabal:
«Emakumea eta esku pilota ez dira existitu ere egin urteetan, eta orain indartzen ari da»
«Txapelketarako pilota bereziak egin dizkigute tamaina aldetik, pilota gozoak dira»Ane Beloki
«Mutilek indarra hartu zuten eta nik ez. Orduan pilotan lekuz kanpo sentitu nintzen»
«Neskak nesken kontra ari gara. Hor nire tokia aurkitu dut, eta erosoago sentitzen naiz»
Alabaina, mutilen kontra jokatu beharrean, euren tokia aurkitu dute biek nesken arteko norgehiagokan. «Ez genuen uste eskuz aritzen zen neska asko zegoenik, baina badago, eta indarra hartzen ari da. Azpeitia aldean bereziki hauspotu dute eta neskek txapelketa ofiziala izan dezagun lan egin dute», dio Mendizabalek.
Ane Beloki Gasteizera ikastera joan zen 2017an eta Euskal Herriko Unibertsitateak eskainitako pilota tailerrean izena eman zuen, «orduz geroztik han nabil jokatzen». Legazpiko Pilota Eskolako kide batek Gipuzkoako Federazioak antolatutako txapelketaren berri eman zion, eta hasieran izenik eman ez zuen arren, azken unean animatu egin zen. «Neskak nesken kontra ari gara eta hor nire tokia aurkitu dut, nesken artean erosoago sentitzen naiz. Gainera, nire mailakoen artean jokatzeko aukera eman dit txapelketaren bigarren mailak».
Orain arte pilota emakumeen kirol gisa ez dela ikusi, eta gauzak aldatzen ari direla dio Belokik: «Bistan da pilota emakumeentzat ere egina dagoela». Belokik eta Mendizabalek hainbat partida jokatu dituzte txapelketan, eta biak, bikotekideen lesioak tarteko, partidaren bat jokatu gabe geratu dira.
Eskuak
Mendizabalen bikote Miren Larrarte bidaniarra eskuetako minarekin dabil, eta horregatik Legazpiko partida jokatzerik ez zuten izan, baina gaur Zestoan jokatuko dute. Emakumeen pilota indarra hartzen ari den arren, oraindik zeregina badago, zaila egiten baitzaie bikotekideak min hartuz gero haren ordezkoa bilatzea.
Mendizabal eskuetatik ongi dabil. Pilota gozoekin jokatzen dute. «Federazioak antolatutako txapelketarako pilota bereziak egin dizkigute tamainari dagokionez, pilota gozoak dira. Beste lehiaketa batzuetan pilota misto edo gogorrekin aritzen dira eta takoekin». Miren Larrarte kideak hala jokatu zuen txapelketa bat, eta eskuak txikituta amaitu zuen. «Ni pilota gozoekin aritzen naiz eta ez dut arazorik».
Emakume Master Cup-eko finalak Zumarragako Belokin jokatuko dira
Urtarrilaren 27an hasiko da Emakume Master Cup-a. Galdakaon (Bizkaia) ekingo diote txapelketari. Izen-ematea irekia izan da eta 110 pilotarik eman dute izena. Horietatik gehienak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak dira. Euskal Herri kanpoko pilotariak ere izango dira: Katalunia, Aragoi, Errioxa eta Valentziakoak . 98 (49 bikote) pilotari promozio mailan lehiatuko dira eta 12 (6 bikote) lehenengo mailan. Puntako pilotariek parte hartuko dute: tartean dira Patri Espinar eta Maider Mendizabal. Finalerdiak martxoaren 10ean jokatuko dira Errenterian eta finalak Zumarragako Beloki frontoian martxoaren 17an. ETBk zuzenean emango ditu azken bi jaialdi horiek.