Igandean hasi zen Eire-Bankoa xake txapelketaren 20. edizioa. Bi hamarkada hauetan txapelketa honek zeresan handia eman du xake munduan eta, ekimen honen eskutik, Urretxuko Eire taberna Goierriko xake zaleen katedrala bihurtu da.
Eire-Bankoa txapelketaren bultzatzailea Txema Iriberri izan zen, Eire tabernako nagusia. Iriberri amaren eskutik zaletu zen xakera. «Amak xake joko bat oparitu zidan eta anaiarekin jokatzen hasi nintzen. Irabazi egiten nion eta horrek jarraitzera animatu ninduen. La Salle-Legazpi ikastetxeko txapelketetan parte hartzen nuen. Josu Jon Imazek ere txapelketa haietan parte hartzen zuen. Oso ona zen», gogoratu du.
Txapelketak jokatzeaz gain, xakeari buruzko zigiluen bilduma egin du, xakeari buruzko ipuinak idatzi ditu… Eta Eire taberna ireki zuenean, xake mahaiak jarri zituen, noski. Bezero batzuk txapelketa bat antolatzea proposatu zioten eta hala egin zuen. «Ez zela inor apuntatuko uste nuen, baina 20 lagunek izena eman zuten. Urte batean ia 50 izan ginen», azaldu du.
Laguntzaileei eskerrak eman nahi dizkie. «Lehen urtean Gaspar Gezalagak lagundu zidan eta bigarren urtetik aurrera Bankoaren diru-laguntza izan dut. Gainera, Karlos Legaristik eta Ketxus Amenabarrek asko laguntzen didate».
Hogei urte hauetan milaka partida jokatu dira. Txapelketa gehien irabazi dituena Jesus Mari Rodriguez zaldibiarra da. Eire-Bankoa jokalari gazteen erakusleiho ere izan da. Iaz Manex Regillaga 12 urteko elorriotarra nagusitu zen.
Ekitaldi bereziak
Bestalde, txapelketaren inguruan oso ekimen originalak antolatu dira. «Lehen urteetan Mario Gomez Espainiako txapeldunak herritarren aurka jokatu zuen, itsuan. 2008an Ruslan Ponomariov munduko txapeldunak eskualdeko zortzi jokalariren aurka jokatu zuen, itsuan baita ere. Zortziei irabazi zien».
Balentria horrek sekulako sona izan zuen. «Estatu mailako komunikabideetan eta xakeari buruzko webgune nagusietan aipatu zuten. Bestalde, Gara egunkariak kontrazala eman zion. Mikel Zubiak Eire-Bankoa txapelketako partidak sarritan argitaratzen ditu Gara egunkariaren Zazpika aldizkarian».
Horretaz gain, Pedro Castrok Euskal Herriko lehen xake programa egin zuen, Iriberrik Europa FM irrati-katean xakeari buruzko saio bat aurkeztu zuen… «Leontxo Garcia aditua, Jose Antonio Irulegi Realeko entrenatzaile ohia eta Iñaki Mendiguren itzultzailea elkarrizketatu nituen, besteak beste. Mendigurenek xakeari buruzko euskarazko lehen liburua idatzi zuen. Irulegik, berriz, beterano mailako Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen».
Pasadizoak, hamaika
Pasadizoak ere makina bat izan dira. Alemaniar batzuek xake txapelketa honi esker aurkitu zuten bere anaia. «Desengainu bat izan zuen eta Alemaniatik alde egin zuen. Altsasura etorri zen. Bere anaia-arrebek ez zekiten non zegoen eta, xakea gustatzen zaionez, xakearekin lotutako webguneetan bere izena bilatu zuten. Eire-Bankoa txapelketaren webgunean aurkitu zuten. Hamar urte zeramatzaten bananduta eta Urretxun elkartu ziren. Bere anaiak garagardoak ekarri zituen».
Beste jokalari batek txapelketako partida utzi behar izan zuen bere emaztea erditzeko zorian zelako. «Jose Manuel Gonzalezi emazteak urak egin zituela esateko deitu zioten eta korrika alde egin zuen».
Ikusten denez, Eire-Bankoa txapelketak arrakasta handia du zaletuen artean. «150 lagun inguruk parte hartu dute txapelketa honetan. Gehienak gertukoak dira, baina Elorriotik, Altsasutik, Añorgatik… ere etortzen dira».
Jesus Mari Rodriguez, Eire-Bankoa xake txapelketaren erregea
Eire-Bankoa xake txapelketak jokorako erabiltzen diren erregeez gain, hezur-haragizko bat ere badu: Jesus Mari Rodriguez. Zaldibiar honek hamalau aldiz parte hartu du txapelketa honetan eta zortzi aldiz irabazi du. Bi alditan bigarren izan da eta beste bitan hirugarren. «Oso txapelketa berezia da. Taberna batean jokatzen da, musika egoten da, jendea begira… Oso giro berezia sortzen da», azaldu du. Bere ustez, Eire-Bankoak ekarpen handia egin dio xakeari. «Inguruko beste edozein txapelketak baino presentzia handiagoa lortu du komunikabideetan. Kluben arteko liga jokatzen dugun arren, goierritar askok ez dakite xakea existitzen denik ere. Eire-Bankoak, ordea, xakea mundu guztiarengana heltzea lortu du. Goierrin antolatzen den txapelketa garrantzitsuena da», nabarmendu du zaldibiarrak.