Literaturako euskal sari ospetsuenetakoa jaso zuen, abenduan, Irene Aldasoro Katarainek (Idiazabal, 1955): Euskadi Saria. Itzultzailea da, eta Emily Bronte-ren Wuthering Heights euskaratzeak (Gailur ekaiztsuak, Erein-Igela, 2017) balio izan dio aitortza. Bigarrena du saria; ibilia, hamaika urtekoa.
Noiz hasi zinen itzulpenean?
Euskal Telebista sortu berritan, 1984an edo 1985ean izango zen. Irlandatik etorri berria nintzen. Eresoinkan ikus-entzunezkoetan hasi nintzen, serieak, marrazkiak, tarteka filmen bat itzultzen. Magnum telesaila dut gogoan, Magnum eta Higgins bikoarekin oroitzen naiz.
Harrezkero arlo horretan lan egin izan duzu?
Bai, nire kontura ibili naiz, tokatzen dena edo ematen didatena itzuliz. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea sortu zela 30 urte 2017an bete ziren, eta hor eta Martuteneko Eskolan aritu ginen. Eresoinkan —Donostian zegoen orduan— genbiltzan itzultzaile multzo bat elkartean sartu eta kide egin ginen.
Zer ekarpen egin zuen EIZIEk?
Elkartea funtsezkoa izan da niretzat. Mintegiak eta ikastaro batzuk egin genituen. Irakasle Josu Zabaleta, Xabier Mendiguren Bereziartu, Koro Nabarro, Aintzane Ibartzabal ziren, gogoan ditudanak. Literatura unibertsala argitaratzen hasi zen elkartea, Eusko Jaurlaritzarekin eta Editoreen Elkartearekin lankidetzan.
Obra batzuk euskaratu dituzu bide horretatik. Zer prozedura izaten dute lan-eskariek?
Urtero, literatura unibertsaleko lanen zerrendatxo bat lehiaketara ateratzen hasi ziren. Aurkeztu nintzen, eta hala esleitu zidaten James Joyceren Artistaren gaztetako portreta, 1992an argitaratua. Literatura-itzulpen gehienak horrela egin ditut gero, sail berean. Bolumen literario asko ez daukat itzulita, baina pisu edo fama handikoak dira.
Gainontzean, zer itzuli duzu?
Ematen zidatena: eskola-liburuak, unibertsitaterako legeak… EHUk ateartzen zuen ZIO Zientzia Irakurle Ororentzat bilduma, zientzia dibulgaziorako, eta horrako hiru liburu itzuli ditut.
Legeak ere euskaratu dituzu? Denetik, beraz.
Tokatzen dena. Garai batean, zeinek esango zuen legeak itzuliko nituenik! Animatu nintzen, eta beste mundu bat ezagutzeko aukera izan dut. Zeren beste mundu bat da legeena.
Idiazabaldarra zara zu.
Egileor baserrikoa. Batxillerra egin, eta 18 urterekin irten nintzen etxetik eta herritik. Harrezkero, kanpoan bizi naiz, orain Donostian. Idiazabal ez daukat saltzeko, hala ere; ezta gutxiago ere. Ez daukat erlazio handirik herriarekin, zoritxarrez; baina astero joaten naiz baserrira, aita bizi dugulako. Nongoa naizen galdetzen badidate, beti idiazabaldarra naizela esaten dut, hori bai.
«Itzulpena interpretazio bat da azkenean. Ahalik eta zehatzen egiten saiatu behar duzu»
«Itzultzaile oso onak daude, ezein idazleren ondoan inolako lotsarik ez daukatenak»
Atzerrian ibilia zara.
Parisera joan nintzen. Udan irteteko gogoa izaten zen orduan… Bi urte eskas pasatu nituen, eta frantsesa poliki ikasi nuen. Handik etorri eta alfabetatu egin nintzen. Franco hil berritan, boom handia zegoen euskara ikasteko; mundu guztia hasi zen, eta sekulako irakasle premia zegoen.Euskaltzaindiak orduan ematen zuen titulu bat atera, eta irakasle ibili nintzen urte askoan. Patxi Altunaren metodoarekin hasieran; hainbat akademiatan, Donostiako Udalean udaltzainei ere eman genizkien klaseak, partikularrak asko eman ditut…
Ingelesa non ikasi zenuen?
Irlandara joan nintzen, eta han 9 hilabete pasatu nituen. Handik etorritakoan hasi nintzen itzulpegintzan.
Hizkuntzak gogoko, beraz.
Gogoko nituen. Egia esan, hainbat gauza nituen gogoko, ez neukan ‘hauxe egin behar dut’ buruan. Bizitzak eraman nau hemendik eta handik. Itzulpenera ere bai. Egin nuen lehen itzulpena, konturatu gabe itzuli nuen. Irlandan nengoela, Byronen poema bat itzuli nuen, lagunei bidaltzeko. Baina ez nintzen kontziente itzultzen ari nintzenik ere; ez nekien non bukatuko nuen.
Beti ingelesetik euskaratu izan duzu?
Frantsesa ikasi nuen institutuan, orduan ohikoa zen bezala. Gure urteetakoak izan ginen azkenak frantsesa ikasten. Parisen landu nuen gero. Frantsesa, teorikoki, ingelesa baino hobeto dakit. Ondoren, itzulpen denak, dudarik gabe, ingelesetik egin ditugu, edo gaztelaniatik. Telebistako serie denak ingelesez ziren.
Literaturan ere hegemonikoa ingelesa da?
Bai, dudarik gabe. Oraindik, behintzat, ingelesak leku handia dauka munduan; edo zeukan, Txinak jaten gaituen arte. Mundua zabaldu egin da, eta orain desberdina da. Itzulpengintza eta itzultzaileak asko aldatu dira 30 urtean. Guk ingelesa eta frantsesa genekien, eta uste genuen zerbait ginela. Orain jendeak dozena erdi bat hizkuntza dakizki, erraz. Munduari buelta eman dioten gazteak daude, ikasketa handiekin, karrera bat ez bada bi eginak… Orain literatura edozein hizkuntzatatik itzultzen da euskarara.
Bi Euskadi Sariren jabe zara: 2000n Joyceren ‘Dublindarrak’ eta 2018an Emily Bronteren ‘Gailur ekaiztsuak’ lanekin.
Bolumen askorik ez, baina bi sari baditut, bai [barrez]. Zerbait ondo egingo nuen. Aurten ikaragarrizko oihartzuna eman didate, gainera. Sariak baino gehiago poztu naute ia epaimahaikoek esan dituztenek.
Nondik hasten zara itzultzen?
Hasieratik hasten naiz.
Eta zein da hasiera?
Liburuari begiratu bat eman, irakurri… Zer edo zer ezagutzen duzu. Buruan imajinatzen duzu historia, eta euskaraz nola jarri. Azkenean, itzulpena interpretazio bat da, eta ahalik eta zehatzena egiten saiatzen zara. Taxutzea eta tonuari eustea izaten da gakoa; berriz irakurri, aldatu, buelta eman… Iruditzen zaizun arte, edo epea agortu zaizula esaten dizuten arte. Sekula ez zara gustura geratzen, baina zure burua gustura samar ikusten ez duzun arte, ez da bukatzen.
Itzulpengintza atzenduta dago literaturaren oihanean? Euskararen kasuan, zer iritzi duzu?
Konparazioan, atzean geratzen da. Orain arte kexa zen euskara zurruna zela, ortopedikoa. Gu [itzultzaileak] ere malgutu gara, badakigu idazten, eta oso ondo idazten dugu. Gauzak badoaz, baina oso poliki. Orain euskal idazleak lehen baino gehiago daude, eta horiek ere irakurri behar dira. Aldiz, irakurle gutxi dago. Orduan, itzulpenak irakurtzeko ez dago denborarik, ikusgarritasuna galtzen dute. Pena da, zeren itzultzen dugun obra garantia guztikoa da: oso onak dira, literatura unibertsala da, munduan zeharreko literatura onena. Ez da zertan beti literarioa izan beharrik: biografiak, feminismoaren ingurukoak… ari dira itzultzen. Eta itzultzaile on-onak daude, ezein idazleren ondoan inolako lotsarik ez daukatenak.