San Blas egunean –otsailaren 3an–, txirrindulari lasterketa izaten da kuadrilla eguneko giroa berotzen hasteko ekitaldi nagusietako bat. Urte askotako ohitura da: Luistarrek antolatzen zuten garai batean eta gaur egun, Txirrindulari Taldeak. Haurren txanda izaten da lehenengo, 10:30ean, eta helduena ondoren, 11:30ean.
Hainbat urteetan txirrindu proba antolatu gabe ondoren, 1987. urtean berreskuratu zuten Idiazabalen San Blas txirrindu lasterketa. Aurten, aro berriko 31. a jokatuko da, 1999-an eta 2003an ez baitzuten antolatu; azken urte horretan, herri sarreran egiten ari ziren obrak zirela eta, asfaltatze lanak ez zirelako lasterketa egunerako amaitu.
Lau lagunek hiruna aldiz
Aitor Garnikak irabazi zuen aro berriko lehenengo proba. Hiruna aldiz txapela jantzi duten lau txirrindulari daude: Xabier Intxausti, Migel Mari Imaz, Urtzi Etxeberria eta Aitor Zuriarrain. Emakumezkoetan, berriz, Lurdes Intxaustik lau aldiz irabazi du eta Inma Aranburu bost aldiz. Aitor Zuriarrainek gogoratu duenez, Xabier Intxausti eta Guillermo Urrestarazu izango dira lasterketa guztietan edo gehienetan parte hartu eta bukatu duten idiazabaldarrak.
30 kilometro inguru
Zazpi itzulitan 30 kilometro inguru osatu behar izaten dituzte txirrindulariek: plazatik abiatu, Benta Txikiraino joan eta handik herriko beste muturreraino, Ampoko biribilguneraino joaten dira berriz ere plazara itzultzeko. «Aldaparik ez, baina esprint asko daude tartean eta horrek gogortzen du», zehaztu du Zuriarrainek.
Izan ere, podiumeko lehenengo hiru postuez gain, esprint bereziak jokatzen dituzte: «2., 4. eta 7. itzulietan plazatik lehen postuan pasatzen direnen artean puntuak banatzen ditugu. Ikusteko biziagoa da». Mendiko saria ere izaten da, Benta Txikin. «Amporen saria baldin badago, Ampo gora igotzen gara».
Parte hartzea areagotzea dute antolatzaileek erronka, batez ere neskena: «Garai batean jende gehiagok parte hartzen zuen, herrikoiagoa zen; mozorrotuta ere ateratzen zen jendea. Azkeneko urteetan ez da neskarik atera. Beraz, parte hartzera eta ondo pasatzera animatu nahi digu idiazabaldarrak». Dena den, haurren kasuan bestelakoa da egoera: «Bai neska eta bai mutil askok parte hartzen dute. Iaz 80 inguru atera ziren».
Irabazleen zerrenda
-
1987. Aitor Garnika.
- 1988. Jose Luis Mujika Del Rio.
- 1989. Xabier Mintegi.
- 1990. Xabier Intxausti eta Lurdes Intxausti.
- 1991. Jose Luis Mintegi eta Lurdes Intxausti.
- 1992. Lake Oiarbide.
- 1993. Jose Luis Mintegi.
- 1994. Xabier Intxausti eta Lierni Galarraga.
- 1995. Xabier Intxausti.
- 1996. Aimar Reparaz.
- 1997. Alejandro Vicuña.
- 1998. Jon Iparragirre eta Lide Larrañaga.
- 2000. Oinatz Munduate eta Ainara Garnika.
- 2001. Migel Mari Imaz.
- 2002. Migel Mari Imaz.
- 2004. Guillermo Urrestarazu.
- 2005. Migel Mari Imaz eta Lurdes Intxausti.
- 2006. Urtzi Etxeberria eta Lurdes Intxausti.
- 2007. Mikel Lasa eta Inma Aranburu.
- 2008. Urtzi Etxeberria eta Inma Aranburu.
- 2009. Urtzi Etxeberria eta Inma Aranburu.
- 2010. Arkaitz Arzelus eta Inma Aranburu.
- 2011. Aiert Zufiria.
- 2012. Unai Santos.
- 2013. Jon Urteaga Delgado, eta Ana Mujika eta Jon Tamarin tandemean.
- 2014. Aitor Zuriarrain eta Inma Aranburu.
- 2015. Aitor Zuriarrain.
- 2016. Aitor Zuriarrain.
- 2017. Iñaki Etxeberria.
- 2018. Mikel Lasa.