Inaxio Usarralde
Aste honetan Gara egunkariaren proiektua kinka larrian dagoen albistea eman dutenean, erraiak dantzan jarri zaizkidan, Joxepa, eta oroitzapenen kutxa zabaldu zaidan.
Hogei urte pasa ditun Egin egunkaria eta irratia itxi zituztela Baltasar Garzon epailearen aginduz eta Jose Maria Aznarren gobernuaren bultzada argiaz. Emozionalki kontraste handiko egunak izan zitunan. Gogorra dun, espero ez dela, hire lanbidea kolpetik galtzea, noraez batean geratzeraino… Lehenik, irakurleen eta entzuleen berotasuna zetorkidan, lehen unetik kalera atera baitzitunan injustizia hura salatzera. Bigarrenik, kazetari elkarteen artean eta eremu politikoan nolako hoztasuna nabaritu genuen ere ez zeukanat ahazteko. Oso gutxik zabaldu zitenan ahoa gehiegikeria hura salatzeko. Handik urte batzuetara, 2009an, Egin-en itxiera legez kanpokoa izan zela ebatzi zinan Espainiako Auzitegi Gorenak… itxi eta 11 urtera! Horri zer izen jarriko hiokeen? Isiltzea hobe dinagu…
Orain Gara egunkaria kinka larrian dun, zer eta Egin-ek Gizarte Segurantzarekin zuen zorra zuzenean Gara-ri egotzi ziolako Garzon epaileak 2003an. Epaile honek indar gehiago xahutu zinan hemengo independentzia zaleen gosea zapuzten, hori izan baihuen argi eta garbi Egin-en aurkako jukutriaren hondo-hondoko xedea, berak izendatu zituen administrari judizialek Egin-en ondarea nola zaintzen zuten ikustea baino gehiago.
Egoera honetan Leonard Cohenen esaldia zetorkidan gogora: «Batzuetan, beste aldean nor dagoen ikusita jakin daiteke noren aldean jarri».
Joxepa Madariaga
Aupa, Inaxio, eta animo! Egia, nik ere bihotzean sentitu nian Egin-en itxiera, ez hik bezain barrutik, baina bai gertu-gertutik. Legez kanpoko itxiera, Auzitegi Gorenak berak ere onartu zuenez, berandu batean. Injustizia, horixe izan huen; eta oraindik ere arrastoa, arrasto beltza uzten ari zaiguk, injustizia injustiziaren gainean. Egunkariak, irratiak, komunikabideak itxi eta berriak sortzeko talentua eta indarra badiagu euskaldunok. Hori frogatua zagok. Egurra jaso arren, aurrera egiten diagu. Egin-en ondoren Gara. Euskaldunon Egunkaria-ren ondoren Berria… Ez gaituk makalak, horratik!, askatasun adierazpenik ez den lurralde honetan. Garzonek eta Aznarrek eman berri diguten jipoia handia duk, baina burua jaso eta aterako gaituk zulo ekonomiko honetatik ere, bai horixe!
Burua jaso tente eta aurrera!, baina pentsatuz. Pentsa ze garrantzitsua den komunikazioa, ze garrantzitsua ondo informatuak egotea, ze garrantzitsua begiak ondo zabaldu, gertatzen dena ikusi, buruko errota lanean jarri eta pertsona kritikoak, argiak sortzea, herritarrak heztea. Horixe izan huen Egin egunkaria 1970eko hamarkadan guretzat, askatasun egarri geundenontzat, heziketarako iturri. Gu oraindik umeak gintuan, baina etxeko helduagoengandik jaso genian mezua. Mezua jaso, geure erara ulertu, eta ahal izan genuenean, proiektuan txertatu, taldeko kide egin.
Elkartasuna. Beste behin, jendearen erantzuna ona izango duk, baina, eta erakundeena? Arlo politikoak hotz jarraituko dik? Ezetz espero diat. Injustiziari erantzungo ahal zioagu!
Gora bihotzak!