Aspaldiko usadioa da sagardo edate herrikoia elkarteean, barrikan eramana. Bost soziedadetan segitzen dute.
Sagardo barrikoteak modu egituratuan eta sistematikoan egiten herri bakarra da Lazkao. Elkarte gastronomikoetan aspaldiko ohitura da, sagardoa ontzeko garaian, nolakoa datorren lagun artean probatzeko oturuntza bereziak egitea.
Bost soziedade herrikoienetan egiten dute barrikotea, gaur egun. Lazkaomendiko Lartxai elkartean aurreko ostiralean 45 bat lagun elkartu ziren. Urbitarteko sagardoa altzairu herdoilgaitzezko upel batean eraman, eta tira egin zioten.
Nolabait, sagardotegietako joera elkartera ekartzea da gaur egun barrikotearen egitekoa. Jateko ere, sagardotegiko menua izan zuten Lartxain.
Esparru elkartean otsailaren 15ean ospatuko dute aurtengo barrikotea. Behinola, sagardoa artean egosten ari zela ekarri ohi zuten, eta biltegian hartzitzen edukitzen zuten barrika, edaria ondu arte, tapa irekita.
Lartxaiz eta Esparruz gain, Gerriko (otsailaren 22an), Domarda eta Maizpi elkarteetan ere —iaz hasi ziren azken horretan— badituzte barrikoteak.