Itsason 24 bolatoki izan ziren, garai batean. Herriko ondare ‘txikia’ biltzeko egitasmoan, duela hiru urte ondu zuten katalogoa. Jendea biltzen zen guneez gain, baserri askotan eraiki zituzten bolalekuak. Kizkitza gainean ere bazen.
Herri txiki baten ondare txikia zein handi eta aberats izan litekeen erakusten du Itsason 2016an aurkeztu zuten Bola jokoa eta bolalekuak Itsason lanak. Pilare Muxikak eta Anttoni Okarizek egina, herrian behinola 24 bolatoki izan zirela jaso zuten, lan etnografiko eskergan. 32 orrialdeko txostena Itsasokoargia blogean dago.
Bolatokiak ezagutu eta erabili zituzten itsasoarren testigantzak, 1954ko airetiko argazkiak, toponimia («bolategi-aldea», «bolalekualde») edo aztarna fisikoak erabili dituzte. Bolatoki bakoitzaren fitxan, izena, kokapena, koordenatuak, zeren ondoan zegoen, jabetza, gaur egungo egoera, tipologia, materialaren gordelekua, bolarien aipamenak eta jakingarriak bildu dituzte.
Publikoak eta pribatuak zeuden. Jendea elkartzen zen tokietan zeuden bolatokiak: herriguneetan (Itsasoko kaskoan, Alegian, Zozabarro aldean), erromeria lekuetan (Kizkitza), taberna inguruan (Zozabarrotxiki, Mandubiako Benta…), eta herri-bideen ertzetan.
Hamar baserritan ere bai
Baina baserrietako bolatokiak ere ugari ziren. Etxeetako 10 bolatoki katalogatu dituzte, bolatarako zaletasun handiak eginarazita, entrenatzeko edo etxekoek nahiz ingurukoek jokatzeko. Mendeun, Atinzabal, Atingoena, Zabalegi, Kamioetxeberri, Ibur, Urkulegi, Egiluzeazpi, Albitsu eta Goene baserrietan baziren bolalekuak.
Kizkitzan ere bazen. 1934an plaza zabaldu zenean, ez zen mantendu. Lehenago, bi izan ote ziren ere errezeloa dute, aditzeraz bakarrik jasota.
Herriko bolatoki zaharrena Eliza Atzekoa izan daiteke; Alustiza etxearen 1851ko eskrituretan ageri da. Kaskoan bertan, beste bolaleku bat ere bazegoen, Goiko Ostatuaren gainaldean. Sanbartolometako lehiaketa ospetsua zen.
Itsasoko Ostatukoak eta Mandubiako Bentakoak bereziak ziren, 6 birlakoak. Erdiko ilararik ez zeukaten. Gainerakoak 9 birlakoak ziren. Mandubiako bolatokia, gainera, estalia zen; inguruko bakarrenetakoa zen teilatuduna.
Behin, Joxe ‘Exkerra’ errezildarrak ontzako urrea jarri zuen, apustutarako. Zozabarrotxikiko Hermenegildo Ugarteburu egunero bizikletan joanez ibili zen, entrenatzera. Apustuaren egunean, aise irabazi zion.
Itsason, neskak pilotan ibiltzen omen ziren, bolatean ez. Hala ere, Oriako Joxepa Usabiaga bolari bezala «onartu» zuten, hark ikertzaileei kontatu zienez, «ondo moldatzen zelako». 1960ko hamarkadan hasi zen galtzen bola jokoaren ohitura, bizimodu berriak botata.