Lur gaineko RACVN Kopan parte hartzen dute Maitane eta Ekain Aizpurua anaia-arreba beasaindarrek, apirilaren 6an denboraldia hasiko dute. Iaz murgildu ziren autoen lasterketen abenturan eta aurten errepikatu egingo dute. Apirilaren 6an hasiko dute denboraldia eta iaz lortutako 10. postua hobetzen saiatuko dira.
Ekain beti ibili izan da era batera edo bestera autoen munduan, baina Maitanerentzat mundu berria da, nahiz eta gertuan izan duen automobilismoa: «Beti gustatu izan zait. Anaia hor ibili da beti eta mutil- laguna mekanikoa denez, beste erremediorik ez dut izan. Batek sartu dit harra eta besteak ere animatu egin nau». Behin erabakia hartuta, Bartzelonan ikastaro bat egin zuten anaia-arrebek, udako oporrak aprobetxatuz. Pilotuaren eta kopilotuaren arteko komunikazioa ikasi zuten: «Bihurguneak nola deskribatu eta abar. Esperientzia oso polita izan zen».
Pilotuaren eta kopilotuaren arteko konfiantza behar-beharrezkoa da Ekainen arabera: «Elkarrenganako konfiantza %100 baino gehiago eduki behar da. %100eko konfiantzarik ez baduzu, kolperik ez duzu hartuko, baina denborak oso txarrak izango dira, azeleragailutik hanka altxatuz joango baitzara. Oharrak ondo hartuta izatea, lasterketa batean, %50 baino gehiago da. Eta Maitanek izugarrizko abilidadea dauka horretarako».
Anaia-arreben artean ondo moldatzeak laguntzen die eginkizun berrian. Maitaneren esanetan, «oso ondo» moldatu izan dira beti. «Elkarrekin ordu asko pasatzen ditugu eta giro oso ona daukagu gure artean. Rallyetan konpenetrazioa behar da, eta hori badaukagu». Hori bai, haserretzen direnean, «anaia delako, filtrorik gabe botatzen duzu esan beharrekoa. Hala ere, alderdi positibo gehiago ditu anaia-arrebak izateak, negatiboak baino».
Maitaneren mutil lagunaren gomendioari jarraituz, RACVN kopan parte hartzea erabaki zuten, «kopa merkeenetako» bat delako: «Autoak ez du abiadura handiegirik hartzen eta ordezko piezak dauzkagu, kotxe gogorra da. Horrezaz gainera, bospasei karrera izaten dira denboraldian. Uztailean eta abuztuan atsedena izaten da, sute arriskuagatik».
Beste berezitasun bat ere badu RACVN Kopak: prestazio berdinak dauzkaten Ford Focus autoekin parte hartzen dutela guztiek. «Oso oinarrizkoa den autoa da, baina oso sentipen onak ematen dizkit. 100 zaldi eskas ditu, eta abiadura hartzen du. Kartekin-eta asko ibiltzen naiz, baina pertsonalki Focus autoak gehiago betetzen nau», adierazi du Ekainek. Gainera, autoari ezin zaio inolako aldaketarik egin: «Pisua, modeloa, motorra, suspentsioak, tubo eskapea… ezin da ezer ere aldatu. Ondorioz, segundo baten barruan hiru auto egotea gertatu da lasterketetan. Hori polita da».
Iaz lehenengo aldiz hartu zuten parten lur gaineko rally batean eta sailkapen orokorrean hamargarren postuan geratu ziren beasaindarrak. «Jende askok esan zigun lehenengo urtea izanda oso ondo ibili ginela. Lasterketa batean laugarren egin genuen».
Abentura ere bai
Lasterketarik gehienak Nafarroa hegoaldean izaten dira, eolikoak dauden tokietan. «Eolikoak dauden eremuetan bidetxurrak eginda egoten dira eta hori aprobetxatzen dugu askotan». 10-16 kilometroko zirkuituak osatu behar izaten dituzte, eta orientazioak eta abenturak ere badute tartea:?«Lur gainekoan ez da jakiten zein den ibilbidea. Koaderno bat ematen dute, ibilbide zehatz batekin, oharrak jarrita: 200 metrora hau ikusiko duzu, 300 metrora hau… Bakoitza dagokion orduan iritsi behar da; lehenago iritsiz gero penalizazioa izaten da eta beranduegi iritsiz gero ere bai. Galduz gero ere, penalizazioa izaten da».
Abentura bat baino gehiago izan dute lasterketetan. «Susto handirik ez dugu izan baina galduta ibili izan gara. Denetik gertatu zaigu. Behin, hiru zati desberdinetatik pasatu behar ginen, eta oharrak ere horrela geneuzkan hartuta. Baina bigarren itzulian hasi ginenean, lehengo zatiko oharrekin hasi ginen eta ibilbidetik atera egin ginen. Gero konturatu ginen lehenengo itzuliko oharrekin ari ginela».
Rallyaren aitzakian asteburu «desberdinak» pasatzen Aizpuruatarrek. «Helburua ondo pasatzea da, gure aisiadian, asteburuetan, zerbait desberdina egitea». Ama ere lasai geratzen da etxean. «Gustura eta gozatzen ikusten gaitu, eta horrek balio diola esaten du. Orain arte ez dugunez kolperik izan, berak lasai jarraitzen du. Lagun talde bat joaten gara eta ez da karrera bakarrik izaten, asteburuko plana da». Zumarraga, Urretxu eta Tolosako gidariak ere badira tartean, eta parte hartzaileen artean giro ona dutela azpimarratu du: «Giro sanoa dago gure artean. Hori bai, behin kaskoa jarritakoan, ez dago laguntasunik». Gero eta emakumezko gehiago dagoen mundua da automobilismoarena Maitaneren esanetan, «bai kopilotu eta bai gidari».
Zaletasun handia
Beasainen ere, automobilismoko zaletasun handia dago, azken bi urteetan Beasainen egindako motor asteburuak erakutsi duenez. Ekainek Erauskingo igoeran hartu zuen parte. Bestalde, iazko abenduan, aitortza jaso du Ekain eta Maitaneren lanak. 2018ko Beasain Kirol Sarietako Aipamena jaso zuten. «Sekulako poza izan genuen, ez genuen inondik inora espero. Lotsa pixka bat pasatzen da, baina ilusioa egiten du».