Maixabel Lasa (Legorreta, 1951) Terrorismoko Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendaria izan zen 11 urtez, 2001tik 2012ra. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren buru izan zen lehenengo legealdian sortu zuten bulegoa, eta jeltzaleek Lasari haren ardura har zezan eskatu zioten. Patxi Lopez sozialista lehendakari izan zen tartean ere lanean aritu zen. Juan Mari Jauregi, Maixabel Lasaren senarra, ETAk hil zuen Tolosan 2000. urteko uztailaren 29an. Hitz jarioa duen andre bizia da. Ez dago anbiguotasunik haren hitzetan, esateko duena barrutik esaten du eta esan ezin direnak gorde egiten ditu.
Zein izan zen zure lehenengo lanpostua?
Frantseseko batxilergoa egin nuen Tolosan eta Ikaztegietako arte grafikoen enpresa batean hasi nintzen lanean. Ilusioak nituen eta mundua aldatzeko gogoa. CCOO sindikatuan sartu nintzen langileen egoera hobetzeko, izan ere, enpresa hartan bazegoen zer hobetu. Handik bota ninduten. Legeek, 1973-1974. urteetan enpresari babesa ematen zioten. Inguruan lana bilatzen saiatu nintzen arren, ezinezkoa izan zen nire fitxa beste enpresetara bidali zutelako. Hala, Sendoa argitaletxean lana lortu nuen eta urteetan etxez etxe liburuak saltzen aritu nintzen. Bertsolaritzari edota arteari buruzko liburuak ziren. Gure soldata saltzen genuen liburuen araberakoa zen.
Gero Eusko Jaurlaritzak deitutako oposaketa modukoa egin nuen Aieteko Seminarioan. Azterketa hura egina nuela ahaztuta nuenean gainditu nuela zioen eskutitza jaso nuen. Hasieran Biztanleria Aktiboaren Inkestak egin nituen, gero lan inspektore lanetan aritu nintzen eta Osalanen nengoen Juan Mari hil zutenean.
Noiz ezagutu zenuen Juan Mari Jauregi?
Oso gaztetan. Legorretako mutilek Goierri aldera egiteko ohitura zuten eta neskek, aldiz, Tolosaldera. 16 urte genituela lagun taldean euskararen alde, antzerkian, kulturan, mendi irteeretan ibili ginen eta hor agertu zen bera. Agertu zenetik nire lagunik handiena izan zen. Nire konfiantzazko pertsona. Sekula ez da egon horrenbesteko konfiantza izan diodan pertsonarik nire bizitzan.
Oso goiz ezkondu ginen, 1975ean. Juan Mari Soziologia ikasten ari zen eta soldaduska ohi baino beranduago egin zuen. Ekainean amaitu zuen eta uztailaren 19an ezkondu ginen; nik nahita aukeratu nuen Ikaztegietako enpresatik bota ninduten egunaren urteurrena. Zibilez ezkondu ginen eta horrek arazoak zein gorabeherak sortu zizkigun. Gure amari ez zitzaion batere ongi iruditu. Nik ohartarazi nion hala izango zela, baina zaila egin zitzaion ulertzea eta nik ulertzen ditut bere zailtasunak.
Zergatik uste duzu egin zitzaiola horren ulertzeko zaila?
Diktadura parean genuen eta gu aldaketan inplikatuta ikusten gintuzten. Hasieran mundu abertzalean eta gero Alderdi Komunistan ibili ginen. Eskualdeko Mundo Obrero alderdiko arduraduna nintzen, Donostiara joaten nintzen gurean zabaltzeko aleen bila eta bidean kontrola bazegoen, autoa geratu eta egunkariak bide bazterrean ezkutatzen nituen berandugo haien bila itzultzeko. Izan ere, harrapatuz gero bazenekien zer zegoen. Garai latzak ziren, polizia sozialak edozein unetan, edozein tokitan kalean geratzen zintuen eta poltsoa irekiarazten zizuten. Zentzu horretan ongi ulertzen dut etxekoen kezka, ez baitzekiten non sartuta ote geunden. Nolanahi ere, ilusio handiarekin bizi izandako garaia izan zen.
Senarra bi aldiz kartzeleratu zuten.
Bai. Lehenengo aldiz Burgosko Prozesuaren harira izandako mobilizazioetan inplikatuta egon zelako. Basauriko kartzelan egon zen eta CCOO, UGT eta beste sindikatu batzuetako kideak ezagutu zituen.
Bigarrenez kartzelan egon zen banku lapurreta bat izan zela eta. Kuadrillako lagun batek beste lagun batzuekin Galdakaoko banku batean lapurreta egin zuten. Tiro batek ihes egin, eta laguna zauritu zen. Juan Mari Bilbon ikasten ari zen eta harengana joan ziren. Han harrapatu zituzten denak. Errazago irtetze aldera Grupo Accion Carlistakoak zirela esan zuten lapurreta egin zutenek nahiz eta polimilien ingurukoak izan. Bi milioi pezeta eraman zituzten eta irtetzerakoan karlistak zain izan zituzten bi milioiak non zeuden galdezka.
Nolako Legorreta zen garai hartakoa?
Oso politizatuta zegoen. Denetariko jendea zegoen: Mugimendu Komunistakoa, Langileen Erakunde Iraultzailekoak, Liga Komunista Iraultzailekoak, Alderdi Komunistakoak, Eusko Alderdi Jeltzalekoak, ETAkoak… Guztion arteko harremanak errespetuzkoak ziren. Gero gauzak okertuz joan ziren ETAren eraginagatik. Alderdi batzuek ez zuten onartzen ETAren jarduna, gu barne, eta horrek gaizki begiratuak izatea eragin zuen.
Juan Marik Alderdi Komunistan barrura begirako eginkizunak izan zituen. Gero, Alderdi Sozialistan kanpora begira aritu zen. Lehenengo zinegotzi Tolosan, gero batzarkide eta Gipuzkoako gobernadore azkenean.
Urte gogorrak ziren. Gobernadore izateko aukera izan zuenean ez al zuen zalantzarik egin?
Ez. Juan Mari animalia politikoa zen eta nik ez nituen bere erabakiak auzitan jarri.
Nolatan iritsi zen izendapena?
1994tik 1996ra arte izan zen Gipuzkoako Gobernadore Zibila. Felipe Gonzalezen azken agintaldian Juan Alberto Belloch Barne ministroa zen eta hark Maria Teresa de la Vega, Margarita Robles eta Paz Fernandez jarri zituen ministerioko buruan. Errenteriako alkate izandako Jose Mari Gurrutxagari dimitituarazi zioten eta Juan Mari jarri zuten haren tokian Intxaurrondoko Goardia Zibilaren kuartela iker zezan.
Jose Antonio Lasaren eta Jose Inazio Zabalaren gorpuzkinak identifikatu zituzten bera gobernadore zela.
Bai. Iñigo Iruinek epaiketan lekuko gisa deklaratu zezan deitu zion eta epaiketatik oso gustura etorri zela gogoratzen dut. Ordurako Txilen zegoen lanean. Akorduan daukat honakoa esan zidala: «ETAk edo Galindok, nork hilko nau?».
Pablo Malo zuzendariari lagundu nion Lasa eta Zabala filma prestatzen. Gero, ordea, pelikulan Juan Mari ez aipatu izanak penatu zidan. Gizon gaiztoak eta polizia gaiztoak agertzen dira, baina gobernadore ona ez da ageri.
Lasarena eta Zabalarena Cunbreko Palazioan gertatu zen. Juan Mari Jauregi gobernadore izan zen bitartean han bizi izan zineten.
Ikaragarria da han gertatutakoa. Gu han bizi izan ginen azken denboratan Lasaren eta Zabalaren senideak loreak jartzera joaten ziren, zeinen gogorra zen haiek leihotik ikustea.
Gobernadore izendatu zutenean, guk nahi baino diskrezio gutxiagorekin egin zuten eta Legorreta poliziez bete zen, palazioa ikustera eraman gintuzten hara aldatuko ginelako. Ezin ahaztu guardia zibil bat aurrean koadratu zitzaidanean burura etorri zitzaidana: atzora arte hauen aurrean korrika nenbilen. Rodrigez Galindoren begiradak ere hotzikara eragiten zidan. Eta Juan Marik bi urtez Pilarika egunean –urriak 12– diskurtsoa egin zuen Intxaurrondon eta bietan euskaraz egin zuen lehenengo bera euskalduna zelako, Legorretako euskaldun sozialista. Egia esateko, toki guztietan egiten zuen euskaraz eta sekula ez zuen bere moduan pentsatzen ez zuen edonorekin hitz egiteko arazorik.
Zuretzat nolakoak izan ziren Cunbren bizi izandako bi urteak?
Kristalezko kaiolan bizi izan ginen. Lagun asko pasa zen handik, bazkari zein afari asko antolatu genituen handik irtetea ez baitzen erraza. Bizkartzainekin joatea niretzat gogorretik gogorrena izan zen. Ez nuen bakarrik ezer egiterik eta gustuko nituen gauzak egiteari utzi nion.
Senarra zer edo zer gertatuko ote zitzaionaren kezkaz ikusi al zenuen?
Jose Luis Lopez Lacalle 2000ko maiatzaren 7an hil zuten eta Juan Mari Txilen zegoen lanean. Orduan kezkatuta ikusi nuen, gure etxeak errekara begiratzen du eta barrutik leiho-oholak jartzeko eskatu zidan. Nik uste dut berak bazuela zerbait buruan. Nik Txilera joateko aukera izan nuen eta han nengoela etxea pintatu ziguten, itu edo diana bat marraztu zuten. Lagunek zalantza egin zuten esan edo ez. Segituan kendu zuten. Ahizpa etxea zaintzen utzi genuen eta, gauzak zer diren, pintatu zutenak ikusi zituen.
Juan Mariren anaia saiatu zen batekin eta bestekin hitz egiten, baina ez zuen ezer lortu. Juan Mari hil eta anaia astebetera joan zen minbiziak jota.
Senarra hil zutenean Legorreta nola geratu zela esango zenuke?
Zerbait puskatu zen hemen. Pentsatzen ez nuen jendea etorri zitzaidan doluminak ematera, beste batzuen aurpegietan gorrotoa ikusi nuen. 2000ko urrian ekitaldia antolatu zen kiroldegian eta bazkaria plazan; plaza beteta egon zen.
Denbora gutxira jaso zenuen Terrorismoko Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendaria izateko eskaintza.
Urrian bertan Eusko Jaurlaritzak manifestazioa antolatu zuen ETA?ez lelopean. Bukaeran testu bat irakurtzeko eskaera egin zidaten. Garai hartan alderdien arteko adostasuna lortzea ikaragarri zaila zen eta sozialistak ez zeuden manifestazioarekin oso komentzituta. Nik baiezkoa eman nuen eta sozialistak gero batu ziren. Horren ondoren etorri ziren bulegoa zuzentzeko eskaintzarekin. Ni harrituta geratu nintzen. Juan Jose Ibarretxerekin eta Jabier Balzarekin elkartu nintzen. Nik uste nigan alderdien gainetik zegoen zer edo zer transbertsalagoa ikusi zutela.
Nondik hasi zineten?
Terrorismoaren biktimak babesteko lehenengo legea 1999an onartu zuen Madrilgolegebiltzarrak. Erreparazioa eta laguntza ekonomikoak bideratzeko baliabidea zen, kantitate minimo batzuk ezarri ziren. Terrorismoaren biktima guztiak hartzen zituen ustez, baina guk horrekin beste lantxo bat egin behar izan genuen eta txosten bat aurkeztu genuen hemengo legebiltzarrean GAL, Batallon Vasco-Español, Triple A?eta halako beste taldeek eragindako biktimen eskubideak aintzat har zitezen.
Aitzitik, ETAri ez zitzaion gustatu gu horretan hastea, euren sokako biktimak ziren. Komando bati aurkitutako paperetan nire izena topatu zuten, ez zegozkidan lorategietan sartzen ari nintzela-edo. Hala bizkartzainak jarri zizkidaten.
Jarraitu zenuten halere.
Laura Martinek asko lagundu zigun. Juan Carlos Garcia Goenaren alarguna da. Iparraldera joana zen soldaduska saihesteko eta GALek, erratuta antza, hil egin zuen. Martinek jendea bilatzen lagundu zigun. Dena zegoen egiteko.
Lehenengo jaurlaritzaren izenean deitzen nuela esaten nuen eta orain arte non egon zarete esaten zidaten hasieran.
Bulegoan lanean hasi zinen Juan Mari hil eta gutxira. Dolua egiten lagundu zizun?
Nire zauriarekin asko lagundu zidan. Lan talde oso ona osatu genuen. Asko ikasi nuen lankideengandik, bakoitzak bere ikuspegia zuen, eta,aldi berean, oso askeak izan ginen. Balza sailburuak ez zigun, halaber, inolako trabarik jarri.
Niri erlijioak ez dit ezertan lagundu, konpromisoak bai. Ulertzen dut jende askok erlijioari esker sufrimendua gainditu izana, haren laguntzaz. Ez da nire kasua. Nork bere oinarriak finkatuta ditu eta nirea konpromisoa da.
Biktimei Laguntzeko Bulegoan lan egin duzun tartean hainbat mugarri aipa daitezke. Adibidez, Memoriaren Eguna.
Familia batzuei inoiz omenaldiren bat egin zitzaien, baina beste batzuek ez zuten aitortzarik sekula santan jaso. Lehenengo eta bigarren mailako biktimak zeudela zirudien. Gu egutegiari begira jarri ginen eta atentaturik gabeko oso data gutxi zegoela jabetu ginen. Horietako bat zen azaroaren 10a. Memoriaren Eguna izendatu genuen. Ika-mika sortu zen, guk memoria bateratzailea nahi genuen, ez baztertzailea. Aurten ere PP ez da toki batzuetan egon, jarrera horrek botoak eman dizkie; gaia erabili da eta horrek usteldu egin du neurri batean.
«Garai hartan oso zaila zen alderdien arteko adostasuna»
«Juan Mari animalia politikoa zen eta ez nituen bere erabakiak auzitan jarri»
«Cumbreko jauregian bizi ginenean kristalezko kaiolan bizi ginen»
Eta Glencree-ri buruz zer?
Lan asko egin genuen udaletxeekin. Saiatu ginen norbait hilda suertatutako udaletxeetara joan eta han monolito bat edo zuhaitz bat edo dena delakoa jartzen, baina ikus zitekeen zer edo zer izan zedila nahi genuen memoriak bizirik iraun dezan. Memoriaren Mapa osatu genuen. Herri batzuetan bi aldeetako hildakoak zeuden eta ika-mikak egon ziren. Guretzat, halere, biktima guztiak ziren biktima. Hala, biktimak elkartzea interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen. Hemendik kanpo izan behar zela argi izan genuen, izan ere, hemen oraindik ETA desegin gabe zegoen, atxiloketak zeuden… Glencree (Irlanda) ezagutu eta toki ezin hobea iruditu zitzaigun, Irlandako gatazkan bakea eraikitzeko erabili den tokia da.
ETAko bost biktima eta GAL, Batallon Vasco-Español eta eskuin muturreko taldeetako beste horrenbeste biktima bildu genituen. 2007an elkartu ziren lehenengo aldiz. Biktima gehiagorekin jarri ginen harremanetan, baina alde bakoitzeko bost lortu genituen. Horretan ari ginela, ukitu genuen biktima haietako batek deitu zidan komunikabide batek Internet bidez egiten ari ginenaren berri ematen ari zela. Guretzat ezkutuan eta diskrezioz egitea ezinbestekoa zen. Komunikabidera deitu nuen gure asmoa bertan behera geratu zela esateko, biktimen aldetik ezetzak baino ez genituela jaso eta ez genuela egitasmoa gauzatuko. Gezurra esan nien, jakina.
Zeintzuk izan ziren topaketa haien ardatzak?
Guk bulegotik topaketa antolatu genuen, baina koordinazioa hiru adituren esku utzi genuen. Biktima bakoitzarentzat biktima izatea zer zen eta bakoitzaren mina elkar ulertzea izan ziren abiapuntua eta jomuga. Biktima bakoitzak bere burua aurkezten zuen. Pentsa nolako egoerak eman ziren. Batek goardia zibilek ezinikusia eragiten diotela esaten zuen eta hurrengoak goardia zibilaren alaba zela zioen. Giltza aurreiritziekin bukatzeko aukera izan zutela izan zen. Esate baterako, ETAren biktimek bizitza konponduta zutela uste zuten beste aldekoek, pentsio bat zutela bizitza osorako eta hori ez zen egia. Gezur asko eta pozoin asko egon da.
Glencree-n bigarren topaketa bat egin genuen eta besteak Espainiako toki ezberdinetan egin genituen. Topaketaz topaketa jende gehiago batu zen eta haiekin batera sufrimendu gehiago: torturatuak, bizkartzainekin zihoazenak, manifestazioetan edo kontroletan hildakoak… 2012an parte hartzaileek erabaki zuten gizarteari bost urte haietan egindakoaren berri ematea. Dokumentu bat sinatu zuten, non etorkizuneko elkarbizitzareko gutxienekoak ezartzen ziren.
Emakumezkoen presentzia nabarmena izan zen.
Emakume asko alargun geratu zelako. Horri buruz egin genuen hausnarketa. Biktima hitza bera femeninoan josten da. Emakumeok, oro har, sufrimendua jasateko gaitasun handiagoa dugula esango nuke, min fisikoa nozitzeko eta fisikoa ez dena ere bai. Hurkoarekin enpatizatzeko gaitasuna handiagoa dugula esango nuke eta hori Glencree-n lagungarria izan zen.
Eskoletan ere hasi zineten lanketa egiten. Herenegun programarekin piztu da berriro polemika.
2009an hasi ginen eta orduan ere zeresana eman zuen. Esperientzia oso polita izan zen. Testigantza biziak ematea garrantzitsua zela, eta hura ere ezkutuan eta diskrezioz, testigantza bizi haiek eskoletara eramaten hasi ginen. Egia da ika-mikak segitzen duela. ETAren historia azaldu eta zer esan, hor dago desadostasuna. Nik pentsatzen dut benetako historia kontatu behar dela eta hori egiteko ezin dela korrika egin, aitzitik mantso-mantso egin behar dela zauri asko zabalik baitaude. Nahiz eta urrats txikiak egin, ongi emandako pausoak izan behar dira, adostasun zabala oinarri dutenak.
Naturaltasunez kontatu behar da gertatu den guztia, mahai gainean jarri behar da berriro ez gertatzeko. Biolentzia deslegitimatzeko ez dago beste modurik, dena kontatu behar da. Une honetan biolentzia deslegitimatzeko aukera gehien dutenak dira egin zuten hori ez zela ongi egon konturatu direnak.
Bilera Konpontzaileak ere bultzatu zenituzten. Zu zeu Juan Mari hil zutenekin elkartu zinen.
Esperientzia oso gogorra izan zen eta oso harro nago hori egiteko gaitasuna izan nuelako. Baldintzak eman ziren topaketa horiek gerta zitezen. Madrilen gobernu sozialista zegoen, hemen ere bai. Mercedes Gallizo Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiko burua zen eta gure bulegoko lankide Txema Urkijok ere bide asko ireki zituen. Kartzelan presoen koletibotik bidalitako taldetxo bat bazegoen hausnarketa egiten, Nanclares bidekoak, eta haien aldetik gogo hori zegoela iritsi zitzaigun. Gu justizia konpontzailearen aldekoak ginen, ez ordea zigor-justiziaren aldekoak. Bergizarteratzearen eta bigarren aukerak ematearen aldekoa naiz. Horrenbestez, pertsona batzuk nirekin hitz egin nahi zutela eta bilera haiek prestatu genituen. Presoak eta biktimak elkartu ziren eta biktimen nahien arabera bitartekaria ere bileran egoten zen. Nik, adibidez, bitartekaria lagun nuela joan nintzen kartzelara, bizkartzainei bisita hari buruz tutik esan gabe.
Nola sentitu zinen?
Luis Mari Carrascorekin bildu aurretik pertsonalki ez zidala eragingo uste nuen. Bigarren aukeren aldeko konpromisoa nuelako eta elkarbizitzarako positiboa izango zela pentsatu nuelako joan nintzen. Alabaina, pertsonalki eragin zidan eta lagundu ere bai, zeren handik lasaiago atera bainintzen, hura laguntzeko gogoz. Ibon Etxezarretarekin ere izan dut hartu emana.
Errelatoaren borroka dago orain. Zuk zer diozu errelatoaz?
Herritar beste ikuspegi daudela gertatu denaz. Nolanahi ere, oinarri komun bat behar dugu.
Egin duzun lan guztian Juan Mari Jauregi senarra presente izan duzu?
Bai. Niretzat bera ispilu bat zen eta beti ikusi dut hor nonbait, atzean, ikusten eta buruarekin baiezko keinua egiten. Nik badakit alderantziz gertatu izan balitz bera ere kartzelako bilerara joango zela eta badakit berari tiroa jo aurretik minutu bat eman baliote saiatuko zela haiekin hitz egiten eta iritziz alda zitezen konbentzitzen. Juan Mari halakoa zen.