Ba al dakizu azkena?». «Aizu, entzun al duzu, zer dioten?». Seguruenik, halako esaldiak barra-barra entzungo zenituen han-hemenka, ezta? Marmarrean, txutxumutxean jardutea ezaguna baino ezagunagoa gertatu, da beti, guztion artean. Marmarra non, han kontua, hantxe jendeak hartaz edo honetaz aritzeko irrika. Horra hor era ezkutuan, isilean, lizunki, zalantzatik abiatuz, ziurra ez den ezer zabaltzen saiatutako berriketaldia. Mihi puntan zerbait duenak berori kosk egin baino, azaleragailua sartzea nahiago, izan ere, Andy War-hool-ek zion bezala, «Nork galdu nahiko luke bere loriazko minutua?».
«Loriazko minutua…» edonori, edozein modutan gaitz egiteko? Ez dut uste halako merezimenduz egiteko ezer denik, ezta loriatzerainoko ekimen txalogarririk, baina askorentzat eguneroko ogia da hauxe, ezinbesteko jaki gozoa. Horretan ari denak beti bestea du hizpide eta jakinbide, ez du beste ezertan denbora emango, alegia, bere buruaz arduratu baino, jakinminak bere barrua du aztoratuko, eta xehetasunik nimiñoenak jakin arte ez du etsiko. Mihiaren dantzaz esandakoa egoki neurtzen ez bada, erne! Zerbaitegatik sugeak miztoa du, erleak eztena, eta gizakiak, ezten miztoa: mihia.
Mihia dantzan hasi, erruki gabe astinduz jardun, eta bai, bada jendea maiseatzeko listurik! Zein ederki zion batek: «Mihia lanean jarri aurretik, jar ezazu garuna ekinean»; ondo esandako esapidea da, jakina, ezer esan baino lehenago, zuhurtziaz jokatu behar du norberak, eta autokontrola handia izan behar. Izan ere, mihia dantzatuz besteaz ari garenean, ez al gabiltza gure ahulezia eta ezintasuna erakusten ari? Garbi dago, horrelako ekintza makurretan jarduten denak beldurra duela oinarri, pentsamendu onik ez berataz, eta bere ezinegona ezin baretuz kudeatu ezineko zabarraldia besteekin partekatzen duela, ezer lagunduko diolakoan, baina argi dago arazoa ez dela konpontzen, beldurrak norberaren baitan jarraitzen duelako.
Egia da askotan gutaz zer dioten garrantzi handiagoa ematen diogula gu, zinez, garenari baino, horren erakusgarri da fina eta ederra iruditzen zaidan honako esaldia: «Ardura zaitez gehiago zure kontzientziaz, zure ospeaz baino; zure kontzientzia zeu baitzara, eta ospea besteek zutaz pentsatzen dutena». Argi dago, autoestimu on eta nortasun tinkoa erakusteko gure kontzientzia egoki sendotu beharreko ezer dugula, bestela zer litzateke hau? Ziurdanik, besteen nahia asetzeko bide arriskutsua . Badago hala bizitzerik?
Beldurrez elikatu nahi dugun gizarte bat bizi dugu, etengabe, komunikabideak, politikariak beldurraren kiratsa zabaltzen ahalegintzen dira, botereak berori bultzatzen du etengabe, eta geuk haien predikuak, nahita edo nahigabe, berbalapikoen antzera, zabaltzen ditugu, propaganda merkea haiei eginez. Interneten eremuan, zer esanik ez, sare sozialak, pertsonak beren artean konektatzeko diseinatutako inguruneak izanda, edukiak eta interes komunak zabaltzeko bide diren bezala, jendearen inguruan gaizki esaka aritzeko ere badira, eta gizateria zabal baten joerak bideratzeko tresna aproposak.
Belarririk duenak adituko du, begirik duenak egoki behatuko, baina itsumustuan ibili nahi duenak nekez emango dio garrantzia honi guztiari, bere itsukeriak harrapatuko du bera bere atzaparretan. Larrutzeko erabiltzen den denbora eta listu guztia eraikitzen erabiliko balitz, beste kuku batek joko liguke, honezkero proiektu eta egitasmo asko aterako lirateke horrelako berbaldi luze eta bizietatik, eta zinez, eredu polita litzateke honako bidea jarraituko bagenu guztiok.
Hor dago lekukoa eta hor ere urratu beharreko bidea, uzkurtzen gaituen beldurrak ez gaitzala, behintzat, kokildu, berari men egin baino, elkar hartzea eta bizikidetza sustatzen dituzten jokabideak onar ditzagun. Ea dugun adorerik hori guztia egiteko eta ekiteko, zeren bestela, «Badakizu zer dioten, ezta?», «Ez al dakizu azkena?» esanez, azkengabea den soka luzatuko baituzu, eta soka horren amarruan zeu galduko zara. Gure larru-barruei eskaini nahi ez geniekeena, ez diezagula, gutxienez, besteei opa. Zorte on mentura honetan!