
Ordiziako Kaldereroen konpartsa, 1923. urtean. Argazkia Filipinak kalearen hasieran ateratakoa da, Beti-Alai pilotalekuaren eta zuhaiztiaren artean. Goiko lerroan, musika bandako kideak ageri dira.
Denboran oso atzera egin beharra dago Ordiziak Kaldereroen konpartsekin eta Inauteriekin duen loturaz aritzeko. Ohiturari eustea lortu dute, etenak eten.
Inauterien atariko festa modura dira ezagunak Kaldereroak. Ingurumari honetan, Donostia izan zen jai hori ospatzen lehena,orain bi mende, Kandelari egunez. Musika banden eta abesbatzen kalejirak, eta konpartsen desfileak zituen oinarri. Festa haiek eredu hartuta hasi ziren Ordizian ere ospakizun horrekin.
El Pueblo Vasco egunkariaren Ordiziako berriemaile J. Beitiak piztu zuen txinparta 1923ko otsailaren lehenean argitaratu zuen artikulu batekin. Ordiziako inauteriak aspergarriak zirela, eta gazteak inguruko herrietara joaten zirela zioen, udalari mugi zedin eskatzearekin batera. Eta mugitu zen, mugitu zenez.
Hamar egun beranduragorako, Inauteri Iganderako, egitarau betea antolatu zuten: Musika Bandaren kalejira (09:30); Orfeon Villafranquesak abestutako meza (10:00); Kalderaroen konpartsen irteera (11:00) –ikus argazkia–; bigantxak plazan (16:00);?iluntzeko kalejira, gaueko dantzaldia eta Casinoak egunerako antolatu ohi zituen bi dantza. Handik gutxira, kronista berak harrotasunez kontatzen zuen egun haietan bizitakoa.
Aldika-aldika, gaur arte
Denen ustekaberako hurrengo urtean ez ziren ospatu –hainbat arrazoi aipatzen dira–, eta 1925ekoak ere xume joan ziren. Hainbat berriemalek jasoa dute 1934an ere ospatu zirela, eta gero eten luzea etorri zen –36ko gerra eta Frankismoa–. 1988an berreskuratu zituen talde batek Kaldereroak, eta 2010etik hona sustraitzea lortu du, Zozomikote pertsonaia gidari dutela.