Gipuzkoa Encounter topaketa martxoaren 22tik 24ra egingo dute, Tolosako Usabal kiroldegian, eta asteartetik egin daitezke erreserbak. Hilabete falta da oraindik, baina izena emateko azkar ibili behar da, berehala betetzen baitira tokiak. 400 lagunentzako tokia dago, eta parte hartzaile bakoitzak 40 euro ordaindu behar du.
Aurten 13. edizioa beteko du Euskaltelek eta Tolosako Udalak elkarlanean antolatutako topaketak. Parte-hartzaileek sare lokala eta Interneterako konexio azkarra izango dituzte, baina norbere ordenagailua eraman behar dute.
Open gunea
Topaketarekin batera, Open Gunea ere jarriko dute, laugarren urtez. Kontsolak, tailerrak eta bestelako jarduerak izango dira bertan. Gune irekia eta doakoa da, eta izenik eman gabe sartu daiteke bertara. Hilaren 22 eta 23an egongo da zabalik, 10:00etatik 22:00etara.