Marilu Gardokik eta Xabi Akizuk hainbeste lan egin eta gero eraikitako nekazal proiektua ez da desagertuko erretiroa hartzen dutenean. Eneko Solana gazte legazpiarrak eta haren ama Itxaso Olabidek emango diote jarraipena Itsasoko Hariztizabal baserriari, Kepa aita eta bikotearen laguntzarekin. Erreleboa gauzatzear da datozen asteetan, frutazaintza eta ogigintzarekin jarraitzeko asmoa dute.
Arrasatekoak, «kaletarrak» ziren Xabi eta Marilu, baina duela 40 bat urte baserriaren aldeko apustua egin zuten, eta bila ibili ondoren, Itsasoko Hariztizabalekin egin zuten topo. Lagunen eta bizilagunen laguntzarekin konpondu, eta haien bizi proiektua izango zena jarri zuten martxan bertan; 24na urte zituzten.
Garai hartan, baserriaren etorkizuna espezializazioaren bidetik zetorrela esaten zen, jarduera intentsibotik:?esnerako edo haragirako behiak, ardiak, gazta, baratzea… Baserritar berri haiek espezializazioaren alde zeuden, baina ez zuten jarduera intentsiborik garatu nahi, baizik eta «ekologikoa, kontsumitzaileekin harreman zuzena ahalbidetzen zuena eta elkarlanean oinarritzen zena»,?Akizuk azaltzen duenez. Hala, lehen urteetan hainbat jarduera probatu ondoren, eta Biolur edo okin ekologikoena bezalako elkarteen sorreran parte hartu ondoren, «ogigintzaren eta frutazaintzaren alde» egin zuten. Hirugarren zutabe bat erantsi zioten nekazal proiektu hari: euskaltegi, ikastetxe eta beste taldeen bisita didaktikoena. Gero, plaka fotovoltaikoen jarduera etorri zen, laugarren adarra.
Erreleboaren beharra
Behin proiektua sendotuta, «Hariztizabal errentagarri izaten» hasi zela gogoratu dute, eta hala izan da azken 25 urteetan. Baina Gardokiri eta Akizuri «erretiroa» hartzeko garaia iritsi zaie, eta horrekin batera, baserriaren eta hainbeste esfortzurekin eraiki zuten nekazal proiektuaren etorkizunari buruzko hausnarketa. Izan ere, etxekoek –bi seme dituzte– ez zuten jarduerarekin jarraitu nahi eta proiektua desagertu ez zedin alternatiba bat behar zuten.
Hala, Hariztizabalen lantzen diren jarduerekin jarraituko luketen pertsona edo pertsonen bila hasi ziren, eta Legazpin aurkitu zituzten. Herri horretan Hariztizabalek duen kontsumo taldeko kideak ziren Itxaso Olabide eta familia, eta salerosketa proiektu haren bitartez ezagutu zuten elkar.
Legazpiarrak ere kaletarrak dira, eta beti iruditu zaie interesgarria baserri mundua eta kontsumitzaileekin sortzen den harremana eta gertutasuna. Hariztizabal bera ere gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Akizuk eta Gardokik opor eta deskantsu tarte bat behar zutela eta, kontsumo taldean planteatu zuten, eta familia legazpiar hau prest agertu zen atsedenaldi hartan Itsasora joateko. Hura izan zen Hariztizabal baserrira egin zuten lehenengo hurbilketa, eta gero beste bat etorri zen. Bigarren egonaldi hartan Eneko semea ere elkartu zitzaien eta hari ere baserriarekiko grina piztu zitzaion. Iazko udaberria zen.
Eneko Solanak txikitan ezagutu zuen Hariztizabal, ikastolarekin izanda zegoelako ogigintza tailerrean; «oso oroitzapen onak nituen», dio. Errelebo bila zebiltzala jakin zuenean, bera prest zegoela adierazi zien, eta berehala hasi zen guztia martxan. Orduan baserritar gaztea oraindik lantegi batean zebilen, eta lan harekin partekatu zuen denboraldi batean baserriko lanen ikasketa prozesua. Halako batean, baina, lantegia utzi eta buru-belarri murgildu zen nekazal proiektuan Akizuk eta Gardokik gidatuta, eta ordurako bere lana ere alboratu eta bidelagun izango zuela erabaki zuen Itxaso amarekin batera.
Orain arteko jarduerekin jarraituko dute Solanak eta Olabidek, hau da, frutazaintzarekin eta ogigintzarekin. Marilu eta Xabi izan dituzte ondoan orain arte, erakusten, baina «hanka bat kanpoan» dute dagoeneko, Nafarroa aldera joatekoak baitira. Martxoaren 30ean utziko dute Hariztizabaleko lana behin betiko, eta apirilaren 1etik aurrera Legazpiko familiak hartuko du erreleboa.
Gizartearen inplikazioa
Prozesu honetan guztian Hariztizabaleko jabeek izan dute non begiratu, Iparraldean gai horren inguruan lan egiten duen Lurzaindia elkartean alegia. «Lurzaindiak egiten zuen lana ezagutzen genuen, eta haiengana jo genuen laguntza bila». Han erabiltzen duten transmisio sistema da hain zuzen hemen aplikatu nahi dutena. Hala, Itsason gauzatzen den nekazal proiektu honen erreleboarekin batera, Hegoaldean ere elkartea zabaltzeko lehen urratsak egin dituzte.
«Geroz eta gehiagok ikusten dute erreleboaren beharra, baina irtenbidea ez da erraza», dio Xabi Akizuk. Baserri batean diru eta lan urte asko dago inbertituta eta alde egin nahi duenak hori berreskuratu nahi du, eta kanpotik datorrenak, berriz, inbertsio handia egin behar du. Irtenbidea Lurzaindiak erabiltzen duen formulan egon daitekeela uste dute Hariztizabalen inguruan elkartu diren bi familiek. Zein den? Gizartearen inplikazioa:?«Baserriaren etorkizuna bermatzea ez dagokio baserritarrari bakarrik;?gizarteak balioa eman behar dio baserriari eta bereganatu egin behar du bere ardura ere badela».
Lurzaindiak jarduera utzi nahi dutenen baserriak eta lurrak erosten ditu eta lan horretan hasi nahi dutenen eskura jartzen ditu. Erosketa egiteko jaialdiak eta diru bilketa kanpainak egiten ditu erakundeak, kaleko jendearen, enpresen, administrazioen… laguntza eskatuz. Izan ere, denok ulertu eta barneratu beharrekoa da, Akizuren ustez, baserria ez dela errentagarria, «baina gure nortasunaren zati bat da eta gure elikaduraren oinarria», eta horregatik babestu egin behar da.
Lurzaindia Hegoaldean martxan jartzeko lehen urratsak eginak daude dagoeneko. Prozesu luzea izango dela diote, baina baserriaren etorkizuna argiago ikusteko balioko duelakoan daude.
Hariztizabalen produkzioa handitzeko asmoak
Gogoz beterik iritsi da Eneko Solana Hariztizabalera, eta bertako jarduerak eta produkzioa handitzeko proiektuak ditu esku artean.
Frutazaintzaren alorrekoa da bat. Fruta txikien ekoizpenarekin hasi nahi du:?mugurdiak, andere mahatsak, ahabiak eta masustak. Lur egokia badute, landare horiek behar duten azidotasunarekin. Orain landatu eta hemendik zazpi urtera produkzioa bete-betean izango dela aurreikusten dute.
Bestetik, arrautzetarako oiloak eta oilaskoak ere jarri nahi dituzte.