Osagaiak
(2 pertsonentzat)
- 500gr-ko abakando
- Porru bat
- 100gr tronpeta perretxiko
- 2 arrautza egosi
- Letxuga
- Olioa
- Limoi zukua
- Gatza
Prestaketa
Ura irakiten jarri, gatza gehitu eta bertan abakandoa egosi. Hoztu ondoren haragi guztia atera.
Abakandoaren buru aldetik ateratako mamia ontzi batean jarri ondoren, gatza, limoi zukua, olioa eta arrautza egosi txikitua gehitu. Guztia ondo nahastu eta gorde.
Zartagin batean olio pixka bat jarri ondoren, txiki-txiki egindako porrua eta tronpeta perretxikoak batera gehitu eta arin frijitu.
Plater handi batean letxuga desberdinekin oinarria egin. Gainean perretxiko eta porru frijitua gehitu, eta horren gainean abakandoaren buztana xerratuta jarri, argazkian ikusten den moduan.
Gainetik limoi-olio saltsa bota eta jateko prest dago.
Korta, Gabiriako ‘klasikoa’
Goierriko jatetxe klasikoa bihurtu da Gabiriako Korta. Inaxio Soraluzeren gidaritzapean, Lontxo Ormazabal gabiriarra da bertako sukaldaria. Jatetxe handia da, eta jantoki zabaleko beirate bikainetatik bista ikusgarriak daude.
Jateko orduan sukaldaritza tradizionala da Kortan lantzen dutena, beti ere kalitatezko lehengaietan oinarritua. Baina, ukitu berritzaileagoa emateko, saiatzen da aldian-aldian plater berriak kartan sartzen.
Kortako berezitasunetako bat itsaskiak dira. Bizirik edukitzen dituzte bertako haztegietan, prestatu behar duten unera arte. Hartara, bi lagunentzat marisko jana 88 euroan zerbitzatzen dute.
Itsaskiez gain, Kortako txuletak arrakasta handia izaten du. Ivanka Sevdinak egiten dituen urdaiazpikodun kroketak, berriz, inguruko onenak direla esaten da.
Astearteetan jatetxea itxi egiten dute, asteko jai eguna dutelako Kortan.