Prekarietateak emakume aurpegia du. «Kapitalismoak emakumeen esplotazioa aberasteko erabiltzen du» eta horren adibide da, «etxeko lanek eta zaintza lanek, barne produktu gordinaren heren bat» egiten dutela. Eztizen Agirresarobe LAB sindikatuko abokatu eta Koordinadora Feministako kidearen hitzak dira. Goierriko M8 Plataformak antola- tuta, pasa den otsailaren 18an, Ordizian egindako mahai-inguruan parte hartu zuen Agirresarobek. Lan munduan, gizonezkoen eta emakumezkoen artean dauden desberdintasunez mintzatu zen.
Langabezia, behin-behinekotasuna eta soldata arrakala dira emakumezkoen prekarietatearen arrasto nagusietako batzuk. «Emakumeen artean langabezia tasa altuagoa da, eta behin-behineko kontratu gehiago daude». Agirresaroberen arabera, kapitalismoak «emakumeen esplotazioa, aberasteko» erabiltzen du eta horren adibide da, «etxeko lanek eta zaintza lanak, barne produktu gordinaren heren bat» egiten dutela. Martxan dauden tresna horiek «desberdintasunak» eta emakumeen «segregazio horizontala» eragiten dute; «emakumeak, sektore jakin batzuetan konzentratzen gaituzte, sektore feminizatuetan». Sektore horietan lan egiten dutenen %80, emakumezkoak dira. Lanpostu horiek «gutxietxita» egon ohi dira, eta baldintzak «okerragoak» dituzte; azken batean, «soldata baxuagoak» eta «eskubide gutxiago» dituzte.
Agirresarobek argitu duenez, sektore feminizatuetan lan baldintzak «oso kaxkarrak» dira. Lanpostu hoiek ondo ezagunak dira: «Eraikinen garbiketa, etxeko langileak eta merkataritza edo zerbitzu pribatuak» dira feminizatuenen artean daudenak.
Arlo horietan lan egiten duten emakumeen «kontratu gehienak ebentualak» izaten dira. «Gizonaren soldata konplementatzen duten lanpostutzat ditu gizarteak, soldatak eskasak dira, ez dira lanaldi osoak izaten askotan eta eskubideei dagokienez, beste lanpostu batzuetan baino gutxiago izaten dituzte».
Kasu errealak
Aktibista feminista izateaz gain, abokatua ere bada Agirresarobe. Horri esker, emakume askok lan munduan dituzten bizipen errealak gertu-gertutik ezagutu ahal izan ditu. «Jubilatzeko eskubiderik ez duten asko daude, nahiz eta bizitza osoa lanean pasa duten; beste batzuk, etxeko langileen kasuan, adibidez, beldurrez bizi dira. Lanetik bota dituzte eta haien gauza pertsonalen bila pasatzeko beldurrez daude, edo soldata duin bat nahi duten emakumeak eta behin ere izan ez dutenak ere badaude». Denetariko egoeren aurrean dauden emakumeei babesa ematen saiatu da.
Errealitate gordin horien artean, etxeko langileak dira egoerarik okerrenean daudenak. Bizitza sostengatzeko behar-beharrezkoa dute haien lana, baina ez dago behar bezala baloratuta. Martxoaren 8arekin «bizitzak erdigunera« eraman behar direla aldarrikatu nahi dute, ulertzen delako, «bizitza gainontzeko guztiaren oinarri» dela eta «lan produktiboak eta kapitala metatzen dutenek ere, oinarrian, etxeko eta zaintza lanak behar» dituztela. Lan garrantzitsua izanda ere ,«baldintza penagarriak» dituztela dio Agirresarobek. «Gizarteak haien esklabutza egoera asumituta du». Sektore horretan «utzikeria politikoa handia» dela uste du; etxeko langileen eskubideak gainontzekoei parekatzeko nazioarteko hitzarmen bat dago, baina «estatuek ez dute berretsi nahi». Egoera horrekin lehen bailehen bukatu behar dela uste du abokatuak.
Sexu langileen egoera ere «apartekoa» da. Prostituzioaren alde ala kontra egon, «hortxe dagoen errealitate da eta erregulatu egin behar da, langileen eskubideak bermatze aldera». Duela gutxi, sindikatu bat sortzen saiatu dira, baina ez zaiela utzi salatu du. Errealitate «oso gordina» bizi dute.
Emakume autonomoak ere «zigortuta» daudela dio. «Saltzeko eredu basatiak» ez baitu laguntzen «haien baldintzak hobeak» izan daitezen.
Garbiketa lanak egiten dituztenak aipatu ditu. «Lan gaixotasunak pairatzeko arrisku handia dute; urte askoan garbiketan lana egiten aritu direnek eskumuturreko arazoak izan ohi dituzte». Baina oraindik, «aintzat hartzen ez den zerbait» dela dio.
Egora horien guztien atzean «patriarkatua» dagoela dio. Eta horrelako kasuen aurrean, «defentsa zaila» izaten dela, legea, «langilearen kontra» baitago. Azkenean, «legegilea, patriarkatuaren parte da eta emakumeak zapaldu» egiten ditu. Hori horrela, «ekintza sindikala eta emakume langileei babesa ematea» da bidea.
Soldata arrakala
Azken aldian asko entzuten den terminoa da soldata arrakala, eta horren inguruan hainbat argibide eman ditu Agirresarobek. Izan ere, arrakala «ez da bakarrik emakumeek gizonek baino gutxiago irabaztea lanpostu berean egonda eta lan bera eginda». Soldata arrakala, «enpresa batzuetan emakumeek sarbiderik ez dutela ikusten dugunean ere ageri da».
Kristalezko sabaiak ere ederki definitzen du egoera zein den. Emakumeak, «maila baxuagoan dauden postuak kubritzera kondenatuta» daudela dio, eta haiek egiten dituzten lanek «aitortza gutxiago» dutela. Azken batean, ideia horiek daude soldata arrakalaren atzean.
Eguneroko etxeko lana
Batez ere, ordainpeko lanaz mintzatu bada ere, eguneroko etxeko lanen banaketaren inguruan ere aritu da Agirresarobe. Urteen poderioz eta borroka feministari esker aldatzen joan den zerbait dela esan du baina oraindik, emakumeen gain dago karga handiena arlo honi dagokionez: «lanean eta zaintza lanetan igarotako denbora batuta, emakumeek egunero ordubete gehiago egiten dugu». Horrek esan nahi du, «astean zehar egun bat gehiago» egiten dutela lan. Eguneroko bizimodua emakumeek sostengatzen dutela uste du Agirresarobek eta horrek, ondorio belala «bizitzeko, aisialdirako, sozializatzeko edo osasuna zaintzeko denbora gutxiago» dutela. Eta horrek, osasun emozinalean ere badu eragina.
Emakume askori haurdun gelditzeak arazoak sortzen dizkie lan munduan
Gaur egun oraindik, gezurra badirudi ere, haurdun gelditzeak arazoak sor ditzazke emakume baten bizitza laboralean. Haurdun gelditu haurretik, lan eskaintza gutxiago dago emakumeentzako gizonezkoentzako baino, haurdun geldi daitekeen hipotesi hutsagatik. Agirresarobek gai honi lotutako kasu ugari ezagutzen ditu. Kontatzen zuen, hainbat enpresetan, emakumeek haurdun gelditzeko asmorik badute, enpresari komunikatu behar diotela derrigor. Gaur egun oraindik, emakume bat haurdun gelditu eta kaleratzen duten enpresarik ere bada. Arrazoia, ‘bere hobebeharrez’ egiten dutela izan ohi da. Kontziliazioaz hitzegin ohi da baina hori «parregarria» dela uste du Agirresarobek. Emakumeek sufritzen duten zerbait da, gizonezkoen artean, ez da horrelako kasurik ezagutzen eta neurriak hartzea «behar-beharrezkoa» da.