Ikasleak ere, greba egitera deituta daude Martxoaren 8an. Irati Sanchez eta Maider Castellano greba antolatzeko batzordeetan ari dira lanean eta garbi dute, neska gazteek ere badituztela greba egiteko hamaika arrazoi. Sanchez lazkaotarraren esanetan, «bost ardatzetan oinarritzen da greba, gazteena ez da bat zehazki, ikasleena da. Baina argi dago gazteok, modu batera edo bestera, zapalkuntza guztiak pairatzen ditugula. Argi ikusten da hori prekarietatean eta beste hainbat kasutan».
Castellanok gaineratu duenez, «aurten zaintza da grebaren ardatz nagusia, baina argi dago gazteek lan handia daukagula egiteko. Gazteak kontzientziatu behar ditugu: oraindik ere emakumeek jasaten dute zaintzaren zama, horrek dakarzkion ondorioekin: soldatapeko lan ordu gutxiago egiten ditu, lan eszedentziak hartzen ditu eta ezinezkoa da lan arloan berdintasuna lortzea».
Era horretan, Martxoaren 8ko greba, emakumeak zaintza lanak egiteari utzita, «ohitura batzuekin hautsi eta beste ohitura batzuk hartzeko» aukera ona dela uste dute: «Ohitura bezala hasi eta horrela jarraitu behar da, ez baita egun bateko kontua eta». Castellanoren esanetan, «egun garrantzitsua izango da, ikusteko, emakumeak zaintza lanari uzten baldin badio, zein eragin sortzen den inguruan. Jendea ari da hizketan egunotan ‘gure etxean nola egin behar ote dugu’. Garbi ikusten da horrekin emakumeek zer nolako zama daukagun. Berrantolaketa soziala da aldarrikatzen dena».
Zaintzari lotuta, ikasketak aukeratzeko garaian, neska askok eta askok zaintzarekin lotutako ikasketak aukeratzen dituztela nabarmendu dute. Sanchez Gizarte Hezkuntza ikasten ari da eta «argi dago, nire klasean, 50etik 5 dira mutilak. Erizaintza da horren adibide garbia. Sistemak buruan sartu diguna izan da. Muga horiek hautsi nahian gabiltza, baina ez da erraza».
Edertasunaren kanona
Gazteen artean ere bada zuzenean eragiten dien beste gai bat: edertasunaren kanonarena. «Anorexia eta bulimia kasu asko daude. Edertasunaren kanona dela eta, presio gehiago dute neskek».
Era horretan, parekidetasunaren bidean, gaztetatik lanean hastearen garrantzia nabarmendu dute behin eta berriz: «Txikitatik lantzeko gaia da feminismoa, eta gazteok lan handia daukagu, trantsizio garaia izaten baita». Nesken artean Goierrin saretzen hasita daude eta neskei batzordeetara gerturatzeko deia egin diete. «Asko daukagu egiteko eta denon indarra behar dugu». Itxaropen handia dute gainera: aurtengo Martxoaren 8ko greba feminista «izugarria» izango da. «Iaz izugarria izan zen eta aurten gehiago izango da. Hobeto antolatu gara Goierrin».
Martxoaren 8an emakumeak izango dira protagonista, baina garbi utzi nahi dute, mutilek ere har dezaketela parte manifestazioetan, baina «bigarren plano» batean. «Emakumeei greba egiteko babesa agertu behar diete, inguruko emakumeei greba egiteko aukera bermatu behar die, adibidez, zaintza berrantolatuta».