Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ustez, kapitalaren interesak daude erdigunean, “kapitalaren erreprodukzioak baliabide ekonomiko” bilakatzen du bizitza; borroka feminista ere kontsumo produktu bilakatzen ari direla diote.
Martxoaren 8ko grebak barne biltzen duen protesta egiteko eremuetako bat da kontsumoarena. Kontsumo greba ere deitu dute, iaz bezala, gaur zortzirako. Izan ere, kapitalismoari planto egiteko eguna dela diote Euskal Herriko Mugimendu Feministatik.
Kapitalismoaz ari direnean «kapitalaren interesak erdigunean jartzen dituen sistema ideologiko, politiko, sozial eta ekonomikoaz» ari dira. Jendearen gehiengoak bere lana saltzen duen sistema dela diote, non gutxiengo pribilegiatu batek lan hori bere jabegoa handitzeko erabiltzen duen. «Lan antolaketaren oinarrian lan erreproduktiboa dago eta lan hori gehienetan doakoa da eta feminizatuta dago».
Ideologia zabala
Feminismoa emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna jorratzen duen ideologia izateaz gain, harago doala erakutsi nahi dute kapitalismoari eta haren giltza den kontsumoari planto eginez. Hain zuzen, «kapitalaren erreprodukzioak baliabide ekonomiko bilakatzen du gu guztion bizitza eta etengabeko ustiapen desorekatua inposatzen du muga biofisikoak dituen planeta baten gainean».
Kapitalismoak berregokitzeko eta berrasmatzeko erremintak bere baitan dituela dio mugimendu feministak; esate baterako krisiak sustatuz, merkatuak zabalduz eta eremuak merkantilizatuz. Alabaina, «kapitalismoak feminismoaren indar eraldatzailea mehatxu bezala ikusi du eta gure borroka kontsumorako produktu bihurtzen eta eduki politikoz husten saiatzen ari dira», erantsi du euskal mugimendu feministak.
Kontsumo greba deitu dute eredu kapitalista eta patriarkal horrek emakumeak «kontsumitzen» dituelako, zioten iazko grebaren atarian mugimenduko kideek Pikara magazinean: «Gure gorputzak objektu gisa saltzen ditu, zoriontasuna produktutan erosarazten digu, beste herrialde batzuetako emakumeak esplotatzen ditu eta natura xahutzen du. Noiz arte iraunarazi nahi dugu horrelako kontsumo eredu bat?».
Aurtengo Martxoak 8 ere borroka eguna da, mundua geratzeko eguna da, emakumezkoen eskuak geratzen direnean munduak hartzen duen neurriaz jabetzeko eguna da, eta besteak beste, kontsumoaren gurpil zorotik jaisteko eguna da, hogeita lau orduz behintzat munstro hori ez elikatzeko.
Gizonen papera greba feministan
Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba babestu nahi duten gizonezkoek zer egin behar luketen zehaztu du.
- Greba egin. Soldatapeko lana utzi, norberaren eginkizunetarako egunak erabiliaz. Negozio propioa izanez gero, ateak itxi.
- Etxeko eta zaintza lanez arduratu. Emakume, bollera eta transak greban daudenez, gizonak etxeko eta zaintza lanez arduratu behar dira. Zaintza lanez arduratzea da lehentasuna, eta ez mobilizazioetan parte hartzea.
- Emakumeena da protagonismoa. Mobilizazioetan parte hartuz gero, gizonezkoek gogoan izan behar dute emakumeen protagonismo eta bisibilizazioa ezinbestekoak direla. Gizon moduan, hori ahalbidetzea dagokie. Mobilizazioen atzealdean jarri behar dute, agindu edo azalpenik eman gabe.
- Aita izanez gero. Seme-alabez arduratu behar dute eta eztabaida zein ikasle greba lagundu (guraso elkartean, eskolan…).
- Laguna izanez gero. Gizonezkoek lagunen seme-alabak zaindu ditzakete.
- Lankidea izanez gero. Lantokian emakume greba zabaltzeko, babesteko, zerbitzu minimoak egiteko edo emakume lankideen lana egiteko eskain dezake gizonak bere burua. Eguneko soldata mugimendu feministari eman diezaioke, edo lantokian emakume grebarentzat erresistentzia kutxa antola dezake.
- Enpresa bateko nagusia izanez gero. Enpresa itxi eta beharrezkoa bada zaintza kolektiborako espazioa irekitzea ahalbidetu.
- Ikaslea edota irakaslea izanez gero. Eskolara joango ez diren emakume ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu eta ikastetxeak zaintza komunitariorako espazio bilakatu.
- Norbere familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badago. Egun horretatik aurrera, emakumeek betetzen duten rol horretaz arduratzen hasi, ohituraz.
- Zaintza komunitariorako espazioak sortu. Lantegietan, eskoletan, gaztetxeetan… gizonek ardura hartu behar dute. Helburua ez da emakumeen laguntzaile izatea.
- Martxoaren 8ko ekitaldietan lagundu. Martxoaren 8rako antolatzen diren bazkari herrikoietan eta gainontzeko ekitaldietan lana egiteko norberaren burua eskaini.
- Norberaren inguruko inor zaintzeko soldatapeko emakume bat badago. Norberaren inguruko haur, adindun edo bizilagunen bat zaintzeko soldatapeko emakume bat badago, norbere burua eskaini egun horretan lan egiteko.
- Emakume batekin harreman sexu-afektiborik izanez gero. Martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia eman.
- Mezua zabaldu. Zabaldu mezua norberaren lagun eta talde guztien artean. Militantea izanez gero, eraman norberaren eremu politikora.
- Ez kontsumitu. Martxoaren 8ko kontsumo grebara batu.
- Gainontzeko gizonezkoekin hausnartu. Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, norberaren pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko.