Carlos Ausserladscheider (Legazpi, 1952-Iruñea, 2018) artistari omenaldia egingo diote larunbatean Legazpin. Bera nor izan zen jakite aldera bi ahots bilatu ditu GoiBerri-k. Bata Gorka Salmeron argazkilari legazpiarrarena, 1969an jaiotakoa. Bestea haren aitarena, Manolo Salmeronena, 1943koa bera. Biek hartuemana izan zuten Ausserladscheiderrekin, bakoitzak bere erara. Biek hura nor izan zenaren soslaia egiteko zertzeladak eman dituzte, bienak ezberdinak dira eta aldi berean bien deskribapenak erabat osagarriak dira.
Bihar Legazpin omenduko duten artistaren bi soslaiak kazetariak jasotako hurrenkeran jasoko ditu irakurleak. Lehenengo Gorka Salmeronena, eta haren osagarri, Manolo Salmeron aitarena hurrena. Elkar josten dira biak.
«Nik txikitan ezagutu nuen, hain zuzen pertsona handiak behetik gora begiratzen ditugun adin horretan. Gure etxera etortzen zen aitari bisita egitera, harremana zuten, diapositiba proiektorea uzten zion aitak», dio Gorka Salmeronek.
Zurrantegi etxea akorduan dauka –Urretxu eta Legazpi lotzen dituen bidegorrian, lantegia hasten den tokian dagoen etxetxoa da, gatz biltegien ondoan–. Kooperatiba baten moduan antolatutako espazioa zen, kultur eta arte eragileak hartzen zituena. «Mandalak margotzen zituen, geometriak ere bai, non kolore bakoitza musika nota bat zen… Nik miresten nuen eta harekin lanean hasi nintzen». Zurrantegin musika taldeek entseguak egiten zituzten, tartean, Ziper taldea –Gari eta beste musikari batzuk–. Izan ere, Gaur taldea ekarri du gogora: «1979an ari ziren gauzak egiten eta erakundeei laguntza eskatzen kulturgintzan aritzeko. Ordurako txalaparta jotzen zen hemen eta jotzen bazen Carlosek zabaldu zuelako zen».
«Mandalak eta geometriak margotzen zituen, musika pintatzen zuen». Gorka Salmeron, argazkilaria eta laguna.
1989. urtearen bueltan Txo! Ondasun Komunitatea sortu zuten Ausserladscheiderrek eta Salmeronek, baita Txo! koletiboa ere. Kolektiboa 1989an eratu zuten eta urtebete beranduago lehenengo erakusketa egin zuten. Ondasun Komunitatea medio ikastaroak eman zituzten elkarrekin: «Mankomunitateko lehendakaria zen Prontxio Larrañaga Legazpiko garaiko alkatea eta hark Lanbide Heziketaren hastapenean Patrizio Etxeberria kalean inprenta bat erosi zuen. Guk zegokion lehiaketa egin ondoren inprenta hartan ikastaroak eman genizkien ikasketak utzita zituzten gazteei». 1990-1992 arteko tartean eskolak eman zituzten inprenta hartan.
Bien bitartean, Txo! Kolektibora gero eta jende gehiago batu zen. Legazpin, Urretxun eta Zarautzen erakusketak egin zituzten. «1994an ni kolektibotik aldendu nintzen eta bestelako proiektuei heldu nien, tartean Zum enpresa sortu nuen».
1990an aurreneko erakusketa egin zuten, eta 1994an azkena. Txo! Kolektiboaren lehenengo aroa izan zen, ez ordea azkena. 2000. urtean artistaren berri izan zuen berriz: «Urte asko Carlos ikusi gabe egon ondoren web orrien ikastaroa egin zuela eta Txo! Kolektiboarena egin nahi zuela esan zidan. Kolektiboaren berpizkundea izan zen. Kolektiboa bere bizi motorra izan zen. Zendu zenean bi erakusketa zabalik zituen, bata Biarritzen eta bestea Pasaian».
Bigarren ahotsa
Manolo Salmeronek Carlos Ausserladscheiderri buruz esan dituen lehen hitzak honakoak dira: «Talentu eta gaitasun handiko pertsona izan zen, baina zorteak ez zion batere lagundu». Salmeron aita 1968an iritsi zen Legazpira eta kulturzalea izanik La Salle elkarteak antolatzen zituen garaiko zineforumetara joaten zen. Areago, filmak aurkezten zituen tarteka. «Han ezagutu nuen Carlos, Jon Amilibiarekin joaten zen. Nik berak baino 9 urte gehiago nituen, haiek bestelako gaztetasuna zuten. Nik Urola lantegiko bulego teknikoan egiten nuen lan eta hango leihotik ikusten nituen Zumarragara joateko auto stop egiten».
«Talentu eta gaitasun handiko pertsona izan zen, baina zorteak ez zion lagundu». Manolo Salmeron, laguna.
Gerora kolektibo bat sortu zuela badakit, eta badakit, halaber, Patrizio Etxeberriako bulegoan egiten zuela lan eta lan hura utzi zuela. «Lanpostua utzi izanak ematen du haren izaeraren neurria. Lana utzi eta Zurrantegi alokatu zuen 1978an eta han sortu zuten Gaur taldea».
Salmeronek oroitzen du Ausserladscheiderren lehenego erakusketa. «Parrokiako aretoan muntatu zuen. Harritu ninduen horren gutxi izanda eta oinarrizko elementuekin egindako lana». Salmeronek berretsi egin du artistaren gaitasuna, «nik haren sormen lanari errespetua nion eta hark ni errespetatzen ninduen».
Legazpiko garaiko kultur giroa azaltzeko danborradari egindako kontradanborrada gogoratu du, «aitzitik, Carlos mundutik baztertu zen arren, ez zuen borroka sozialaren bidea hartu. Garairako gizon arraroa izan zen, hippie lotsatia zen. Nik uste, errealitateari izkin egiteko bere barne munduan sartzen zela, guztiok ari gara etengabean nor garenaren peskizan».
Manolo Salmeronek ez dauka zalantzarik, «denborak bere tokian jarriko du Carlosen sormen lana». Gorka semeak ere puntako artistatzat du, «musika pintatzen zuen». Bihar Legazpin haren lanak eta Txo! kolektiboko kideenak ikusi ahalko dira, doinu artean ikusi ere.