1995etik aurrera 2+4+1 zenbakien bidez adierazitako zigorrak, ehunka gazterengan izan zuen eragina; Espainiako Armadari intsumisioa egiteagatik jarritako kartzela zigorra adierazten zuen: 2 urte, 4 hilabete eta egun 1.
2001eko abenduaren 31ra arte, 18 urtetik gorako gizonezkoek derrigorrezkoa zuten Espainiako armadan urtebeteko zerbitzu militarra egitea. Horren ordez, legeak berak, kontzientzia eragozpena egiteko aukera ematen zuen, horretarako homologatuak zeuden hainbat erakundetan eta entitatetan prestazioak eginez; Gurutze Gorrian esate baterako. Azken honen iraupena, hilabete batzuk luzeagoa zen.
Hasiera batean, soldadutzarik egin nahi ez zutenek, kontzientzia eragozpenaren bidea aukeratzen zuten Espainiako armadari uko egiteko, baina hurrengo urratsa, kontzientzia eragozpenari uko egiten hastea izan zen, intsumisioaren lehen urratsa. Intsumisioaren hasiera markatu zuen data da 1989. urteko otsailaren 20a. Espainiar estatuko hainbat gobernu militarren aurrean 57 gazte aurkeztu ziren publikoki, derrigorrezko zerbitzu militarrari ezetz esateko. 11 lagun atxilotu eta espetxe militarretan sartu zituzten preso. Handik aurrera, etengabeak izan ziren bide bera aukeratu zuten gazteak: Euskal Herrian 12.000 gazte inguru eta Goierrin 300 inguru. Hamabi urte iraun zuen desobedientzia zibilaren aldeko dinamikak, 2001 amaieran derrigorrezko zerbitzu militarra desagertu arte.
Goierrin mugimendu handia sortu zen kontzientzia eragozleen inguruan lehenengo –Goierriko Objetore Taldea (GOT) sortu zen– eta intsumisioaren inguruan ondoren. Ramon Lizarraga beasaindar intsumituak gogoratu duenez, «1993an hasi zen egurra eta 1995ean onartutako zigor kode berriarekin izan zen boom-a». Izan ere, 95eko kode penal berriarekin, intsumituentzako kartzela zigorra bi urte, lau hilabete eta egun batekoa zen, eta gazteek kartzelara joan behar izaten zuten. Goierriren kasuan, lau goierritar sartu zituzten kartzelan: Joseba Mintegi ordiziarra, eta Juan Carlos Albitos, Jon Olano Olarius eta Aitor Mendizabal beasaindarrak. «Aurreko intsumituei 18 hilabete, 12 hilabete… eskatzen ziguten, baina ez geneukan kartzelara joan beharrik, normalean. Baina 95etik aurrera, bi urtetik gorako zigorra zenez, kartzelara joan beharra zegoen». Zigor kode berriak 8 hilabeteko inhabilitazioa ere ezartzen zien intsumituei, «lanpostu publikoetarako inhabilitazioa».
Lizarragak nabarmendu duenez, hainbat udalen «laguntza» oso garrantzitsua izan zen inhabilitazioaren gaiarekin lotuta. Gainera, udalek, derrigorrean, herriko gazteen informazioa bidali behar izaten zioten armadari. «1996an Eudima, Euskal Herriko udalerri intsumituen mankomunitatea, sortu zen eta bultzada eta indar handia bat eman zigun». Eudima osatu zuten udalak HBk, EAk eta independeentek osatuak ziren.
Mobilizaioen garrantzia
Lizarragaren esanetan, hainbat erakunderen laguntzarekin batera, gizartearen mobilizazioa ezinbestekoa izan zen: azaroan, adibidez, soldadutzara gazte bakoitza nora joango zen erabakitzeko zozketa egiten ziren. Ikastetxeetan grebak eta mobilizazio jendetsuak egiten ziren zozketa egunetan.