Ion Muñoa
Udaberriarekin batera, zizak baino ugariago atera zaizkigu hauteskunde hitzorduak. Bi egun eta bost hautestontzi. Gutun-azal aukeraketa pertsonen etorkizun kolektiboa erabakitzeko demokraziaren festetan. Izaera, historia, eremu, ezaugarri eta tamaina ezberdinetako hauteskundeak dira guztiak, baina denetan ere antzeko logika batzuk identifikatzen ditugu: hauteskunde aurreko giroa, hautagaiek beren proposamenak ezagutarazteko ekitaldiak, komunikabideetan beste konturik ez egotea, alderdien despliegeak, promesak, hauteskunde mahaian egoteko zozketak, etab.
Bistakoa da zeinen ezberdinak diren beren artean iristear ditugun hauteskunde hitzorduak. Europako Legebiltzarra aukeratzeko, adibidez, ia 400 milioi europarrek izango dugu eskubidea, eta gure herriko udala aukeratzeko, berriz, 200 lagunek. Europako Legebiltzarrerako hautagaiak ez ditugu ezagutu ere egingo, eta herrikoak berriz, bizilagunak, familia artekoak edo adiskideak izango ditugu. Eta hain bistakoak diren diferentzia horiek kontuan hartuta, zein paper dute bakoitzean alderdi politikoek?
Niretzat erantzuna argi dago: tamaina batetik gorako eremuetan, demokrazian alderdiak beharrezkoak eta garrantzitsuak dira, baina tamaina batetik behera distortsioa eta enbarazua sortzen dute askotxotan, batez ere gure herrietan ez dauden ezberdintasunak azpimarratzen dituztelako herritarren alderdi batenak bihurtuz. Iruditzen zait, Goierriko herri gehienetan (agian denetan), alderdirik gabeko herri funtzionamendu sistemak posible direla, jada hainbat udalerri txikitan egiten den bezala. Inoiz ausartuko al gara (eta dira alderdiak) halako pausuak emanez beste bide batzuk esploratzera?
Eneritz Gorrotxategi
Nik ez dut gogoan, hain denbora epe laburrean bost hautestontzi bete beharreko hitzordurik. Zuk bai? Eta uste dut uste, ez dela asko falta izan oraingoan bostak egun berean bozkatzeko aukera onartzeko ere. Pentsa zer litzatekeen; egun osoan mahaian egotea eta amaieran bost hautestontzitakoa kontatu behar izatea! Hiru ere asko iruditzen zaizkit!
Hiri handietan, herri txikietan, esparru zabal edo itxiagoetan Ion, finean erabaki politikoak hartu beharko dituzten politikariak hautatu beharko ditugu; izan ere erabakiak hartzea bera da politika egitea. Beraz, sigla baten pean joan, edo alderdi baten babesik gabe baina talde antolatuan zuk aipatzen duzun moduan, finean berdina izango da. Zenbaitetan alderdi baten siglapean joateak antolatutako egitura baten babesa izan zenezakeela ere adierazi nahi du. Hori bai, alderdiak bere horretan zehaztutako ildo nagusi horiek egokitu egin beharko dira lekuak lekuko behar eta premietara noski, eta hori ere bada lan mardula. Eta hau esatean ez dut esan nahi bestea baino hobea denik; izan ere, herrian ikusi egin behar zer nolako antolaketa dagoen. Herri antolamendu hori oso landua beharko luke izan, ongi funtzionatu eta zinegotzi izango diren horiek nolabaiteko babesa izan dezaten, eta ez daitezen herritarren interesen aurretik euren interes pertsonalak gailentzen saiatu. Sobrearekin edo gabe, baina parte har dezagun guztiok gure etorkizuna erabakitzen, eta ikusiko dugu emaitzak zer bide irekitzen edo ixten dituen.