Hiru zutoinen gainean eraiki du bizimodua Josune Albisu Barandiaranek (Lazkao, 1964): musika, euskara eta sormena. Arrano Beltzan hasitakoa, euskara irakasle lan egina, eta helduaroan arlo guztiak batu ditu Antropologiako doktoretza-tesian: Mikel Laboaren ekarpenak aztertu eta hausnartu ditu. Oroimenaren garrantzia atera du, «bestela ez gara ezer».
Nola gogoraten duzu umearoko, lehen gaztaroko Lazkao?
Niretzat izugarri handia zen. San Jose auzoan bizi ginen, eta plaza urruti zegoen. Ikastolara aitak kotxean eramaten gintuen, eliza pareraino. Pax etxean ere ibili ginen. Orduan bereizketa handia zegoen Lazkaon: San Jose-San Prudentzio kanpotarren auzoak ziren, nahiz euskaldun batzuk bizi ginen; eta plaza beste mundu bat zen, oso desberdina. Haustura eta aldaketa garaia bizitzea tokatu zitzaidan. Ikastola ere hasita zegoen, eta 10 urterako Beasaingo Lizeora joan ginen. Orduan, Lazkao herri bezala bizitzeko aukerarik ez dut izan. Orain ikusten dut herria, eta zer gozamena.
Musikan nola hasi zinen? Drindotsen aurreko Arrano Beltzan emakumezko bat bazen: zeu.
Bai. Jon Urdangarin eta gu bizilagunak ginen. Nik gitarrarako zaletasuna neukan, lehengusuaren aldetik [Kaki Arkarazo]. Jonek ez zeukan gitarrarik, eta balkoitik pasatzen nion. Kontzejupean egin genuen lehen kontzertua. 16 urtetik 18ra ibili nintzen. Gazte lotsatia nintzen; bozgorailuen atzean ez ezkutatzeko esaten zidaten.
Geroztik, landu duzu musika?
Interesatzen zaidana sormena izan da beti, eta hortik, musika. Magia iruditu izan zait. Interpretatzea edo besteena jotzea baino gehiago, askoz interesgarriagoa iruditzen zait norberak kantak edo dena delakoa sortzea. Egin dudan tesia ez da kasualitatea, geroztik egin dudan ibilbidearen ondorio baizik.
Tximalak izeneko disko bat egin nuen, 1991n, ume kantekin. Urtebetean Imanol Urbietaren Amarako eskolan egon nintzen praktikak egiten, eta, esker oneko gizona zenez, gustatu zitzaion etxean neure kabuz egin nuena. Kakik IZn lan egiten zuen, eta han grabatu genuen.
Zabalkundea izan zuen?
Neronek ez nuen zabaldu, diskoa grabatzea jada sari handia zen niretzat. Gero, diskoko bi kantu Takolo, Pirritx eta Porrotxek hartu zituzten, euren diskorako: Eskuak gora eta Baietz/ezetz. 2010ean, Gara-k atera zuen ipuin zaharren bildumarako, 10 ipuinetako bakoitzari kanta bat egin nien. Musika beti izan dut aldamenean.
Euskara irakasle izan zinen. Nola ikusten duzu hizkuntza?
Atzo [martxoak 13] Mari Jose Azurmendiri Eusko Ikaskuntzak eman dion sari emate ekitaldian izan nintzen. 1982an Quebecen egon zen, eta handik ekarri zituen A, B eta D ereduak. Baina komentatzen zuen hiru eredu horiek epe baterako zirela, eta ez helburu. Lortzeko helburua D eredua zen. Alde argiak eta ilunak ditu euskarak. Ilunei begira, ezkor jartzeko arrazoiak badaude, baina horrela ez goaz inora. Baikortasunean, beti zer egin dezakegun ikusi behar da. Egia da militantzia eskatzen duela, eta batzuetan nekatu egiten zara. Baina bizitza halaxe da. Euskaraldiarekin, nik uste, bultzadatxo bat eman zaiola. Horrela joaten da, pixkanaka. Bizitzan bezala, euskararen gainean egon behar dugu.
Hala iritsi zinen Mikel Laboarenganaino? ‘Sormenaren eragina gizartean, Mikel Laboa eredu’ tesia liburu atera duzu.
Txikitako kezkak, filiak eta fobiak, dituzun konplexuak eta pasioak, azkenean islatzen dira. Antropologia ikasten hasi nintzen, hain zuzen ere musika eta euskal kultura lantzeko eta sakontzeko aukera ematen zidalako. Sormen hori deseraikitzea zen nire kezka: sormena zer den, batzuek bakarrik egiten al duten, zergatik… Aldi berean, sormenak dakarzkigun onurak ikusi nahi nituen. Hori izan zen Mikel Laboa aztertzeko arrzoia: zer ekarpen egin zuen, eta ekarpen horiek nola hobetu gaitzaketen pertsona eta kultura bezala. Beti saiatu naiz egiten ditudan gauzak zerbait praktikorako izaten.
«Beti sormena interesatu izan zait, eta hortik musika. Magia iruditzen zait»
«Baikortasunean, zer egin dezakegun ikusi behar da, aurrera nola joan gaitezkeen»
«Zerbait baldin bagara, memoria dugulako gara. Transmititu egin behar da»
Zer aurkitu duzu Laboarengan?
Niri asko balio izan dit. Ez da musikari bat bakarrik. Izugarrizko sareak sortu ditu, artisten artean, diziplinen artean eta belaunaldien artean. Behin edade eta perspektiba batekin ikusten duzu zein garrantzitsua diren herri edo kultura batentzat –batez ere gurea bezalako minorizatu batentzat– sormena lantzen duten pertsonak. Mikel Laboa, eta beste asko.
Eta zertarako balio dezakete haren ekarpenek?
Gurea dena aztertu behar dugu, zer ekarpen eta nola egin duen ikusi. Bere alde onak hartu, eta nolabait kopiatu eta berritu behar dira. Adibidez, berritzaile izatea. Laboa ez zen gelditu lehengo tradizioko kantak berreskuratzearekin, zerbait berria egin zuen, sormena landu zuen. Irekiera hori interesatzen zait. Zubi-lana sentitzen zuen, euskal musika nondik nora zihoan jakin nahi zuelako, eta edozer berritzailea zegoen lekuan, hantxe zegoen bera.
Mikel Laboaren memoria ondorengoei iritsarazteko?
Hori dena gogoratzen ez baldin badugu, galdu egiten da. Zerbait baldin bagara, memoria dugulako da. Memoriarik ez badugu —nik nahiko txarra daukat—, jaso eta transmititu egin behar da. Eta ez ohitura bezala bakarrik, gehiago baizik: hemen zer jende interesgarria daukagun ikusi behar da.
Aurrerantzean gaia ikertzen segituko duzu?
Sormenarekin eta horrekin lotuta dauden beste gai batzuekin. Barneko sare-harremanak interesatzen zaizkit, baina beti aurrera nola egin dezakegun buruan hartuta. Alde positiboa nola landu eta bideratu jorratzen dut. Hitzaldiak ematen ere ari naiz, transmisioarekin lotuta. Hitzaldiak ematerakoan konturatzen zara garrantzitsua dela gogoratzea, eta Mikel Laboa gure biografiaren parte da.