Gara egunkariak Egin-ek Espainiako Gizarte Segurantzarekin eta hartzekodunekin zuen hiru milioi euroko zorra bere gain hartu beharko du. Horrek kolokan jar dezake hedabidearen etorkizuna, eta egoera zailean utz ditzake langileak. Iraia Oiarzabal zumarragarrak –Gara egunkariko kazetaria eta GoiBerriko kolaboratzailea–, bizi duten egoerari buruz aritu da.
Oiarzabalek zortzi urte daramatza Gara egunkarian lanean, eta Euskal Herria saileko arduraduna da. «200 bat langile gara guztira. Lan talde nahiko gaztea dugu. Oraingoz behintzat, nahiko lasai gaude. Negoziazioa hasi zenean langile guztioi egoeraz informatu zitzaigun. Bagenekien arazo hori hor zegoela eta irailean negoziazioa aktibatu zen. Negoziazioa itxi zenean, beste batzar bat egin zen. Gardentasuna, gauzak zertan diren jakitea, lasaigarria da».
Urduri ez jartzea lagungarria izango da, hiru milioi ordaintzea ez baita batere erraza izango. «Diru asko da eta erronka handia da. Badakigu zailtasunak izango ditugula, baina aurrera egiteko gogoa dugu. Badugu zer eskaini eta hortan sinesten dugun bitartean, aurrera egingo dugu».
Gainera, zoritxarrez, batzuk antzeko egoerak bizi izan zituzten iraganean: Garako langile batzuk Eginen lan egin zuten. «Horiek dira lasaien daudenak. Halakoak bizi izan dituztela eta honetatik ere aterako garela diote».
Orain arte, halakoetan, herritarrei dirua eskatu izan zaie. Garakoek, oraingoz behintzat, ez dute dirua eskatuko. Harpidetzak nahi dituzte. Izan ere, irakurleak dira egunkari baten funtsa eta harpidetzek egonkortasuna bermatzen dute. «Hasieratik nahiko garbi genuen eskema hau erabiliko genuela. Azken urteetan nolabaiteko arrakasta eredu izan gara:?informazioa kontsumitzeko modu berriak daude, Internetek indarra hartu du, eta guk asmatu egin dugu gure komunitatera irekitzen eta harpidetzen bidea zabaltzen. Hori ikusita, harpidetza gehiago lortzea erabaki dugu. Gainera, dirua jartzen duen jendeari zerbait emango diogu trukean. Aldi berean, beraien diruak proiektu berriak garatzeko balioko du».
Bi urteko iraupena izango duten 10.000 harpidetza lortu nahi dituzte. «Zorraren egutegia bete ahal izateko, 10.000 harpidetza horiek gutxienez bi urtekoak izatea behar dugu. 10.000 harpidetzak ekainerako behar ditugu. Jendea ondo ari da erantzuten».
Publizitate solidarioa
Enpresentzat, berriz, publizitate solidarioa sortu dute: azken orrialdea beraientzat gorde dute. Bertan, elkartasuna adierazteko aukera dute. «Egunkaria txuri-beltzean argitaratzen ari gara egoeraren larritasuna ikusgarri egiteko, baina azken orrialdeko orri osoko iragarkiak koloredunak dira. Publizitate horrek gure egitasmoari kolorea itzularaziko diola irudikatu nahi dugu».
Gainontzeko komunikabideek azaldutako elkartasunarekin ere gustura ageri da. «Kazetariek manifestu bat argitaratu dute eta atxikimendu asko jaso dira:?EITBtik Berriatik, Deiatik, eskualde mailako egunkarietatik, irrati txikietatik, unibertsitatetik… Kataluniarren babesa ere nabarmentzekoa da. Kazetariei zuzendua zegoen, baina kazetariak ez diren askok ere sinatu dute. Horrek poza eta itxaropena eman dizkigu. Jendeak erantzungo duela pentsatzera garamatza. Dena den, tentsioa mantendu beharko dugu, beroaldia pasatzen denean jendeak arazoa ahaztu ez dezan. Aurrerago festa bat egingo dugu, harpidetzen inguruan. Gainera, prentsak dituen erronkak ikusita, zorra ordainduta ere gogor jarraitu beharko da lanean».
Erakundeei babes eske
Instituzioei dagokionez, duela 20 urte baino elkartasun handiagoa erakutsi dute. «Egin-en itxiera bidegabea izan zen eta Auzitegi Gorenak hala aitortu zuen, baina instituzioen erantzuna ez zen oraingoa bezalakoa izan. Batzuk ez zuten ezer esan edo beste alde batera begiratu zuten. Oraingoan, berriz, inork ez du justifikatu hedabide bat ixtea. Gainera, prozesu guztia nahiko tranpatia izan da. Izan ere, ez zen abandonatuta utzi zen Egin-eko materialarekin zorra kitatzen utzi. Argi zegoen jarraikortasun ideologiko delakoa egotzita, Gara-ri Egin-en zorra ezarri nahi ziotela. Erakundeek ez dute hori justifikatzen eta gustura gaude gurekiko izan duten jarrerarekin».
Erakundeei, hitz onez gain, babesa eskatu diete Gara-ko ordezkariek. «Babesa eskatu dugu, baina sektore guztiarentzat. Komunikabideen inguruko hausnarketa egin behar da. Euskal Herrian zer nolako eredu komunikatiboa, informatiboa, periodistikoa… nahi dugun zehaztu behar dugu. Industria kulturalaren barruan, komunikabideak aintzat hartu behar dira eta orain arteko diru-laguntzen eskema jarraitu beharrean, beste eredu batzuk aztertu behar dira».