Axier Iriondo
Soziologian neurtzaileak eta interpretatzaileak izaten dira. Interpretatzen ez naiz ausartzen, baina, neurtzeko, 25 cm-ko plastiko zatia nahikoa da. Zenbaki batzuk emango dizkizut, bai? Zuk erabaki interpretatu edo, hauteskundeetako tertulietan bezala, zenbaki gehiagorekin erantzun, zure zenbakiekin, jakina.
Youtuben jardun dut. Gure kolonizatzaileen bi kantariren kantu banari erreparatu diot lehendabizi: ZAZ frantsesaren Les passants kantuak 28 milioi bisita pilatu ditu, 9 urtean. Pablo Alboran espainiarraren No vaya a ser kantuak, berriz, 62,6 milioi, urte eta erdian.
Geurean, Aurrera Altsasu (Pello Reparaz eta Jon Maia) kantak bi milioi ikustaldi izan ditu urtebetean. Ze Maysen Negua joan da ta 4,4 milioira iritsi da, zortzi urtean, eta Ken Zazpiren ilargia 3,4 milioira, hamabi urtean. Gorenaren gorenean, pentsatuko duzu, Huntzaren Aldapan gora dago, bi urtean 8,6 milioi pilatu eta gero.
Ahalguztiduneran aritzen diren bi super-izarrenak ere begiratu ditut, eta Bruce eta Madonnaren bideoek dozenaka eta ehunka milioi ikustaldi dituzte, baina, apalagoak ere aurkitu dizkiet. Springsteenen 2,7 eta 3,2 milioiko bana aurkitu ditut eta Madonnaren 187 milako bat ere bai, bere kantu onenekin egindakoa, gainera. Azkeneko hiru bideo hauek ez pentsa kalitate baxukoak direnik, bideo ederrak ziren. Batzuetan, David eta Goliathena posible ote den…
Aitor Calvillo
Interpretatzen ere ausartzen ez garelako izango da, akaso, aintzat ez gaituztela hartzen! Edota neurketei erreparo ere egin ez diegulako! Edota egun besteek esandakoarekin bizitzen ikasi dugulako… Auskalo! Gauza da datuak eskuartean, zuk oraintxe egin duzun bezala, konparaketak egiten ikasi behar dugula, beti ere norekin edota zerekin alderatzen dugun aintzat hartuta. Demagun, gizartean euskararen erabilerari buruzko galdeketa egingo dugula. Teknologia berriak aintzat hartuta, galdera: nolakoa da zure ustez euskararen presentzia Internet, Google edo wikipedian? Ziur nago, gehiengoak «ahula» erantzungo lukeela. Baina aurrez datuak emango bagenitu? Azkue Fundazioak argitaratutako datuak aintzat hartuta, wikipedia entziklopedia askean euskaraz igotako artikuluak 280.000tik gora dira. Asko da? Bada, jakin rankinean 31.a legokeela, daniera, greziera edo bulgariarraren aurretik (290 hizkuntzatan idatzita daude momentuz wikipediako artikuluak). Google-n 40.a da euskara rankinean eta Interneten 38.a. EAEko herritarren %23k nabigatzen du euskaraz. Euskara hizkuntza ahula al da?
Euskara hutsez sortzeak merkatuan aukerak galarazten dizkigula ere entzun dugu maiz. Baina hortxe ditugu makina bat adibide, euskaraz sortu eta mundu zabalean arrakasta izan dutenak (Berri Txarrak, Fermin Muguruza, Karlos Argiñano, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Pirritx eta Porrotx, Anne Igartiburu…). Globala lokala da jatorrian! Nola ipiniko diogu arropa mota bati euskarazko marka? Nola salduko dugu hori munduan zehar? Nola egin konpetentzia Adidas, Nike eta halakoei? Bada, kalitate onarekin, interpretazioak alde batera utzita eta marketin onarekin. Emaitza hortxe dugu: Ternua.
Sare sozialetan euskararen liderrak identifikatzeak eta lau haizetara zabaltzeak ere ez lioke batere kalte egingo euskararen normalizazioari. Beraz, gazteak adi!