Pazienteek azukre-pilula bat hartu eta hobetzen dutenean, medikuntzak «plazebo efektua» deitzen dio. La Biologia de las creencias liburuaren egile Bruce Liptonek «sinesmenen efektua» deitu zion, gure ideia eta usteak, zuzenak izan edo ez, gorputzean eta jarreretan eragiten dutela nabarmentzeko.
Oso kontzeptu interesgarria da benetan, gorputza-mentea baturaren sendatzeko gaitasunaren testigantza ematen baitigu. Plazebo efektua medikuntza fakultateetan aztertu beharko litzatekeela pentsatzen dut, gure barne baliabideen ahalmena aintzatetsiko luketen medikuak prestatuz.
Medikuntzak mentearen ahalmena erabat baztertu izanaren arrazoietako bat pentsamendu dogmatikoa izan daiteke noski, baina baita arrazoi ekonomikoak ere; mentearen indarra gorputzaren gaixotasunak sendatzeko gai bada, zertarako erosi botikak? Farmaziaren industriak oso gaizki darama plazeboekin egindako entsegu kliniko gehienetan botika faltsuen eraginkortasuna ingeniariek diseinatutako konbinatu kimikoena bezainbestekoa izatea (Greenberg, 2003).
Mediku komunitate gehienak alde batera utzi badu ere plazeboen funtzionamendua ulertzeko jakin-nahia, zenbait ikertzaile plazeboa ikertzen dabiltza. Azterketen emaitzen arabera, XIX. mendeko tratamendu xelebreak ez dira efektu plazeboa sor dezaketen bakarrak, baita medikuntza modernoko metodo teknologiko aurreratuenak ere, eta horien artean zirujia.
New England Journal of Medicine aldizkarian 2002an argitaratutako azterketa batek zirujiaren eraginkortasuna aztertu zuen belauneko min handia zuten pazienteetan. Azterketaren egile Bruce Moseley doktoreak bazekien belauneko zirujiak asko laguntzen ziela paziente horiei: «Edozein zirujauk daki zirujian plazebo efektua ez dela existitzen».
Baina Moseley-k jakin nahi zuena zen zirujiaren zer alderdik eragiten zuen pazienteek hobera egitea. Azterketako pazienteak hirutan banatuta zeuden, eta hirugarren taldekoei zirujia faltsua egin zitzaien. Behin pazientea lokartuta, Moseley-k ohiko hiru ebakiak egiten zituen, eta ondoren benetako ebakuntzetan hitz egin eta jarduten zuen moduan aritzen zen. Berrogei minuturen ondoren, Moseley-k ebakiak josten zituen, benetako ebakuntza egin izan balu bezala. Hiru taldeek zaintza berberak jaso zituzten ebakuntza egin ondoren, ariketa-programa barne.
Emaitzak harrigarriak izan ziren: benetako zirujia jaso zuten taldeek hobetu egin zuten, espero zen moduan, baina plazebo taldekoek beste bi taldeetakoek adina hobetu zuten! Moseley doktoreak nahikoa garbi izan zuen emaitza: «Nire zirujau gaitasunak ez zien inolako onurarik ekarri paziente horiei. Belauneko osteoartritisean zirujiak eragin zezakeen onura plazebo efektuaren ondorioa izan zen». Plazebo taldeko Tim Perez pazienteak hauxe esan zuen Discovery Health Channel-entzat hitz egin zuenean: «Mundu honetan dena da posible zerbaitetaz guztiz konbentzituta zaudenean. Badakit menteak mirariak egin ditzakeela».