Negua joan da, eta konturatzerako ikasleak oporretan dira. Berandutu baino lehen, Gipuzkoako Foru Aldundia hasi da zazpi eta hamahiru urteko gazteei zuzendutako udalekuak antolatzen, eta datorren ostegunean jakingo dute gaztetxoek ea plazarik egokitu zaien.
Udalekuak haurrei egokitutako jarduera ludikoz osatuta daude. Esaterako, Segurako aterpetxean elkartuko diren gazteek gaueko jolasak, txangoak, mendi irteerak eta askotariko aisialdi jarduerak egiteko parada izango dute. Egoitza bakoitzak, bere testuinguruaren arabera, eskaintza egokitu ohi du.
Gaztetxoek, denera, etxetik kanpo astebete igarotzen dute, zehazki, uztailean. Adinaren arabera multzokatzen dira, eta eskaintza elebiduna edo euskarazkoa da.
Goierritarrak kanpora
Goierriko gazteek nahiago izaten dute kanpora joan, eta gehiengoak Zuhatza eta Barria (Araba) hautatzen du jomuga.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek elkarlanean antolatzen dituzte udalekuak. Honi esker, gazteek beste erkidego batera joateko aukera dute, eta beste erkidegoetako gazteekin nahastekoa. Gaztetxoek ezin dituzte bisitak jaso ez eta mugikorra erabili, etxekoengandik deskonektatu eta esperientziarekin bete–betean goza dezaten.
Udalekuak
- Non? Araban, Barrian eta Zuhatza; Bizkaian, Galdamesen, Gorlizen, Gorozikan, Meakaurren, La Arboledan, Lapurreketan eta Lurraskan; Gipuzkoan, Zarautzen, Sastarrainen, Orion, Seguran eta Hondarribian; Nafarroan, Legasan eta Zugarramurdin..
- Noiz? Uztailean, astebete. Adinaren araberako multzoetan banatua.
- Jarduerak. Haurrei egokitutako jarduera ludikoak: hala nola, txangoak, kirol jarduerak, jolasak…
- Informazio bulegoak. Goierrin bi bulego daude,Ordizian eta Legazpin.