Xabier Isasa (Urretxu, 2001) txirrindularia maila bikaina ematen ari da. Iaz, gazte mailako lehen denboraldian, bost garaipen lortu zituen. Aurten lasterketa bat irabazi du jada (Martxoaren 9an Azpeitin) eta martxoaren 31n Gante-Wevelgem lasterketa ospetsuan parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin.
Noiz eta nolatan hasi zinen bizikletan ibiltzen?
Etxean ez dira bereziki zaleak. Gurasoek Tourra ikusten zuten telebistan, besterik ez. Umetan lagunekin Legazpi aldera joaten nintzen eta lagun batek Goierri taldearekin lasterketetan parte hartzea eskaini zidan. Probatu egin nuen eta gustatu egin zitzaidan.
Nor da lagun hori?
Haritz Chico, Goierriren txirrindularitza saileko arduradunaren semea.
Zenbat lasterketa irabazi dituzu hasi zinenetik?
Kadete mailan bost irabazi nituen, gazte mailako lehen urtean beste bost eta aurten, oraingoz, bat.
Zein da orain arteko garaipen garrantzitsuena?
Iazko denboraldi amaieran Liernin eta Oñatin egin genuen kriteriuma. Bi eguneko lasterketa izan zen, hiru zatitan banatuta. Orain arteko garaipen politena izan da.
Gazte mailan itzuli oso gutxi daude. Gipuzkoako Itzulian parte hartu al zenuen?
Lau egun ziren eta bitan parte hartu nuen. Izan ere, egun haietan First azterketa izan nuen. Gainera, gaixo jarri nintzen eta ez nengoen oso ondo.
Zeintzuk dira zure helburuak denboraldi honetarako?
Pixkanaka joatea eta geroz eta hobeto ibiltzea.
Zeintzuk dira gorriz markatuta dituzun lasterketak?
Gipuzkoako Itzulia eta iaz irabazi nuen kriteriuma asko gustatzen zaizkit.
«Eremu guztietan ondo moldatzen naiz, nahiz eta ez naizen onena ezertan»
«Asko pisatzen dut eta uda aldean, pisu gutxiagorekin, hobeto igotzen naiz»
«Talderen baten eskaintza jaso dut eta, unea heltzen denean, erabakia hartuko dut»
Denboraldia bikain hasi duzu. Azpeitian garaipena lortu zenuen.
Nire ustez, niri bizitzako lasterketa gogorrena izan zen. Izan ere, hasiera-hasieratik ihes eginda joan ginen. Gainera, atzekoek gogor lan egin zuten gu harrapatzeko. Denetik gertatu zen: gelditu egin gintuzten Ertzaintza nahastu egin zelako, goraka karranpak izan nituen… Zorionez, beste ihesaldian zihoazen beste hirurei eustea lortu nuen eta esprintean nagusitu egin nintzen.
Esprintean ona zara, beraz.
Talde txikietan ondo moldatzen naiz. Ni baino hobeak daude, baina okerrago moldatzen direnak ere bai.
Zenbat kilometro eman zenituzten ihes eginda?
80 kilometro.
Sekulako erakustaldia egin zenuten, beraz. Mendaterik igo al zenuten?
Bide erdian kilometro bateko aldapa bat igo genuen, oso gogorra, eta amaieran Altzarte. Hori ere oso gogorra da. Urrakira igotzen da, baina beste bide batetik.
Gainera, Belgikako Gante-Wevelgem lasterketan parte hartu duzu Espainiako selekzioarekin.
Hasieratik oso azkar joan ginen. Gurekin batera bi metroko norvegiarrak eta daniarrak zeuden. Ordekan beraiei jarraitzeko zailtasunak genituen, baina aldapan gora hobeto moldatzen ginen. Zoritxarrez, jan nuen zerbaitek kalte egin zidan eta 70. kilometroan lasterketa utzi nuen. Dena den, sekulako esperientzia izan da.
Nolako txirrindularia zara?
Nire ustez, nahiko osoa naiz. Eremu guztietan ondo moldatzen naiz, nahiz eta ez naizen onena ezertan. Erregularra naiz. Osoa.
Nolako lasterketak atsegin dituzu?
Haize asko egitea gustatzen zait. Igoerak ere gustuko ditut.
Zertan duzu hobetu beharra?
Igoeretan ondo moldatzen naiz, baina hobeto igo nahi dut. Asko pisatzen dut eta, uda aldean, pisu gutxiagorekin, dezente hobeto igotzen naiz.
Datorren urtean 23 urte azpikoen mailara pasako zara. Eskaintzarik jaso al duzu dagoeneko?
Gustura nabil eta txirrindularitzan jarraitzeko asmoa dut. Gurasoek ikasteko esaten didate. Ikasketetan ondo moldatzen naizen bitartean, txirrindularitzan jarraitzen utziko didate. Hurrengo denboraldiak ez nau kezkatzen oraindik. Talderen baten eskaintza jaso dut, eta unea heltzen denean, erabakia hartuko dut.
Zein da profesional mailako zure lasterketa kuttuna?
Frantziako Tourra. Lasterketa garrantzitsuena da. Ikusle gehien biltzen dituena. Joan naizenetan, asko gustatu zait.
Zure txirrindulari kuttuna?
Itzuli handiak lehiatzen dituztenak gustatzen zaizkit: Froome, Dumoulin, Roglic…
Euskal Herriko Itzuliko Zumarragako etapa ikusteko asmoa al duzu?
Noski. Antiora joango naiz lagunekin.
Zer ari zara ikasten?
Batxilergoko bigarren maila ari naiz egiten. Oraindik ez dut erabaki datorren urtean zer egingo dudan. Zientziak ikasten ari naiz eta Ingeniaritza edo Ekonomia egingo dudala uste dut.