Haur bat munduratzen denean, etorri berriari harrera berezia egiten diogu, harengan jartzen dugu arreta guztia, maitekor, jaioberria gurtuz agur egiten diogu, merezitako ongi etorria eskaini, une hori modu bete eta osoz biziz. Sortu berriaren agurra festa handia izateaz gain, gure barruotarako asegarri bihurtzen den bezala, hiltzear dagoen norbaiten egoeran ez dugu asmatzen zer egin, egoera kudeatzerako orduan, hamaika zalantza sortzen zaizkigu.
Inor hil izan denean, ondorengo prozesua presaz, korrika egin nahi dugu, ezbeharra berehala ahaztu, bakoitzak bere bizitzari berriz ekin… baina, benetan, asmatzen dugu? Itxura batean, normaltasun ukitua eman nahi diogu, baina errealitatea bestelakoa da, batez ere galera jasan eta dolua kudeatu beharko duten pertsonentzat, haiek baitira, beren baitan, doluaren ondorioak jasango dituztenak.
Agur esatea ez da erraza, ez, batik bat norbait hori maitatu dugunean, baina ezinbestekoa da ordua eta eguna gertatzean, agur esaten jakitea, heriotzerako ere prest egotea. Ikusi besterik ez dago inor hildakoan, minduak diren senideak, shock egoeran izanda, nola aurkitzen diren, eta joan zaien pertsona maitea zein era lasterrean agurtu behar duten. Munduratzean, agur esaten diogun haurrari bezala, gure ondotik joan behar dena maitasun bertsuz ez ote dugu agurtu behar, merezi duen moduan, gizaki orori zor zaion gizatasunez eta samurtasunez?
Agur orok du bere erritua, eta hileta edo bestelako errituekin egin ohi den bezala, hildakoa omentzea, bere izaera ordezkaezina goratzea, eta batik bat maitasuna adierazteko hitzak, keinuak behar ditu gizakiak, alegia, hildakoak bizitza osoan bizi izandako sentipenak, bizipenak oroitzeko zeremonia behar du. Bistan da erritua bideratzeko praktikak gizakia bezain aintzinakoak diren bezala, gizakiaren dolua eta oroitza kudeatzeko ezer izan behar dutela, eta jakina, beharrok egoki asetuz, gizakia lasaiagotzeko eta bakean egoteko aukera eskaini beharrekoa.
Jende askoren sentsibilitateak bat egiteko, familiari hurbiltasun hori behar bezala adierazteko, agur-omenaldi orok egoki bideratzeko toki aproposak eratu behar dira, intimitatea bermatuko duten lekuak, gidariaren jarduna hala nola esku hartuko duten kideen hitzak entzuteko bide emango dutenak, honetan elizaz gain, herrietako udaletxeek bestelako leku bildu eta gozoak ahalbideratu behar dituzte, ez baita egoki edozein toki honelako ekintzok bideratzeko, Iñaki Olaizola antropologoak dion eran, «goxotasuna, hurbiltasuna eta talde sentimendua eragin behar duten tokiak izan behar dira».
Goierri, Urola Garaia zein Deba bailaran, Dolu izenpean, Edurne Salegi eta neu, honako agur-omenaldiok antolatzen ari gara. Une larriotan, jendeari zerbitzu hauxe eskaintzen diogu. Gure prozedura hil den pertsonaren familiarekin elkartzea izaten da, haiekin gaudelarik joan denaren inguruan mintzatzen gara, haren inguruko datuak biltzeko, joan dena hobeto ezagutzeko, eta datuoi esker, gidoi bat osatzeko, olerkiez, bertsoez eta bestelako osagaiez jantzirik erritua egiteko. Familiakoek onespena emanda, haiek nahi duten datan eta lekuan omenaldia egiten dugu.
Ez gara erritua berehala egitekoaren aldekoak, izan ere, agurra tentuz, patxadaz, ondo pentsatutako ezer izanda, senideek adostu beharrekoa izan behar du, eta ez, saminaren arantza barneratua izanda, momentuan presaz egin beharreko eginkizuna, gainera, egun, gogoratu, errautsak izateak gauzak lasaiago egiteko bide ematen duela.
Bizi zela hildakoaren presentzia opari handia izan zen eran, agurra ere samurtasun handiz zaindu beharreko ekintza izan behar du, hori zor zaio soinez ondotik joan, baina inoiz bihotzetik joango ez zaigun gizakiari.
Gure jardunaren berri xehetasun gehiago jakitekotan, gure web gunean sartu: dolu.eus.
Egoera gaitz honetan zaudetenok jaso, samurki, besarkada estua bihotzetik bihotzera.