Hamabost eta 29 urte bitarteko gazte euskaldunen artean euskararen erabilerak behera egin duela erakusten du Gazteen Euskal Behatokiak martxoan argitaratu duen Euskadiko Gazteen Egoeraren diagnostikoak. Daturik positiboenak Gipuzkoan jaso dira, hamarretik seik erabiltzen baitute gehienetan euskara lagun artean. Euskal Autonomi Erkidegoko bataz bestekotik bi puntu gorago dago Gipuzkoako datua; adierazle horretan sartzen dira dena edo ia dena euskaraz egiten dutela diotenak, euskara gaztelania baino gehiago erabiltzen dutenak eta bi hizkuntzak berdin erabiltzen dituztenak.
Gazte gipuzkoarren artean %36,1ek dena edo ia dena euskaraz egiten dutela diote, %5,5ek nagusiki euskara erabiltzen duela, eta %16,3k bi hizkuntzak berdin.
Aurrekariekin alderatuta, datuak ez dira positiboak: 2008an jo zuen goia euskararen erabilerak lagun artean Gipuzkoan, baina orduz geroztik %5,6 jaitsi da erabilera.
Euskara aisialdian
Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako txostenak gazteen aisialdirako ohiturak aztertu ditu. Denbora–pasa gustuenak lagunekin kalean egotea, musika entzutea eta filmak eta telesailak ikustea direla dio diagnostikoak. Aisialdiko jardueretan baina, euskarak geroz eta presentzia txikiagoa du.
Irakurzaletasunak gora egin arren, euskaraz gutxiago irakurtzen dute gazteek
Euskarak presentzia txikiagoa du sarean kalean baino, are gehiago gazteenei begiratuz gero
Esaterako, Euskal Autonomi Erkidegoko gazteek geroz eta gehiago irakurtzen dute, baina euskaraz geroz eta gutxiago. Azken hamar urteetan puntu bat igo da irakurtzeko zaletasuna, baina euskarazko liburuak irakurtzeko ohitura %15 jaitsi da hamarkada bakarrean. Ikasleek irakurtzen dituzte euskarazko libururik gehienak, baina ikasketak amaitzean ohitura alboratzeko joera ikusi dute diagnostikoaren egileek.
Sare sozialei dagokienez, kalean baino protagonismo txikiagoa du euskarak: Euskal Autonomi Erkidegoko gazteen %15ek soilik erabiltzen dute nagusiki euskara sarean. Gipuzkoan zentratuz gero, datuak bikoiztu egiten dira, hamarretik hiru euskara erabiltzeko ohitura baitute.
Datuak xehatuta, 25 eta 29 urte bitarteko emakume gipuzkoarra da sarean euskara erabiltzen duen internautaren profila. Gazteenen artean sarean euskara erabiltzeko joera ez da ohikoa, eta gehienetan gaztelaniara jotzen dute. Horregatik, joera aldatu ezean, etorkizunean euskarak gazteen aisialdian erabilera txikiagoa izango duela ondorioztatu daiteke.