Pasatu berria da Osasunaren Mundu Eguna; 1950. urtetik, apirilaren 7an ospatzen da Osasunaren Mundu Erakundeak deituta. Beasaingo Osasun Zentroko arduradun Justo Mujikak eta erizainen koordinatzaile Carol Diezek goierritarren osasunari errepasoa egin diote elkarrizketa honetan.
Osasunak ere behar du horrelako egun bat?
Justo Mujika. Nik uste dut guretzat ez dela hain garrantzitsua, agian beste eremu geografiko batzuetan bai; eguna joan, eguna etorri, desastreak dauden toki horietan.
Carol Diez. Osasunaren arloan, ia garrantzia handiagoa dauka posta kodeak. Maila sozio-ekonomiko eta kulturalak eragiten du osasunean.
Aurtengo lema da, osasun arreta unibertsala denentzat, edozein tokitan. Hemen bermatuta al dago?
J.M. Gobernuan dagoenaren arabera aldatzen da, baina egia da, Osakidetzak estaldura zabalagoa ematen duela. Momentu honetan, osasun arreta unibertsala da hemen, larrialdiren bat ez badago. Estaldura unibertsala da haurdunaldietan eta haurretan; hori bermatuta dago. Heldu batek, beharra baldin badauka, larrialdietara etortzen da normalean, egoera legeztatu arte. Legalitatearen eta ilegalitatearen artean ibiltzen gara. Orokorrean, inori ez zaio osasun arreta ukatzen.
Osasunaz asko hitz egiten da, baina zer da osasuna?
J.M. Bakoitzak era desberdinean ulertzen du osasuna. Ongizate fisiko eta psikikoa, inguru osasungarria, behar batzuk betetzea… Nahiz eta beharrak ezberdinak diren. Osasuna ere kontsumo ondasun bilakatu da, gizarteko beste gauza batzuk bezala.
Zein zentzutan diozu?
J.M. Gainerako beharretan bezala, osasunean ere, orain behar dut, hau onartzen dut, bestea ez, ez dut onartzen araurik… Azkartasuna…
C.D. Gizarteko beste gai batzuetan dauden portaerak osasun arloan ere errepikatzen dira. Emaitza azkarrak nahi dira, ahaleginik eskatuko ez diena. Pastillaren kultura oso zabalduta dago. Batez ere, berehalakotasuna nahi dute. Estetikaren arloan bezala, osasunean ere bai. Lehen, pisua jaisteko dieta edo ariketa fisikoa egiten zen; orain, azkar lortu nahi dira emaitzak eta kirurgiara joaten da jendea.
J.M. Esfortzu pertsonala kosta egiten da, eta epe motzeko helburu bat jartzea kosta egiten da. Osasuna ere horretara joan da. Sorbaldako mina daukat, eta medikuak berehala ikustea nahi dut….
Egoera aldaketa horren ondorioz, larrialdi zerbitzuak gehiago erabiltzen al dira?
J.M. Bai, eta zentzu komuna galdu dugu. Arazo hutsalak konpontzen genituen lehen, eta gaur egun arazo hutsalekin ez dakigu zer egin. Babesgabe sentitzen gara eta ziurgabetasun handia dago, eta horrek eskari handia sortzen du. Gaur egun, egun bateko sukarrarekin korrika goaz medikuarengana. Eztulak enbarazu egiten digu eta jakin behar dugu katarro batek denbora bat behar duela. Hiru egunean eztula joaten ez bazaigu kezkatu egiten gara. Gaur egun, berehala konpondu nahi dugu.
C.D. Oso azkar bizi gara. Larrialdietara etortzen da gauean jendea eztarriko minarekin… Agian lanean ezingo du hutsik egin, baina egoera bereziak sortzen dira.
J.M. Egia da baliabideak ondo erabiltzen dituztenak badaudela. Denetik dago. Sentsazioa da, medikuen lan karga hori berehalakotasun horrek eragindakoa ere badela.
«Beasainen eta Goierrin alkoholaren kontsumoan goitik gaude»
«Ziurgabetasun handia dago eta horrek eskari handia sortzen du»
Justo Mujika Medikua
Gaur egun entzuten diren hainbat gaixotasunen ondorioz, beldurtuta bizi gara?
J.M. Bai, ziurgabetasunak sortzen du, geratzen zaidanak garrantzia izango duen beldurrak. Orduan, badaezpada ere, medikuarengana joango naiz.
C.D. Herri garatuetako osasunak prebentzioan lan handia egiten du. Informazioa jasotzen duenean, agian nahastu egiten ditugu herritarrak, osasun gaiei beti bueltaka ari gara. Jendea alertan dago, baina aurreratu egiten gatzaizkie gaixotasunei.
Orokorrean, zein da goierritarren osasun egoera?
J.M. Baliabide aldetik ondo bizi garen eremua da: lan arloari dagokionean, sozial arloan… ondoen kokatuta dagoen eskualdea da Goierri. Baina Eustatek egiten dituen osasun inkesten arabera, beti badago datu bat nabarmentzen dena: Beasainen eta Goierrin, alkohol kontsumoan nabarmentzen gara, goitik gaude. Batez ere, emakumeak nabarmentzen dira. Azkeneko inkestetan errepikatzen den joera da; gainerako gaietan besteen parean gaude. Ziurrenik, heldu egin beharko zaio gaiari.
Zergatik izan daiteke hori?
J.M. Arlo soziala, ekonomikoa, berdintasun portaerak…
C.D. Pintxo potea…
Zeintzuk dira osasun arazorik ohikoenak?
J.M. Arrisku faktore kardiobaskularrak, tentsioa, koipeak, diabetesa… Eta adinarekin minbizia. Gehitzen ari da minbizia, urte gehiago bizitzearen ondorioz. Gure organismoak zelula txarrak sortu ahal izateko gaitasun hori du.
Haurren gizentasunari buruz ere asko hitz egiten da.
J.M. Bai, eta gehiago hitz egingo da. Gizentasuna eta diabetea lotuta doaz gainera.
C.D. Prebentzio programa bat hasiko da. Datuek diote gehitzen doala haurren gizentasuna.
Zergatik izan daiteke?
J.M. Sedentarismoagatik izan daiteke, teknologia berriak hor daude, elikadura… Janari makinetan elikagai osasungarriak jarri nahi dituzte, eta opil industrialak eta azukre ugaridun edariak kendu. Baina zaila daukate, ez dagoelako prestatuta. Fruta sartzen badute, nola jarri da arazoa, plastikoen kontua ere hor baitago.
C.D. Bidea ireki da. Gobernutik ere ari dira eta ekimenak badaude ikastetxeetako jangeletako dieten inguruan.
J.M. Baina familiaren jokaerak asko eragiten du. Azken batean, familiak ezartzen ditu elikadura ohiturak. Familietan sentsibilizazioa baldin badago, seme-alabek ohitura egokiak jasoko dituzte.
Beasainek apustua egin du Alzheimerraren prebentzioan, Goiz Alzheimer eta Goiz Zaindu programekin.
J.M. Garrantzi handia du gai horrek ere, gero eta gehiago. Dementzia arazo bat dagoela konturatzen gara, ondoan dagoenari gauzak ahazten zaizkiolako, ez dakielako gauzak non utzi dituen, despistatuta dabilelako… Baina batzuetan beste zeinu batzuk ere egoten dira horien aurretik: adineko jendearengan portaera aldaketak izatea, adibidez. Konturatu gara, portaera aldaketa horiek gertatu eta epe motz-ertain batean, portaera aldaketa horren oinarrian galera kognitiboa zegoela. Ikerketek erakusten dute, entrenamendu kognitibo bat egiten badugu, aktibitate fisiko batekin batera, neurri handi batean arazo mental handiagoa izatetik babesten gaituela.
«Emaitza azkarrak nahi ditu jendeak, ahaleginik eskatzen ez dutenak»
«Prebentzio kanpaina berria hasiko da haurren gizentasunaren inguruan»
Carol Diez, Erizaina
Zein litzateke entrenamendu egokia?
J.M. Zaila da jakitea nolakoa izan behar duen entrenamendu kognitiboak. Aktibitate fisikoa ikertuagoa dago, baina kognitiboa ez dago garatuta. Sudokuak egitea, irakurtzea, kartetan ibiltzea, kalkuloa, harreman sozialak… denen batura da entrenamendu kognitiboa.
Apirilaren 7a Osasunaren Mundu Eguna eta gaurkorako, apirilak 12, greba dago deituta Osakidetzako Lehen Arretan.
J.M. Ni Goierriko unitateko arduraduna naiz eta agian ez naiz objektiboegia honi buruz hitz egiteko. Egia da Goierriko OSIn hobeto gaudela, baina egia da osasun baliabideetan planifikazio hutsunea egon dela, batez ere medikuntzan. Profesionalen falta dago momentu honetan dagoen beharrari erantzuteko. Lan karga ezin da estrukturala izan. Zerbait puntuala beti gertatu daiteke, baina estrukturala denean, oporretan, Gabonetan, ordezkapenak ez betetzea, amatasun baimena ezin bete… Gu ere, adinean aurrera goaz, eta 30 urterekin jasan dezakezuna 60rekin jasatea zailagoa da. Enpresak hori ere kontuan eduki beharko luke.
Jubilazioan gaia ere aldarrikapenen artean daukazue.
J.M. Ziurrenik 70 urtera arte ezingo gara jubilatu. Enpresan hori planteatu nahi bada, hainbat baldintza kontuan hartu beharko dira. 68 urtekoek 30ekoek bezala lan egitea planteatu behar du? Zerbait eskaini beharko da… Baina inongo forotan ez dago planteatuta. Kontseilari berriarekin ikusiko dugu, osasun plangintzaz arduratu izan da eta gaian ezagutza handia dauka. Proposamen batzuk egin ditu enpresak, kontraproposamen bat ere badago… Greba horrela planteatu dago. Negoziaketa hor egongo da. Gizartean ez da ezagutzen Lehen Arretako arazoa, batez ere, baliabide falta.
C.D. Gizartea asko zahartu da eta arreta handiago behar da. Etxeko arreta, prebentzioa., ingresoak saihestu… Testuinguru horretan, baliabide falta nabarmenagoa da.
Medikurik ez dago?
J.M. Ez dago medikurik beharrak betetzeko. Ez dago langabezia poltsarik. Lehen baino kontratu hobeak eskaintzen dira orain, urtekoak, unitate bati lotuak… baina ez dago ordezkorik. Datuek diote, familia medikuaren formaziotik aterako direnak, eta jubilazioengatik libre geratuko diren plazak, ez datozela bat hemendik 5-6 urtera. Handik aurrera, parekatuagoa egongo da. Nahiko mediku formatu da, baina asko kanpora joan dira, soldata aldetik hobeto ordainduak daudelako. Eta printzipioz ez daukate itzultzeko asmorik.
C.D. Eusko Jaurlaritzari eskatu zitzaion familia medikuaren poltsa handitzeko.
J.M. Beasainen Idiazabalen, Seguran, Ormaiztegin eta Zegaman adibidez, 14 mediku gaude eta sei-zazpi jubilatuko gara 4-5 urtean. Plantillaren erdia. Horiek bete egin behar dira, baina ziurrenik ez da horretarako nahikoa mediku egongo. Ekonomikoki hobekuntzak behar dira, kanpora joandakoak itzultzeko, eta formazioa bukatutakoak joan ez daitezen.
Eguneroko jarduera fisikoa, osasunerako pilula miragarria
Estresa ere eguneroko ogia da, osasunean ere eragin handia duena. «Azken urteetan jarduera fisikoaren gaiarekin nabil, eta jarduera fisikoa da estresetik, tentsio arazoetatik, diabetetik… babesten gaituena», adierazi du Mujikak. Ondorioz, jarduera fisikoa, mahaiaren gainean eduki beharreko «pilula miragarria» dela dio. «Adin guztietako pertsonentzako da ona eta beharrezkoa da ariketa fisikoa egitea. Onkologian onurak dauzka, osasun ahuleko pazienteetan ere bai, orekan, erorketetan, psikomotrizitatean, buruko ongizatean…». Horrezaz gain, ariketa fisikoa egiteak gaixotasun asko prebenitzen ditu.
Era horretan, paseoan edo bizikletan ibiltzearekin batera, indar ariketak egitea garrantzitsua dela gaineratu du Carol Diezek: «Indartzeko ariketek oreka mantentzen laguntzen dute. Muskuluak ondo edukita, oreka hobeto mantentzen da eta erorketak saihestuko dira».