Ez da soilik Goierrin gertatzen ari den fenomenoa. Euskal Herri osoan gero eta gehiago dira irakurle taldeak. Liburutegietan, liburu-dendetan, jubilatuen egoitzetan eta abar sortzen eta ugaltzen ari dira. Irakurtzeko gogoa egon badago, eta irakurle askok irakurritakoa partekatu nahi dute. Goierrin irakurle taldeak gidatzen dituzten bi emakumerekin hitz egin du GoiBerri-k. Irati Goikoetxea Ordiziako eta Beasaingo euskarazko taldearen gidaria da; Monica Leiva gaztelaniazko hainbat talderena.
Irakurle taldeak mundu anglosaxoian sortu ziren. Argitaletxe estatubatuarrek eta brintainiarrek hauspotu zituzten liburu gehiago saltzeko. Badago, halere, irakurle taldeen beste irudi bat, hura ere mundu angloxasoitik dator; haatik, argitaletxeen espazio zabal eta gizonezko aurpegidun hartatik harago, emakumezkoek euren espazio pribatuetan, etxeetan, te baten bueltan, antolatu zituzten irakurle taldeak egungoen aurrekariak dira. Ez da kasualitatea, horrenbestez, Goierriko irakurle taldeetako partaide gehienak emakumezkoak izatea.
Goikoetxeak joera hori berretsi du irakurleen soslaia azaltzerakoan: «Emakume helduak dira partaide gehienak, nahiz eta emakume gazteak eta hiruzpalau gizon ere tartean egon badauden». Leiva antzera mintzatu da: «Emakumeak dira gehienak, 45-60 urteko adin tartekoak».
Taldeetan sortzen diren dinamikak deskribatu dituzte biek. Goikoetxeak dioenez, «dinamikek solasa dute ardatz eta mami. Saiatzen gara proposatutako liburuak gai sozialekin korapilatu eta herritar gisa, mundutar gisa, ditugun kezkak literaturaren bidez askatzen». Leivak hainbat talde gidatzen ditu han eta hemen; talde bakoitzak bere dinamika sortzen duela dio. «Talde batzuk solasaldirako tarte gehiago behar dute, beste batzuek literatura kritika eta hausnarketa egiteko premia dute, zenbait taldetan bizipen pertsonalak partekatzen dira eta eztabaida intelektuala oinarri duten dinamikak ere badaude».
Generoak eta bisitak
Solasaldiez gain taldeek bestelako ekintzak antolatzen dituzte. Goierri behean urtean bitan, udaberrian eta udazkenean, pare bat ekimen «herritaratzen» saiatzen direla dio Goikoetxeak. Leivak, bere aldetik, WhatsApp-eko foroak, solasaldiz kanpoko hitzorduak –zinera edo erakusketak ikustera – eta bestelako ekintzak egiten dituztela dio, «hilean behin egiten ditugun bileretatik harago, itzela da kulturaren inguruan komunitate iraunkor bat sortu daitekeelako».
«Irakurleak maite du liburua objektu bezala; bitartekari lan fidela egiten du liburuak» Irati Goikoetxea, irakurle taldeko gidaria.
Eleberria genero ohikoena bada ere, ipuin-bilduma, poesia, saiakera eta bestelako irakurgaiei bidea egiten saiatzen dira bi dinamizatzaileak. «Orokorrean gustura irakurtzen dituzte proposatutako liburuak eta taldekideak ere animatzen dira tarteka libururen bat proposatzera», dio Goikoetxeak. Leivak erantsi du «nobela gailendu egiten» dela. «Baina literaturaren gainean sor daitekeen begirada bakarra saiheste aldera, gure lana bestelako generoak eskura jartzea da. Parte hartzaileak arriskatzera bultzatu behar ditugu, espiritu esploratzailea berreskuratzera».
Euskarazko taldeetan idazleen bisitak izaten dituzte, urtean bi bisita, «bat idazle beasaindar batena eta beste Igartza Bekari esker aurreko urtean liburua argitaratu duen idazlearena. Oso aberatsa da idazlea bertatik bertara ezagutzea eta liburuaren muinera idazlearekin berarekin joatea. Idazleentzat ere iturri ederra da irakurleek eskaintzen dutena».
«Kulturaren inguruan komunitate iraunkor bat sortu daiteke» Monica Leiva, irakurle taldeko gidaria.
Liburuek literatura gordetzen dute. Objektuak ere badira eta irakurleek baloratzen ote dituzten galdetuta Goikoetxeak honela erantzun du: «Irakurleak maite du liburua objektu bezala, askok erreparatzen diote azalari begiradaz zein ukimenaz. Askorengan eragin handia du irakurri aurretik liburuak transmititzen dien horrek. Irakurlearen eta irakurritakoaren arteko bitartekari lan fidela egiten du liburuak».
Liburuaren Eguna izan da: liburuarena objektu gisa eta barruan gordetzen dituen bizitza horien guztien eguna ere bai, irakurri gabe sekula biziko ez genituzkeen bizitza horiek denak liburuetan baitaude.
Patxi Zubizarreta omenduko dute irakurleek
Datorren maiatzaren 25ean egingo dute Goierriko Irakurleen III. Topaketa. Urtero idazle bati omenaldia egiten diote eta aurtengoan omendua Patxi Zubizarreta idazle ordiziarra izango dela erabaki dute.
Artean ez dute zehaztu topaketa non egingo duten, baina arratsaldeak bi une berezi hartuko dituela jakin badakite. 17:00etan solasaldia egingo dute Zubizarretaren Jeans-ak hozkailuan (Alberdania, 2000) eleberria hizpide hartuta. 18:00etan omenaldia egingo diote idazleari eta ekitaldian musika, dantza, kontuak, kantuak eta bertsoak izango dira; sorpresaren bat ere bai tartean.