Fikziozkoa den egoera bat nahitaez kudeatuko badugu, benetako bizimodua non den antzematen lagunduko digun jarrera hartzea beste erremediorik ez dugu, egunero-egunero. Egun-argitan norberaren zereginetan ari garen bitartean jasaten dugun gezurrari neurria hartuko badiogu, zeinen beharrezkoa den benetako bizitzan murgilduko gaituen literatura-irakurketa, gaueroko patxadan.
Egun-argitan, Altsasuko gazteak zeinen gaiztoak diren, nolako krudelkeriak egin zituzten eta, beraz, luzarorako zigorra dutela jakinaren gainean bizi zara. Bi urte eta erdi daramatzate dagoeneko, kartzelan. Gauean, Harkaitz Canoren Twist ari zara bigarrenez irakurtzen. Errealitatean bizi nahi duzulako. Baina kontxo, Lazkaoko solasaldian liburuari buruz berari aditutako hitz batzuk topatu dituzu liburuko orri artean, zure oharretan: «Fikzioak gainditzen du errealitatea. Beti».
Egun-argitan, Albert Rivera Errenterian izan dela jakin duzu. Bake bila. Gauean, Goierriko Irakurle Taldeetakook Patxi Zubizarretari egin behar diogun omenalditxoa dela-eta, Jeans-ak hozkailuan izeneko liburua berrirakurtzea bururatu zaizu. Hara non, ordea, bere garaian liburua eskainiz idatzi zizkizun hitz hauekin egin duzun topo: «Joxeri, errealitatean eta fikzioan bidailagun, atseginez».
Egun-argitan, hauteskundeetan zure botoa zeini eman ez dakien inozotzat zaituztenez, inon diren ahaleginez inguratuko zaizkizu, baita etxera bidalitako gutun pertsonalizatu bidez ere: «Zuk nahi duzun Espainian berdin dio nondik zatozen, nora irits gaitezkeen da inporta dena…». Etsipenak har ez zaitzan, eta oraindik iluntzerako, Berria egunkarian Joxe Manuel Odriozolak argitaratu duen Naziogintzarik gabeko euskalgintza iritzi-artikulua irakurriko duzu. Gauean, eguneroko literatura-irakurraldiari heldu diezaiokezu; adibidez, Las ateridas manos del alba liburuaz gozatuz. Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak gaztelaniara zure lagun Jabier Imaz Aierbek itzuli izanaren harrotasunez.
Egun-argitan, suak kiskali duen Parisko Notre Dame katedrala berreraikitzeko aberatsek eskaini duten diru-pilaren berri izango duzu. Zeinen izerdiz baliatuz egindakoa duten diru hori, inork ez dizu esango. Eta, diru hori beste behar larriagotara (Europara bidean itsasoan hiltzen uzten ditugun milaka eta milaka pertsonei jatorrian lagunduz, adibidez?) zergatik ez duten bideratu ere, ez. Hori nahikoa ez eta, beharbada, gaur lanean ez duzu egun ona izan, edo eguneroko bera izan duzu, zeu zarenaz beste eginez, alegia. Edo… Edo… Edo. Ilundu aurretik Tomeu Barceloren Entre personas liburu irakurri berrian antzemandakoa gogoratzeak lagunduko dizu.
Baina gauean berdindu beharko duzu beste behin ere, egunean zehar fikzioak (etenik gabeko gezurrean bizi gara) zoratzeraino eman dizun astindua; lotara joan aurretik benetakoari denbora eskainita: literatura irakurriz. Miren Amurizaren Basa-ko Sabinaren bidez, Katixa Agirreren Amek ez dute-ko idazlearen eskutik… Edozeinetara ere, gainera, beti dituzu eskura Obabakoak, Otto Pette, Martutene… Edo Jonathan Swiften Gulliverren Bidaiak (Iñaki Mendigurenek euskararatua).
Gizartearen egiturak zalantzan jartzen dituen ezaguera, intelektualen imajinazioari esker literaturak ironiaz jasotako obretan dago. Literatura-liburuak dira, benetako bizitza ulertzeko galbahea.