Euskarazko Wikipedia gero eta indar handiagoa hartzen ari da, eta ikasleentzat ere gero eta erreminta baliagarriagoa da. Baina etxeko lanetarako ez ezik, ikasgelan bertan erabiltzeko erreminta ere izan daiteke. Hori da Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilariak Kultura Elkarteak proposatzen dutena. Bi erakundeek, Wikipedia ikasgelan lantzeko irakasleen gida praktikoa argitaratu dute.
Pasa den larunbatean aurkeztu zuten egitasmoa, Wikimedia+Hezkuntza nazioarteko konferentziaren barruan. Jose Luis Sukia zuzendari nagusiaren hitzetan, «ikasleen konpetentzia digitala areagotzeko» aukera ematen du proiektuak. Izan ere, kontsultarako erreminta izateaz gain, artikuluak ekoizteko aukera dute, bai Wikipediarako eta baita Txikipediarako ere. Gainera, bide horretatik «gure hizkuntzari ekarpena» egiten zaiola nabar- mendu du Sukiak. Ekainean, Lazkaoko San Benito ikastolan probaldi bat egingo dute, DBHko ikasleekin.