Ia bi urte dira Xabier Mendizabal ordiziarra (bateria), Beñat Arribas idiazabaldarra (baxua), Ibai Arrizabalaga zegamarra (gitarra) eta Alba Arraiza beasaindarra (gitarra eta ahotsa) elkartzen hasi zirela musika talde bat sortzeko helburuarekin. Bi urteko lanak fruitua eman du: Karea musika taldea. Lehenengo kontzertua martxoaren 16an egin zuten, Seguran, Atseden tabernan. Karea taldeko kideen esanetan, «martxoan Seguran lehen kontzertua jo genuen arren, ia 2 urte dira taldea sortzeko asmotan gelditzen eta kanturen bat sortzen hasi ginenetik. Azkenean gauza bat eta beste, luzatzen joan ziren eta poliki-poliki joan gara gauzak egiten, baina esan daiteke joan den udatik ari garela jarraitasun handienaz».
Gehientsuak beste talde batzuetan ibili izan dira, «baina hau izan da gure abestiak sortu eta kontzertuak emateko lehen aldia». Izan ere, helburu horrekin sortu zen Karea: «Gure abestiak sortu nahi ditugu eta horiek kontzertuetan jo».
Dagoeneko bost abestiko maketa bat grabatua dute: «Youtuben igota daude, eta ‘Karea taldea’ jarrita entzun daitezke. Aurrerago beste zerbait grabatzea ere ondo legoke». Youtubeko bost kantu horiez gain, hiru gehiago ere sortu dituzte dagoneko, «eta beste batzuk bidean ditugu». Hala ere, «kontzertuen martxa nola doan ikusi, jendeak gure musika nola jasotzen duen hauteman eta nork daki… etorkizun batean diskoa grabatzera animatuko garelakoan gaude».
Pop-rock estiloa gogoko
Kantuen letrak denen artean egiten dituzte eta orain arte egindakoak euskaraz idatzi dituzte, «horrela ateratzen» zaizkielako. «Bidean badago bakarren bat gazteleraz dagoena. Gazteleraz edo ingelesez egin behar baldin baditugu ere egingo ditugu, libre daukagu. Ateratzen zaiguna. Pare bat bertsio kantatzen ditugu ingelesez».
Estiloari dagokionez, ez daude estilo batera itxiak. «Azkenean abestiak gu sortzen ari garenez, ateratzen zaigunari ateak zabaldu eta horrekin aurrera egiten dugu. Taldekide bakoitzak bere erreferentzia musikalak ditu – Mr, Big, Queen, Fito… – eta hauek ezberdinak izanik, sortu ditzakegun abestiak ere estilo ezberdinetakoak izan daitezke». Dena den, orokorrean, taldekideei pop eta rock estiloak gustatzen zaizkiela aitortu dute; «eta abestiak norabide horretan joan daitezke. Gure estiloa definitu behar izanez gero rock-pop estilora gerturatzen da».
Seguran, Hernanin eta Legazpin kontzertu bana jo dute eta «gogoz daude» kontzertu gehiago jotzeko ere. «Sare sozialetan publikatuko ditugu hemendik aurrera suertatzen zaizkigun berriak».