Ostiral arratsaldeak desberdinak dira Idiazabalgo haur eta nerabeentzat Xapostiralak antolatzen hasi zirenetik. Xapobixi Elkarteak garatutako dinamika da, eta ikasteari utzi gabe aisialdi aukera erakargarria eskaintzen dute, dibertsioa eta hezkuntza uztartuz.
Duela bost urte sortu zuten Idiazabalen Xapobixi Berri elkartea, «haur eta nerabeak dinamizatzeko helburuarekin», Aitor Zeberio eta Ane Murua taldeko koraboratzaileek azaldu dutenez. Eta badirudi asmatu dutela, ostiralero-ostiralero, Idiazabalgo gaztetxo talde handi batek parte hartzen baitu Xapostiraletan.
Xapobixi Berri sortu aurretik ere izan zen Idiazabalen beste aisialdi talde bat. Dena den, «herrian bazegoen bete gabeko behar bat, txikienei zuzendutako aisialdi eskaintza bat egitea behar-beharrezkoa zen» Zeberioren ustetan, eta hala, 2014. urtean sortu zuten elkarte berria herriko hainbat gazteren ekimenez.
Sei gaztek osatzen dute taldea gaur-gaurkoz, eta hasieratik garbi izan zuten zein izango zen helburua: «Idiazabalgo haur eta nerabeak dinamizatzea». Harrezkero, hiru urtean antolatu dute Xapostiralak programa.
Txikitik handira
Lehenengo Xapostiralak hilabetean ostiral batean bakarrik egiten zituzten. Hainbat gai lantzeko tailerrak egin zituzten. «Sukaldaritza tailerra antolatu genuen lehenengo hartan eta arrakasta handia izan zuen, 87 gaztek eman zuten izena» gogoratu du Muruak. «Zenbaki oso esanguratsua da, bazen horrelako zerbaiten nahia, baina muga jarri behar izan genion». Izena ematen duten guztiak hartu nahi dituzte, baina kontziente dira ezin dutela horrenbeste jende kudeatu. Taldean sei badira ere, Xapostiraletan binaka aritzen dira.
Gaztetxoak asper ez daitezen, haientzat erakargarriak izan daitezkeen gaiak jorratzen saiatzen dira. Apirilean, natura izan da landu duten gaia. «Oso zabala da, eta lantzerako orduan hainbat puntu nabarmendu ditugu; naturarekiko kontzientziaren beharra eta aldaketa klimatikoa, besteak beste».
Gai horren bueltan, hostoen tailerra ere egin dute. «Ariketa dibertigarria da eta asko gustatu zaie, eskulanak ere egin ditugu» adierazi du Muruak. Ekintzak antolatzeko, taldekoen adina kontuan hartu ohi dute. 2003 eta 2012 urte bitartean jaiotakoentzako zerbitzua da. Adin desberdinetako gaztetxoak daudenez, batzuen eta besteen interesak ere deberdinak dira, eta«oso kontuan» hartzen dute hori.
Ez hori bakarrik, behar bereziak dituzten haurrak hartzeko ahalmena ere badute, horretarako prestakuntza berezia duen pertsona bat dagoelako lan taldean.
Azkenik, oso kontuan duten beste faktoreetako bat da ekintzak ostiraletan egin ohi dituztela, eta horrek badu bere karga: «Aste guztia eskolan ordu pila bat eginda datoz, aste osoko etxerako lanak, eskolaz kanpoko orduetan egin ohi dituzten ekintzak eta beste hainbat gauza». Horregatik, nekatuta ere badaude gaztetxoak eta haien interesa pizteko, kontu handiz antolatzen dituzte ekintzak. «Batez ere ongi pasatzera datoz, hori ezin dugu ahaztu, nahiz eta gauza asko ikasten duten». Aisialdi hezitzailea dela esan du Zeberiok.
Bizitzeko esperientzia
Herrian, herritarrengandik eta herriarentzat sortutako zerbait dira Xapostiralak. Aspalditik herrian zegoen behar bati erantzuna ematen dion zerbait da. Eta momentuz «oso gustura» kolaboratzen badute ere, «jende gehiagoren beharra» dutela esan dute. Unibertsitateko ikasketak egiten ari diren ikasleak dira oraintxe daudenak, herriarekin konpromiso bat erakutsi dute eta gaztetxoen aisialdi faltaren arazoari irtenbide bat bilatu diote gainera. Haien hitzetan «oso ondo sentiarazten» dien zerbait da eta gainera, «oso ongi pasatzen» dute. «Edonori gomendatzeko moduko esperientzia» dela adierazi dute bi gazteek.
Herriko gazteei mezu bat zabaldu diete: «Xapobizi elkartearekin kolaboratu eta herriarengatik zerbait egiteko».