‘Ataun of the death’ trilogiaren azkeneko atala estreinatu dute oraintsu: ‘Napardeath’. Zumalakarregik eta Antxo Azkarrak gidatutako bando banaren arteko talka erakusten du filmak. Ormaiztegin proiektatuko dute gaur, hilak 10.
Auzolanaren edo zuk zeuk egin filosofia bukaeraraino eramanaren emaitza da Napardeath (Katihotsak, 2019) metraje ertaineko filma, Ataun of the death trilogiaren azken zatia ere badena. Monty Phytonen film eroenen antzera, Euskal Herriko historia eta tokiko pertsonaia ezagun eta ez hain ezagunak ardatz hartuta, satira politikoa eta umorea uztartzen ditu. Gaur bertan, Ormaiztegin ikusi ahalko da, Zumalakarregi museoan, 19:30ean. Barre algarak ziurtatuta daude.
Aurretik sekula santan bideo kamera bat eskutan hartu ez, eta bederatzi urteren bueltan trilogia osatua dute Beñat Iturriozek, Xabier Padinek eta haiekin batera urte hauetan guztietan ilusioa galdu gabe lanean eta kolaboratzen aritu den lan talde handia. Izan ere, ikus-entzunezkoen munduarekin loturarik ez duten lanbideetatik zetozen. «Ataunen arkeologia lanak egiten ari ginen, trikuharriak katalogatzen hain zuen, eta handik sortu zen hau guztia», argitu du Iturriozek.
2011an estreinatu zuten trilogiaren lehenengo atala: Ataun of the Death. Tomas Zumalakarregi jeneral karlista zonbia zen lehen film hartako protagonista. 2014an berriz, bigarren zatia iritsi zen, Joxean’s hil eben izenburupean. Jeneral zonbiak Jose Antonio Agirre buru zuen Eusko Alderdi Banpirikoko burua makurrarazten zuen hartan. Eta orain, Napardeath estreinatu eta trilogia itxiko dute. 47 minutu iraupena eta 3.000 euroko aurrekontua du hirugarren eta azken lan honek.
«Ez dugu zertan erreferente anglosaxoietara jo behar, hemen ere baditugulako» Beñat Iturrioz (zuzendaria)
«Horrelako film batek konpromiso handia eskatzen du; esperientzia oso ona izan da» Mikel Alvarez (kolaboratzailea)
Bigarren filma bukatu zen tokian hasten da hirugarrena. Batetik, «Zumalakarregi zonbia dago, banpiroek garaitu zutena. Orain Gasteizko parlamentura doa lehendakaria kendu eta agintea hartzeko asmoarekin, Euskaldunen errege izendatu nahi duelako bere burua» kontatu du Iturriozek. Bidaia hori da filmean ikusi ahalko dena. Baina bidea ez da erraza izango: «Ezker abertzalea, hegemonia eta boterea lortu nahian, Antxo Azkarra berpizten dute, Nafar erresuma berrezartzeko eta estatu independiente batean bihurtzeko». Hortaz, «bi bando daude eta bi horien arteko talka bat da filmak erakusten duena».
Personaia historiko horiek hartu eta gaur egungo elementu edo pentsakera politiko eta ideologikoekin nahasten dituzte. «Horrela ateratzen dira Zumalakarregi moderno edo desberdin bat, eta Antxo azkarrarekin ere berdin egiten dugu». Pertsonaia nagusiez gain «beste 50 bat edo» badaudela esan du Iturriozek: Larramendi, Erausoko Katalina eta Iparragirre, besteak beste.
Euskal Herriko historiako pertsonaia asko agertzen dira. Izan ere, «urrutira joan gabe gure historiako pertsonaiekin historia bat egitea» zen asmoa, eta baita lortu ere. «Ez dugu zertan erreferente anglosaxoietara jo beharrik, hemen ere garai historiko guztietan pertsonaia oso interesgarriak» daudela uste baitu. «Euskal iruditeria hori nolabait freskatu nahi izan dute».
«Vietman txiki bat»
Hiru urte behar izan dituzte trilogiaren hirugarren zatia amaitzeko. «Hasierako bozetoarekin 2016an hasi ginen, Padina eta bion artean». Lehenengo zirriborro hura 2017an bihurtu zuten gidoi, eta 2018an otsailean hasita maiatza biarte grabatzea zen asmoa. Astebukaeratan egindako lana da, lan taldean aritu den bakoitzak bere eguneroko bizitzarekin uztartuz egin duen zerbait da.
Gainera, Euskal Herrian eguraldia batzutan nahiko kapritxosoa izan ohi da, eta euriagatik grabaketa egun batzuk bertan behera utzi behar izan zituztenez, azkenean zazpi hilabete iraun zituen grabaketak. «Grabaketak ez dira barruan egin eta pertsonaia askorekin izan dira» argitu du Iturriozek. «Desertura 30 pertsonekin eta bizikleta tuneatuekin joan, Urumean almadia bat eraiki submarinista batzuekin, astebukaera bakoitza Vietman txiki bat izan da», aitortu du zuzendariak. «Bukatzea nola lortu dugun ere ez dakit», aitortu du.
Goierritarrak tartean
Trilogia Goierrin jaio zen eta gainera, goierritar ugari izan da lan taldean. Horietako bat da Mikel Alvarez beasaindarra. Lehenengo zatia aurkeztu zutenean ezagutu zituen Iturrioz eta gainontzekoak. Izan ere, Goierri Telebistan urte askoan egin du lan beasaindarrak eta trilogiaren lehenengo zatiaren estrenaildiagatik elkarrizketatu behar izan zituen.
«Harrikada berdina genuela konturatu ginen segituan» adierazi du Alvarezek. Lehenengo momentutik konexioa egon zenez, proiektuarekin kolaboratzen hasi zen. «Grabaketetan script lanak, eta horrez gain jendea bilatu, saretu eta behar zen guztia egiten aritu naiz». Konpromiso maila «oso handia» eskatzen du, baina esperientzia «oso ona» ere izan dela esan du.
Izan ere, lagun asko egin eta bizipen ugari izateko ere balio izan die honek guztiak. «Ostiral iluntzean Bardeetara joan, alberge batean lo egin, 09:00etatik 20:00etara grabatu, kotxea hartu, Erratzura joan, han lo egin eta 08:00etan Amaiurren beste eszena batzuk grabatu». Horrela ibili dira.
Baina esfortzuak «merezi» izan duela garbi dauka. Hernanin estreinatu zuten pasa den astean eta ondoren Donostian Antzoki Zaharrean egin zuten emanaldia. Gaur (ostirala) Ormaiztegin izango da, eta datorren ostiralean, berriz, Beasaingo Usurbe antzokian emango dute, 20:00etan.