Maiatzaren 25ean Goierriko Irakurle Taldeen topaketa egingo dute Ordizian. Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) idazlea omenduko dute aurten. Zubizarretaren Jeans-ak hozkailuan (Alberdania, 2000) eleberria mintzagai hartuko dute arratsaldean izango den irakurleen solasaldian, idazlea bertan dela. Zubizarretaren obra zabala da, batik bat, haur eta gazte literaturako lanak plazaratu ditu irakasle ogibidea utzi, eta idazletzatik bizimodua ateratzeko hautua egin zuenetik. Martxoaren 29an aurkeztu zuen bere azken eleberria, Julien Vinsonen hegaldia (Alberdania, 2019), helduentzat.
Haur eta gazte literaturako lan ugari argitaratu dituzu. Nolako umea izan zen Patxi Zubizarreta?
Telebistarik gabeko haurtzaroa gogoan dut, telefono edo Internetik gabekoa, gaur egungo ikuspegitik begiratuta prehistoria da ia. Baina Ordizia jaioterrian liburutegirik ere ez genuen eta eskuratzen genituen liburu eta komiki guztiak gaztelaniaz ziren… Mutiko potoloa nintzen, hiru anaia-arrebetan zaharrena –etxean logela bat niretzat!–. Konturatu gabe eguneroko moduko bat zirriborratzen hasi nintzen, baina sekula ez nuen pentsatu idazle izango nintzela: idazleak estralurtarrak ziren guretzat.
Oso gogoan dut Ordiziara behin Javier Bello Portu orkestra zuzendaria etorri zela, eta nola kontatu zigun Pio Baroja idazlea lagun izan zuela: hau da, hamasei bat urterekin, idazle bat ezagututako pertsona ezagutu nuen!
Gero zu idazle egingo zinen… Kontatu zure lehenengo liburuaren lan prozesua, orduko beldurrak eta pozak.
Euskara ama hizkuntza oso atzenduta neukan, galduta ia, eta bizi genuen garai gatazkatsuaren eraginez, halako bulkada erromantikoarekin hasi nintzen Euskal Filologian; aurrena Donostiako EUTGn. Hantxe ezagutu nuen Joan Mari Irigoien idazlea, hura gabe ez nintzen naizena izango. Baina zorrotza zen oso eta idazten nituenak tiraderan gordetzeko esaten zidan, baita asko irakurtzeko ere.
Teologia ere ikasi nuen bizpahiru urtez, eta hara non han filologian baino literatura gehiago ikasi nuen, Bibliaren liburuen azterketa dela eta. Aitzitik, gero Gasteizera jo eta hantxe amaitu nituen ikasketak. Irakasle ibili nintzen, besteak beste Baionan urtebetez. Han nengoela txiripaz Bapore Saria jaso nuen etxean entzundako gerra kontuekin, 1948ko uda lanarekin. Gazte izan, inkontziente samarra ere bai, eta horrek animatu ninduen irakaskuntza uztera eta idazletza aukeratzera.
Idazteko inspirazioa behar da ala lan eta lan egin behar da? Biak?
Inspirazioa… Nire lehen nobela idazteko Alemaniara jo nuen, eta Marokora; batez ere bigarren bidaia hark liluratu eta aldatu ninduen, beste bizimodu bat erakutsi zidan, beste kultura bat. Lan asko egin nuen aipatu ere nahi ez dudan lehen nobela hura idazteko, ilusio handia nuen, baina oso lan eskasa atera zitzaidan.
«Joan Mari Irigoien ezagutu nuen, hura gabe ez nintzateke naizena izango»
«Filologian baino literatura gehiago ikasi nuen teologia ikasketak egin nituenean»
«Haurrak geroko irakurleak ditugu, patxada erakutsi behar diegu presaren ordez»
Idazle prolifikoa zara, obra zabala duzu. Zein ipuin edo eleberri izan dituzu mugarri? Agian galderak ez du erantzunik…
Lanean segitu eta idatzitako bigarren nobela ere ahula atera zitzaidan, baina teknika ezagutzen hasi nintzen eta literatura umea nintzeneko egunerokoa bezain askagarria suertatu zitzaidan. Lehenengo nobela nire krisi soziala edo politikoa islatzeko baliatu nuen; bigarrena, nire krisi erlijiosoa askatzeko.
Bitxia da, baina nire lanik ezagunenek –itzulienek, film bihurtutakoek– Afrikarekin zerikusia dute: Usoa, hegan etorritako neskatoa eta Eztia eta ozpina. Euskal Herrian idazle profesionala izatea eta edozergile izatea, titiritero izatea ere nahiko antzekoak dira, baina saiatu izan naiz urtero lan bat edo bi ateratzen, laburrak sarri askotan.
Bereziki aritu zara haur eta gazte literaturaren esparruan. Zergatik aukeratu izan duzu publiko hori? Migrazioaren gaia edo euskal gatazkarena literaturara eraman dituzu. Gai guztiak jorratu daitezke haur eta gazte literaturan?
Euskara berrikasteko haur literatura asko irakurri nuen eta benetako gozatua hartu nuen: Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, Joxantonio Ormazabal… Haurrak geroko irakurleak ditugu eta kontu handiz hezi behar ditugu, patxada erakutsi behar diegu presaren ordez, benetako komunikazioa pantailaren ordez eta aintzat hartzeak edozein gai erabiltzea esan nahi du, azukrea eta gatza erabiltzea.
Haur literaturan ilustratzaileekin lankidetzan aritu zara. Nolakoa da lankidetza hori?
Haur literaturak ilustratzaileekin lan egiteko aukera oparitu dit: Elena Odriozolaren fineziarekin, Jokin Mitxelenaren bihurrikeriarekin… Horrek bultzatu nau gazte eta helduentzako lanetan ere pintore, musikari eta aktore edo dantzariekin aritzera, hau da, literatura paperetik eszenara eramatera. Gasteizen, gerrako umeei buruzko Beroki gorria ikuskizuna eskaini berri dugu eta benetan hunkigarria gertatu zait.
Itzulia izan zara eta itzuli duzu.
Literaturak itzulpenarena oparia ere eskaini dit. Zorionez Printze txikia itzuli ahal izan dut, edota Nagib Mahfuz eta Abdela Taia. Bestalde nire liburu gehienak hainbat hizkuntzatara itzuli dira, eslovenierara edo koreerara besteak beste.
Idaztea ogibide duzu. Erraza al da?
Idazle baino gehiago irakurlea naiz, hori dut lehendabiziko bizipoz eta ikasgai, liburuetatik eta beste arteetatik jasotzen ditut ideiak, zinematik bereziki. Idaztea ere plazera zait, eskuz, luma eta paper bereziarekin betiere, eta lan propioetatik aparte era askotako esperientziak izan ditut: 36ko gerrak Ordizian izandako eraginari buruzko dokumentala, Arantzazu ondoko Arrikrutz kobazuloetako gidoia, Gasteizko katedral zaharrari buruzko lana…
Hiru aldiz jaso duzu Euskadi Saria haur eta gazte literaturaren atalean, eta Ala Delta saria jaso zenuen iaz. Sariak lagungarri izango dira.
Ezin bizi liburu salduen etekinetatik ematen diguten ehuneko hamarrarekin… Hortik dator sarien beharra, soldata minimoaren osagarri eta animorako pizgarri, baina jendeak ez daki irabazitakoen aldean galdu- takoak zenbat diren, hori ez da Interneten ageri.
Julien Vinson zure azken eleberriaren pertsonaia nagusia da. Nor izan zen?
Julien Vinson frantsesa India hegoaldean bizi eta gero, Baionara etorri zen basozainen buru edo izatera. Euskara ikasi zuen eta lan asko argiratu zituen gure hizkuntzaz eta kulturaz, baina urruti sentitzen zuen orduko euskaltzaletasun elizkoi hura; gorria zen bera, ateoa, heterodoxoa…
Hara non 1875ean Saturno globoan sartu zen —edo zuten—, eta Baionatik hegaldatu ondoren Iruñean erori zen, noiz eta karlistek Nafarroako hiriburua setiatua zutenean… Kontu horietan ikertzen hasi nintzen, euskara ikasle italiar bat narratzaile jarri, eta nobela idazteari ekin nion: Julien Vinsonen hegaldia. Globoa hegaldatu zen egun berean aurkeztu genuen, aurreko martxoaren 29an.
Omenaldia egingo dizute Goierriko Irakurle taldeetako topagunean, maiatzaren 25ean. Gustura?
Eneee… Ezer baino lehen, benetan estimagarria zait Irati eta Ekaitz Goikoetxearen ekimena, eta Goierriko irakurleen bultzada. Aurretik esan dut, ni batez ere irakurle sentitzen naizela. hau da, letrazauritua naiz. Benetan pozgarria zait kultura festa bihurtzea, komunikazioa aldarrikatzea, elkarren alde topa egitea, esker on hitzak besterik ez nik.