Ion Muñoa
Gure etxean beti esan izan da gure familia, gure seme-alabak, gure aita-amak, gure kotxea, gure etxea, gure eta baita gure gizona edo gure andrea ere. Dakigunez, hizkuntza bakoitzaren bilakaeran eta hitzen esanahietan, hizkuntza bakoitza erabili izan duten giza-taldeen gizarte antolakuntza eta jokabideen arrasto nabarmenak egon ohi dira. Eta hortaz, euskaraz gure hori erabiltzean, euskaldunok jabetzarekiko eta ondasunekiko eduki izan dugun harremana ere adierazten da (gau honi buruz, zinez tesi interesgarria egina dauka EHUko irakasle Patxi Juaristik).
Ez naiz hasiko garai bateko hizkerak, bizimoduak eta jokabideak goraipatzen eta idealizatzen. Baina bistan da, egungo erabileran gure hori dezente ahuldu dela; ziurrenik, geroz eta gizarte indibidualistagoak hitz egitean ere adierazten duelako hori. Supernia ume garaian ez ezik, bizi guztian garatzen eta indartzen dela dirudi, gure egunotan.
Bada, ordea, gizarte norbanakozentrista honetan ere, deigarria egiten zaidan kontu bat, guretasun santua deitzen diodan gauza bat: hauek gureak dira eta hauek ez dira gureak posizioen artean mundua banatzeko taldekeriazko jarrera. Agian gizakiak hori ere berezko du, baina nabarmena da hauteskunde garai hauetan, nola alderdi (alde batena alegia) guztiak modu batean edo bestean, gureez hitz egiten duten. Nor kolektiboa beharrezko du pertsonak gizartean, baina botoa aukeratzen den arren, nor kolektibo batzuk ez dira aukeratzen; besteak beste, herri bat nork osatzen dugun. Eta ez genuke ahaztu behar, maiatzaren 26tik aurrera ere, herria ez dutela gureek bakarrik osatzen. Gora gu eta gutarrak bai, baina gu hori euskal tradizioko gure ote da, edo gizarte indibidualistako nire esan nahi ote du?
Eneritz Gorrotxategi
Bada, dikotomia horrezaz gain, niri hirugarren esanahi bat ere etorri zait burura: Gu ta gutarrak izeneko musika taldearena hain zuzen. Hauek ere hizkuntzarekin eta doinuarekin makina bat jolas egin zuten gizarte honen isla diren nire, gure eta geure-rekin jolastuz. Baina musikaz harago, ipuinen mundura ere eraman nau zure gaurko gaiak. Eduardo Galeanoren Tik ipuinera. Bertan kontatzen du behin antropologo eta hizkuntzalari bat gonbidatu zutela indioen batzar batera. Hari noski, arrotza zitzaion hizkuntza, ez zuen deus ulertzen. Bertakoak solasean baino, kasik eztabaidan antzeman zituen. Sarri xamar entzuten omen zuen Tik hitza, eta noski, bera hizkuntzalaria izaki, berehala ondorioztatu zuen gizarte guztietan ni hitza dela gehien erabiltzen dena, beraz, Tik hori Ni izango zelakoan zegoen. Oker zegoen ordea: Maien kulturan eta hizkuntzan, Tik hitzak gure esan nahi du. Gizakiak beti izan du taldekatzeko joera, nahiz eta talde-motak aldiro ezberdinak izan litezkeen: familia, ikastetxea, lagunartea, afizio baten ingurukoa, gizarte-mugimendu baten aldekoa, alderdi politiko batena… Gainera askotan entzuten da, taldetik kanpo ibiltzea, nahita bederen, neketsu suertatzen dela. Eta talde batean sartu nahian ibili eta ezin sartzea berriz, mingarri. Behin taldekide sentitua, mintzaira bera aldatzera ere irits liteke.
Eta bai, hizkuntza erabiltzeko moduak asko adierazi ohi du, gizarte baten bilakaerari buruz. Baina ez bota ardurak kanpora: gure arbasoek geure hizkuntza irakatsi diguten eran, geure ardura baita etorkizuneko gazteei ni hitzaz gain gure eta geure hitzak erabiltzen irakastea.