Medikuaren kontsultan beldur gehien ematen duen diagnostikoetako bat da minbizia. Munduan heriotza gehien eragiten dituen arrazoietako bat da, eta diagnostikatuen kopurua gora doa etengabe. 2018an 18,1 milioi tumore aurkitu ziren mundu osoan, eta 2040rako 29,5 milioi izatea aurreikusi da.
Baina tira, kopuruak eta aurreikuspenak alde batera utzita, zer egin dezakegu minbizia dugula esaten badigute? Gorputzari laguntzeko ezinbestekoa da landareak eta barazkiak jatea, betiere, kolore ugari jaten dugula ziurtatuz. Egunero saiatu beharko genuke benetako ostadar bat jaten, gure platera ikusgarriagoa izateaz gain, hanturaren aurka egiten duten hainbat eta hainbat printzipio aktibo hartzen ari garelako, ezinbesteko tresna osasuna berreskuratzeko. Landareen polifenolak dira osagai antiinflamatorio horietako batzuk; polifenolek tumorea elikatzen duten odol-hodi berriak sortzea eragozten dute, antimutagenoak dira eta, aurreko guztia gutxi balitz, ADNaren konponketa ere bizkortzen dute.
Baina, zer dira zehazki polifenolak? Edozein estres motatik babesteko landareak sortzen dituzten sendagaiak dira; adibidez, ur edo elikagai gabeziak eragindako estresa, mikrobioen erasoak, toxikoak, hantura…
Polifenolek, eragin antioxidatzailea izateaz gain, kolorea ematen diete fruta eta barazkiei. Barazki edo fruta bat berdea denean, klorofilan aberatsa izaten da; klorofila antioxidatzaile boteretsua da eta defentsa-sistemak erregulatzen ditu.
Laranja kolorekoa denean, berriz, betakarotenoa aurkitzen dugu, eta gorria denean, likopenoa. Bi karotenoide horiek zelulen kohesioa berrezartzen laguntzen dute, natural killers izeneko zelula kopurua handitzen dute, eta odol-hodi berriak sortzea eragozten dute. Zortzi azterlanek osatutako metaanalisi batek erakutsi zuen prostatako minbiziaren kasuan, likopenoa hartzen zutenek (tomatea oso aberatsa da karoteno horretan) PSA maila jaistea lortu zutela. Gainera, minbiziaren garapena geldoagoa izan zen eta minaren intentsitatea jaitsi egin zen.
Beste karotenoide ezagun bat luteina da. Kolore horiarekin lotzen da, baina kolore hori gutxitan ikus daiteke landare eta barazkietan, izan ere, klorofilarekin batera aurkitzen denean, kolore berdeak estali egiten du luteinaren horia, horrela gertatzen da, besteak beste, azan, urazan eta kiwietan; luteina askoz nabarmenagoa da ordea artoan, mostazan eta arrautza gorringoan.
Kolore nagusia beltza, urdina edo morea bada, berriz, aktibo garrantzitsuenak antozianinak eta resberatrola dira. Kolore horietako baiak dira (masustak, ahabiak, andere mahatsak, masusta gorriak…) polifenol kontzentrazio handiena dutenak.
Eta beraz, polifenol kontsumoa handitzeko fruta eta barazki gehiago jan beharko genituzke, betiere kolore aniztasuna bilatuz; guretzat ohikoa dena baino fruta edo barazki atal bat gehiago janez gero, %5 gutxituko dugu edozein gaixotasun izateko arriskua.