Axier Iriondo
Joan dira Marisol eta Mikel Aurrera tabernara. Edari bana eskatu dute. Mikelek banderilla ere hartu du, eta ahoratzerakoan, kokotsa zikindu. Marisolek barrako zapi multzotik bat hartu eta eskaini egin dio, muturra garbitzeko. Mikelek onartu, ezpain-inguruak igurtzi eta lurrera bota du. Serbilletak idatzitako testu bat zuela konturatu da Marisol eta jaso egin du. Zerrauts hondarrak kentzeko astindu eta ozen samar irakurri dio Mikeli. Horrela-edo ezagutu omen zuen Mikel Laboak Txoriak Txori poema.
Azken aste hauetan, Realaren milaka zalek Granadan eta Donostian, Avironekoek Baionan, Osasunakoek Sadarren, saskibaloizaleek Buesa Arenan, eta, ziur, beste dozenaka txokotan ere bai, kantatu du jendeak Hegoak ebaki banizkio. Munduan, ordu erdian behin edo kantatzen omen dira Joxean Artzeren hitzok. Datua eman zidanak asko daki gai horietaz. Gainera, asko dakien beste batek esanda jakin omen zuen berak.
Euskal Herritik kanpo, Joan Baezek, Kelly familiak, Sonia De Los Santosek edo Elh Malicken mailako artistek kantatu dute Bastidaren senarrak konposatutako kanta.
Gernikako Arbola, Agur Jaunak eta Eusko Abendaren Ereserkia? Euskal Herriaren ereserkia zein den erabakitzeko ez dago bozkatu beharrik. Juani Mendiolak jarri zuen euskarria, Joxeanek mamia, Marisolek arreta, Mikelek doinua eta herriak erabaki zuen. Ereserkia badugu. Besterik da behar dugun.
Aitor Calvillo
Zurea irakurri bezain pronto Olinpiar jokoak etorri zaizkit burura; Ikurrina, ereserkia, gorazarreak, txaloak… Baina, ai-ai-ai-ai, segituan esnatu naiz ametsetik! Ereserkia hautatu behar izatera, egoera horretara iristea ere ez legoke gaizki (katalejoak jantzi ditut). Txoriak txori? Euskara ez dakiten eta Euskal Herriaren alde asko egiten ez duten (kontra egiten dutela ez esatearren) batzuek ere ikasi dute abestia. Eta lau haizetara kantatzen dute sagardotegian bapo afaldu osteko saioan. La Voz programara joateko modukoak asko eta asko. Noizean behin, bere buruari egindako grabaketa sakelakoan erakusten didan bat ere badut inguruan. Ikusi mendizaleak edota Xalbadorren heriotzean kantek ere lasai demonio balioko lukete Euskal Herriko ereserki gisa. Azken hau, ixteko ordua zela adierazteko ipintzen zuten orain gutxi arte Ordiziako pub ezagun batean. Eta denok kantuan, noski!
Tira! Urruti ikusten dut nik oraindik ereserki kontu hori, Axier! Udal hauteskundeak pasa berri diren honetan etxean jasotako orri pilak irakurri besterik ez dago. Oro har, alderdi gehienen programetan, euskarari lotutako proposamenik ez. Oinezkoentzako bideak hemen, errepide konponketak bestean, parkeak estaliko direla… Euskarak programetan lekurik ez. Eta are gehiago, kezkatzeko modukoa zenbait alderdik erabilitako euskara kalitatea. Laboa hemen izango balitz!
Hemen izango balitz Txoriak txori abestirik gabe geratuko ginen, akaso! Ordizian ez baititugu serbilletak lurrera botatzen, horretarako apropos prestatutako ontziak ditugu tabernetan. Marisolek asko makurtu beharrik ez luke izango. Gauza batzuetan aurrera bai, baina beste batzuetan…