Duela aste pare bat, Ordiziako Elkano 10ean, susto galanta hartu zuten eraikina hustutzen ari ziren langileek. Eraikin zaharra da eta bota egingo dute laster. Horretarako, ohikoa den moduan, barruan gelditu diren altzari eta bestelako trasteak ateratzen aritu dira. Horrelako lanak egiterakoan, seguru, gauza bitxi ugari aurkituko dituzte, baina Ordizian topatu zutena bezalakoak gutxi.
Irudian ikus daitekeen moduan, obus bat topatu zuten. CAF enpresaren zigilua darama, ondoren data bat ageri da, eta ez edozein data: 1936ko uztailaren 18a, altxamendu faxistaren eguna. Azpialdean, Beasain jartzen du.
Galdera ugari sortzen dira hori ikusita. Benetakoa da? Dekorazio objektu bat baino ez da? Zer esan nahi du inkripzioak? Beasaingo CAF enpresan egindako obusa da? Zer egiten zuen Ordiziako etxe horretan?
Sare sozialetan eta telefonoz bidalitako mezu bidez ere azkar zabaldutako irudia da, eta herritarren artean txutxumutxu ugari sortu du. Hipotesiak asko eta gehiago izan daitezke. Momentuz hainbat datu eman daitezke.
Pasa den maiatzaren 17an gertatu zen, Ordiziako Elkano kaleko 10 zenbakiko etxebizitzetako batean. Batzuk diote armairu batean zegoela, beste batzuk dekorazio objektu bezala jarrita zutela geletako batean. Hori bai, dirudienez, egoera oso onean zegoen. Haren jabeak ondo zaindu du antza.
Aurkikuntzaren aurrean 112ra deitu zuten langileek eta Ertzaintzaren Lehergailuak indargabetzeko Unitatekoak agertu ziren tokian. Obusa aztertu ondoren, inguruko hiru tabernak jendez hustu eta eremua itxi zuten. Poliziek, Iurretako basera eraman zuten obusa. Segurtasun Sailak argitu duenez, «40 zentimetro luze eta 12 zentrimetroko diametroa» zituen, eta«karga eta espoleta».
Gerra hasi zenekoa
Arkitutako elementuak ederki irakur daitekeen data ageri da. 1936ko uztailaren 18a. Egun horretan hasi zen Espainiako Gerra. Militarrak bezperan altxatu ziren Afrikan, Melillan, baina Errepublikaren kontrako kolpea penintsulara 18an iritsi zenez, egun hori hartzen da gerraren hasiera egun ofizialtzat. Euskal Herrian ere 18an jaso ziren lehen gertakariak, batez ere, Nafarroan eta Araban, non Mola jenerala eta karlistak hasiera-hasieratik estatu kolpearen alde agertu ziren. Gerra Gipuzkoan eta Bizkaian izan zen batik bat, baina Nafarroan, esate baterako, karlistek eta falangistek 3.000 lagun hil zituzten, lehenengoak, uztailaren 18an bertan.