Maria Amolategi eta Victor Sanchez beasaindarrek ‘Matilda, ¿Te imaginas?’ diskoa kaleratu berri dute. Urteetako lanaren eta bilaketaren ondoren, azkenean aurkitu dute nahi izan duten soinua; Matildaren soinua, alegia.
Maria Amolategi eta Victor Sanchez beasaindarrek 2002. urtean ezagutu zuten elkar. Musikak elkartu zituen; Sugan taldeak lehenengo, eta Matildaren soinuak orain. Maria Amolategik gogoratu duenez, «Sugan taldearen proiektuarekin ezagutu genuen elkar. Hiru kotxetan joaten ginen beti Suganen kontzertuetara eta gu biok elkarrekin joaten ginen beti. Sugan desegin zenean, biok elkarrekin zerbait egiteko aukeraz hizketan hasi ginen». Victor Sanchezek nabarmendu nahi izan du «konexio berezia» dutela bien artean, eta horrela «elkarrekin lana egitea errazagoa» dela. «Egia da, musikan beti bat etorri garela».
Suganen aldia bukatu zenetik, lanean jarraitu du bikoteak, biak islatuta eta eroso sentituko zuten proiektu baten bila. Maketa ugaritan egin dute lan nahi zuten soinua aurkitu arte, Matilda osatu arte. «Sugan desegin zenean, abestiak egiten joan ginen euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, Matilda proiektua sortu arte. Guk lortu nahi izan dugun soinua aurkitu dugu Matildarekin. Behar izan dugun denbora guztia hartu dugu nahi genuena lortzeko, gure soinua bilatzeko. Lan asko dago atzean, eta oso polita izan da».
Nor da Matilda? galderari di-da erantzun diote bi beasaindarrek: «Matilda gu gara». Maria Amolategik sortutako musika eta hitzetatik abiatzen dira, bien artean abestiak janzten eta eraldatzen dituzte, kantu bakoitzak hartu beharreko norabidea argi izan arte. Matilda, ¿te imaginas? lehenengo diskoan, sei kantu bildu dituzte, bost gazteleraz eta bat ingelesez, hitz landuekin, doinu sakonarekin eta bikain hautatutako konposaketekin. Matildaren izenari ¿te imaginas? (irudikatzen duzu?) galdera gehitu diote diskoan. «Bizitza osoa pasatzen dugu ‘irudikatzen duzu hau?’, ‘irudikatzen duzu bestea?’… galdera egiten. Gure buruak beti dauka zerbait gehiago egiteko gogoa. Oso ondo definitzen gaitu galdera horrek».
Mimo handiz
Victor Sanchezek ekoizpenaren ardura hartuta, behar izan duten erritmoan lan egiteko aukera izan dute. Grabatzerako orduan, lehentasuna eman diote interpretazioari, naturaltasunari eta dinamikari, hartualdi osoak erabiliz eta ia azken ukiturik gabe. Hori, batez ere, ahotsetan eta koroetan nabari daiteke, arreta berezia eskaini baitiote arlo horri.
Azken emaitza lortzeko, buruan zuten soinura iristen lagundu dieten musikariak izan dituzte alboan: Antxon Sarasua (pianoa eta Hammond-a) eta Beñat Serna (gitarra akustikoa). Zuzenekoetan ere beraiek izango dituzte lagun.
Azken batean, mimo handiz prestatu dute proiektu osoa. «CDaren diseinua bera ere asko zaindu dugu, edozein gauza txikiri garrantzi handia eman diogu, denbora daukagulako eta ez dugulako inongo presiorik. Zuzenekoetan nabaritzen da presarik gabe eta mimo handiz egindakoa dela». Azken batean, «oso soinu landua» lortu dute.
«Guk lortu nahi izan dugun soinua aurkitu dugu Matildarekin» Maria Amolategi
«Konexio berezia dugu eta errazagoa da horrela elkarrekin lana egitea» Victor Sanchez
Irailaren 27an, Beasainen
Martxoaren 1ean Donostiako Tabakaleran egin zuten aurkezpena, eta han eta hemen ari dira proiektu berria aurkezten. Irailaren 27an Beasainen izango direla aurreratu dute, Igartza Musika zikloaren barruan. Amolategiren ustez «oso toki polita» da Igartzako jauregia. «Ni berez auzo horretan jaioa naiz eta egunero ikusten nuen Igartza obretan ari zirenean. Orain hain polita egonda, xarma handiko tokia da. Iraila asko gustatzen zait, gainera, oporretatik bueltan… oso garai ona da». Herrikoak izanda, «jende asko» izango dela uste du. «Herrikoak izanda, ez badira etortzen…», dio txantxetan.
Sugan desegin zenetik, 10 urteren ondoren, berriz itzuli dira zuzeneko kontzertuetara. Itzulerako sentipen hori «izugarria» izan dela diote: «Hasi berriak bezala geunden lehenengo kontzertuan. Oso polita da hori sentitzea. Hala ere, berehala hartu diogu gustua, gehiago nahi ditugu, jotzeko irrikaz gaude. Asko gustatzen zaigu zuzenean jotzea. Gainera, feedback-a oso polita izaten ari da. Jendea oso ondo erantzuten ari da zuzenekoetan».
Sugan taldearen hainbat abesti famatuak egin ziren. Zarena Zarelako abestia adibidez, «boom» bat izan zen. Matildarekin ere antzeko zerbait gerta ote daitekeen galdetuta, bestelako erantzuna espero dute biek ere: «Kantu hauekin uste dut polikiago joan behar dugula, den musika motagatik, gazteleraz daudelako; Sugan euskaraz zen gehiago…».
Bagoaz saioan?
Hala ere, Maria Amolategi ezaguna izateak lagundu dezake abesti berrien zabalpenean, hainbat lanetan aritu ondoren, ETB1eko Bagoaz lehiaketako coacha ere bai baita. Egunen batean Bagoaz lehiaketan Matildaren abestiren bat kantatzeko aukera izan ote dezakeen galdetuta, ezezkoan dago Amolategi. «Nik planteatuko dut, baina uste dut ez dela gertatuko. Bagoaz-en jendeak ezagutzen dituen abesti ezagunagoei begira dago, eta Matilda intimoagoa da, eta oraingoz, eta batez ere, ezezagunagoa ere bai. Agian Bagoaz 4-en».
Hala ere, ez daude horren zain: «Zailena egin dugu, hainbeste urtean helburu zehatzik gabe, zehaztasun handirik gabe aritu ondoren, berriz ere eskenatokira igotzea. Lan handia egin dugu eta horrekin gustura gaude».