Bukatu da EGA. Ekainean agortu da azken deialdia, 37 urteren ondoren. Hezkuntza Sailaren eskuetatik, Hizkuntza Sailarenera eta bereziki HABE erakundearenena aldatu du Eusko Jaurlaritzak euskara maila ziurtatzeko agiria. Gabino Murua (Gabiria, 1956) hasieratik amaierara izan da aztertzaile, eta 21 urtean (1997-2017) Gipuzkoako arduradun ere bai. Nahigabeturik eta haserre dago erabakiarekin; ezkor etorkizunarekin.
EGA bukatu da, eta hautsak harrotu ditu zenbait sektoretan.
Bai, EGAko arduradunok eta aztertzaileok nahi baino gehiagotan agertu da EGA prentsan eta irratietan. Beti ere Hizkuntza Saileko agintari edo arduradunen adierazpideak zirela tarteko, komunikabideak eta zenbait alderdi politiko lagun hartuta; eta beti ere helburu bakarrarekin: EGAri buruz ospe txarra sortzea eta zabaltzea.
Gizartearentzat nahiko ustekabean edo isilpean kendu da. Sorburua non du erabakiak?
HABE orain dela hamar urte hasi zen EGA bereganatzeko ahaleginean. Ordura arte, elkarrekin jarduten genuen EGAko eta HABEko lurralde-arduradunok, azterketa batzorde berean. Lan banaketa argia zen: HABE arduratzen zen deialdi itxiko azterketariak kudeatzeaz (euskaltegietan matrikulatutako eta B2 maila zutenek osatzen zutena); EGA, berriz, deialdi irekiko ikasle guztiez, hau da, inon matrikulatuta egon gabe ere, 17 urte edo gehiago zituztenez. Azterketa batzorde berak finkatzen zituen deialdi itxiko nahiz irekiko aztermaterial guztiak eta azterketen ebaluazio prozesu osoa.
Lankidetza onuratsua zen?
Bai, zalantzarik gabe, bai azterketagintzaren mesederako, bai euskalgintzarenerako. Lankidetza horren oso aldekoak ginen EGAko arduradunok, eta harri eta zur gelditu ginen HABEko arduradunek HABEk bere bideari ekin behar ziola erabaki zutenean: EGArekiko lotura eta harreman guztiak hautsi eta azterketa batzordean zituzten bi ordezkariak atera zituzten.
Zer gertatu zen HABEk azterketa batzordea utzi eta gero?
EGAk lehen bezala jarraitu zuen, urtean bi deialdi eginez, irekiak; HABE, berriz, EGAren baliokide den C1 agiria ematen hasi zen. Baina, deialdi itxia nahikoa ez, nonbait, eta EGA desagerrarazteko beste urrats bat egitea erabaki zuen HABEk: deialdi irekiko azterketak ere egiten hasi zen, euskaltegietan matrikulatu gabeko azterketariei euren C1 mailara aurkezteko aukera emanez. HABEk ez zuen ikusi, antza, erabaki horren bidez bikoiztasuna edo duplizitatea eragiten ari zela.
EGA kentzeko arrazoietako bat duplizitatea izan da. Diozunez, HABEk berak bilatu du.
Horixe bera esan genion orain dela hiruzpalau urte Hezkuntza Saileko sailburuordeari, kontraesan larria iruditzen baitzitzaigun HABEren jokabidea: bikoiztasunen aurka azaltzea, batetik, eta, bestetik, beste deialdi bat egitea. Ez genuen erantzunik jaso.
«HABEk EGArekin lotura eta harreman guztiak hautsi zituen; harri eta zur gelditu ginen»
«Aurrerantzean, Europako beste hizkuntzen mailako ziurtagiririk gabe geldituko gara»
«EGA ikastetxeen berezko euskara ahaleginaren indargarri izan da, ereduak landuz»
Euskara ziurtagirien aniztasunak nahasmena ere sor dezake.
Bai, denok aitortzen dugu hori. Egokia litzateke ziurtagiri guztiak Eusko Jaurlaritzaren sail bakar batek ematea. Aurretik, ordea, ziurtagiriak banan-banan aztertu eta aldeko eta kontrako arrazoiak argi zehaztu beharko lirateke: zer eta nola neurtzen duten, emaitzak, kostuak, gizarte-eragina, nazioarteko aitortza…
Eta non kokatzen duzu EGA?
EGAren tokia ezaguna da: sortu zenetik, EGA izan da, ospez eta kopuruz, Euskal Herriko hizkuntza agiririk arrakastatsuena; lurralde osoan eragina zuen bakarra ere bai. Gure mugetatik kanpora, gainera, EGAk Europako beste hizkuntzen pare jartzen zuen euskara ALTEren bidez. Izan ere, EGA agiria ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren C1 mailaren parean zegoen; hau da, Europako Hizkuntza Markoaren barruan zegoen.
Lorpen horiek galduko dira?
Gure ustez, bai. Horri eutsi egin behar zitzaion eta ondoren erabaki Eusko Jaurlaritzaren zein sailek emango zuen EGA, hau da, C1 mailako ziurtagiria. Hezkuntza Sailak, ordea, EGA bere ardurapetik kanpo uztea lehenetsi du, kontuan izan gabe urte askotako lana eta lortutako onespen maila eta bermea; Q Europako Kalitate Agiria, lekuko.
Dena den, EGA desagerrarazita, euskara eta, bide batez, EAEko biztanleok gara galtzaile. Izan ere, hemendik aurrera, Europako beste hizkuntzen mailako gaitasun ziurtagiririk gabe geldituko gara.
Azken urteotan, 17-20 urte bitartekoa eta ikasketa-prozesu osoa D ereduan burutu duena izan da EGAko azterketariaren soslaia. Horrek izan du eraginik azterketa-ereduan?
Bai, noski. Probaren maila orokorra ez da aldatu, baina, ezinbestean, azterketa-batzordeak oso aintzat hartu izan ditu azterketariaren adina eta ikasketa-maila: idazlanetako gaiak zehaztean, argibideak hautatzean, hainbat ariketa doitzean… Bertatik bertara ezagutzen ditugu EGAra datozen azterketarien ezaugarriak. EGAko batzordekideok ere bigarren hezkuntzako edo batxilerreko irakasleak gara edo izan gara lanbidez.
Alde horretatik, uste dut EGA hainbat ikastetxeren berezko euskara-ahaleginaren indargarri gertatu dela: EGAko ariketak, idazlanak eta Ahozko probako ereduak ikasgelan landuz, ikasleen euskara-gaitasuna sendotzeko eta aberasteko lan handia egin dute euskara irakasle askok. Bestalde, eta ekarpenen artean bat nabarmentzearren, uste dut neurri handi batean EGAren ekarpena izan dela ikastetxeetan euskara ikasgaian ahozkoa lantzen hastea.
EGAren materialak langai izan dituzte ikasleek ikastetxeetan eta institutuetan.
Bai, eta eskertu egin nahi diet irakasleei eta euskara mintegiko kide guztiei urteotan egindako lan guztia: EGA agiria akuilu edo pizgarritzat hartuta, euskara-maila indartzeko tresnak eskaini dizkiete ikasleei. Horixe zen helburua, baina, bide batez, EGAri ere mesede egin diote: ikasleak hobeto prestatuta aurkeztu baitira azterketara. Adibidez, zuzentasunari ez ezik, idazlanean kohesio-koherentziari ere erreperatzen diote orain.
Arlo horretan atzera egiteko arriskurik ikusten duzu?
Bai, zoritxarrez. Gaur egun, familiaren euskalduntze-ahalmena asko ahuldu da; gunerik euskaldunenetan ere, euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioak ez du garai batean zeukan adinako indarrik. Horregatik, eskola garaiak berebiziko garrantzia du euskara sustatzeko nahiz ikaslearen euskarazko harreman-sareak hedatzeko lanean. Funtsezkoa da euskarazko kalitatezko ereduak eskaintzea.
Badirudi Hizkuntza Sailaren erabakiak ez duela atzera bueltarik izango, EGA bukatu dela.
Bai, zoritxarrez, halaxe da. Eta EGA atea ixtera doan honetan, aitortu behar dut behin baino gehiagotan eskatu izan diogula Hezkuntza Sailari hainbat urteko lanari buruzko balioespen argigarria. Tamalez, ez dugu erantzunik jaso. Eta EGA agiriaren jabeei, gurasoei, aztertzaileei, orain arteko azterketa-batzordeko kideei eta herritar guztiei azalpen arrazoitua zor zaie EGAren ibilbideaz: 1982az geroztik, zertan asmatu den, zer helburu bete diren, zein izan diren hutsegiteak.
Euskara ziurtagirien etorkizuna nolakoa ikusten duzu?
Kezkatuta begiratzen diogu 2019ko bigarren deialditik aurrera abiatu nahi den urratsari: ez dakigu zer beharrizan edo premia ase lezakeen; ez dakigu zer onura ekar liezaiokeen ekimen horrek euskara-ikasleari, hizkuntza-kalitateari eta, azken batean, euskararen erabilera indartzeari.