Kaletik noa, eta ezustean, aspaldiko adiskide batekin topo egiten dut, elkarri diosala egin eta sakonago ekiten diogu gure bizimainaren inguruko detaileak emateari. Solasaren harian, adiskidea pozik dagoela erreparatzen dut, bizia, bere zentzu oso eta betean bizigarri zaiola, ez askotan elkarrizketetan esan ohi dugun bezala, ezer itogarri gisa.
Jabetzen naiz azalpenetan oso gartsu jarduten dela, batez ere lanbide duen hartaz aritzean, ohartzen naiz gogobiziz ematen dizkidala azalpenak, benetan esandakoa bizitzeaz gain, bere sentimendu hori biziarazi egin nahi didala, eta nirekiko pentsatzen dut halako grina izateak zein mesede egiten dion norberari, hain zuzen, gaur egun, lanaren inguruko aipamenak oso egokiak ez direnean, batik bat askok maite ez duten ogibideaz dihardutenean.
Lagunak aditzera ematen dit duela aspaldi zer egin jakin ez eta lanean kili-kolo zegoenez, beste ezer egitea bururatu zitzaiola. Esan eta egin, aspaldidanik, artzain izateko irrika zuen, eta artzain oso gutxi ibilia bazen ere, honen inguruko guztiak ikasten jarri zen, baita Arantzazun artzain-eskolan izena eman ere. Denboratxo bat beste batzuen baserrian ikasten aritu zen, eta bere artaldea egin zuenean, buru-belarri murgildu zen oso sentitu eta maitatzen zuen artzain-lanean. Zinez, hunkigarria iruditzen zitzaidan lagunaren testigantza, benetan txapela kentzeko modukoa.
Batek esango du artzainaren lana zaila dela benetan, ez duela etorkizunik, eta lan honexen inguruko hamaika burutazio otuko zaizkio, hala da, baina zaila dirudien arren, bide saila errazago egiten da norberak bere baitan sinetsi eta bizi duena bideratzen tematzen denean, eta argi dago, ifarraren norabidea taxuz bideratzeko nortasun sendoa duenak bakarrik egingo duela.
Adiskidea agurtu eta erreparatu dut ez dela lagun hau bestelako ezertan lanean ari den bakarra, ez, isil-isilik gizon-emakume ugari bide egiten ari dira, beraien baitan barruko senak esandakoa itxuratuz, eta nola! Beldurra zabalduz, txutxumutxean jardundako negar-kantariei kasu egin baino, beraien arreta guztia irudimenean eta sormenean jartzen dute, esanetan alferrik hitz egiten aritu baino, arnasgarriagoa den gizarte baten oinarri sendoak eraiki nahi dutelako. Hargatik, sentitzen, bizitzen, maitatzen eta izanarazten duten huraxe gorpuzten dabiltza, eta haien solasean, haien aritze garbian Bizia bere gardentasunean ikusten duzu, benetan, Bizia atseginez bizi dutelako. Dabiltzan lanean oztopoak, ezinak izango dituzte, jakina, baina amesten eta sinesten duten huraxe lantzen dutenez, irtenbideak errazago aurkitzen dituzte, hain zuzen ondo, erraz eta gogobiziz egindakoa egiten ari direlako, honexek ematen die merezitako konfiantza eta ziurtasuna.
Argi dago, gure ekinean, errutina eta monotonia etsai makurrak ditugula, Pablo D´Ors-ek egoki azpimarratzen du berori: «Gizakia, benetan hiltzen duena errutina da; gizakia salba dezaken bakarra sormena da, berritasuna antzemateko eta berreskuratzeko gaitasuna». Joxan Artzek, gure eguneroko bizitza eta errealitatea aspergarri dela esaten dugunean, honakoa dio: «Denok ondotxo dakiguna: aspertzea, ez bizitzea, hilik egoteko era trixtea dugu».
Ba, halaxe da, gizaki orok ohikeria, monotonia baino, mugimendua behar du, bizia, eta norbera den biziak berea aldarrikatzen du, munduratu zenetik emandako talentua. Talentu horixe antzemateko barruko lana egitea ezinbestekoa da, isiltasunak zeresan handia du zeregin horretan. Isiltasunari esker, gizaki asko nortzuk diren jakinez haien barrua iraultzen ari dira, eta apalki, beraien ahotsa ezagutarazten. Gertu dituzu horrelako pertsonak, ez urrunera joan, zeu zara horietako bat, sortu zinen unetik, biziak eman dizu sentitzeko, bizitzeko eta maitatzeko oparia, dohaina, berori noiz erabiliko duzun irrikitan dago. Ez itxaron, ekin! Jardunean, zorte on!