Historiaurrearen berri etengabe ari da ematen Aralarko mendizerra. Azala industu orduko, gizakiaren presentzia milaka urte atzeratzen da. Igaratzan jarriko dute orain arreta. 2012tik ari da han EHUko Arkeologia saila lanean.
Apalean hauts artean urtetan dagoen liburua bezalakoa da Aralar, historiaurrearen jakintzari dagokionez. Apur bat arakatu eta lurrazala zabaldu orduko, informazio harrigarriak ematen ditu. Leitzen jakin behar. Horretan aditua eta aritua da Jose Antonio Mujika arkeologo beasaindarra, eta EHUko Arkeologia sailaren buru, 2003tik ari da Enirio-Aralarko lurretan aspaldiko gizakiaren bizimodua eta ohiturak erauzten, Barandiaranen lana segita.
Orain, Igaratzan daukate jo-puntua jarrita. 2012tik aurrera, hainbat jarduera burutu dituzte Aralarko paraje horretan, han aurkitutako zenbait elementu megalitikotan miaketak eginez. Beaskinarte eta Aiatzio guneetan aurkikuntzak egin dira.
Aurretik, Ondarre eremuari zuku handia atera diote. Gizakiaren presentzia Aralarren Erdi Paleolitikora (duela 50.000 urte) aurreratu zuen pieza landuak aurkitu zituzten: levallois printza bat eta nukleo bat, harrizkoak. 2013ko ekainean jakinarazi zuten horien berri. Ordura arte, Goi Paleolitikoa (duela 14.000 urte) zen lehen muga.
Irteera gidatua
Harrezkero, momentuz Aralarko lehen bizitoki denaren arrastoak azaleratu zituen, Aiatzion: duela 4.700 urteko txabola-eraikin baten aztarnak, Kalkolitokoak.
Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, ekainaren 15ean bisita gidatua egingo dute Igaratzara, Mujika bera gidari dela, Lizarrustitik, egun osorako.