Orain sei hamarkada Segurako erretore zen On Zesareo Elgarresta apaiz bergararrak sortu zuen Segura Irratia 1956an, «Jainkoaren hitza eta Goierriko albisteak eskualdean zabaltzeko» helburuarekin. Apirilaren 2an egin zuen lehenengo emanaldia. Euskal irrati komunikabideen artean aitzindarienetakoa da Segura Irratia.
Garai berrietara egokitzen jakitea ezinbestekoa da urteetan iraun nahi bada. 63 urte geroago, irratia indarberritzeko lanean ari da Segura Irratia, ahots berriak lagun dituztela. Azkeneko bizpahiru urteotan, astelehenetik ostiralera, Segura Irratiko goizak ezberdinak dira. Iñigo Arretxe, Olatz Etxeberria eta Anaitz Jauregi dira «errudunak».
Arretxe tolosarrak duela hiru urte hartu zuen erretiratu berria zen Mariaje Telleriaren lekua; aurretik asteburuetan aritzen zen. Handik urtebetera, Olatz Etxeberria berastegiarra eta Anaitze Jauregi olaberritarra murgildu ziren Segura Irratiaren proiektuan. Gogoa eta ilusioa zabaltzen dute egunero Goierriko uhinetan.
Eduki berriak
Ahots berriak entzutearekin batera, eduki berriak ere lantzen ere saiatzen dira Goizerokoa izeneko magazinean. Egunero hiru elkarrizketa egiten dituzte eta horretaz gain, hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin, osasun, hezkuntza, kultura eta zinema gaiak aztertzen dituzte. Lehiaketek ere, tarte berezia izaten dute. Etxeberriak herri kirolak, pilota eta bertsolaritza jorratzeko saio bereziak ere egiten ditu astean behin, gonbidatuen laguntzarekin.
Arretxeren esanetan, «urte oso onak» izan ditu Segura Irratiak, «batez ere Mari Karmen Elorza zena zegoenean. Sei pertsona zeuden nominan». Baina hainbat arrazoi tarteko, poliki-poliki jendea irratia uzten joan da, eta horrekin batera, «jaisten» hasi zen pixkanaka. Orain, hirukotea, «horri guztiari buelta eman nahian» dabil: «Ez da erraza, garai ezberdinak dira, eta gaur egun garai batean baino konpetentzia handia dago». Hala ere, «martxa onean» ari direla diote: «Aldatu egin dugu goizeroko sistema. Eduki aldetik eta programazio aldetik buelta ematen ari gara pixkanaka».
Zuzenekoak kalean
Segura Irratira iraultza iritsi dela esan daiteke. Teknologia berrien abantailez baliatuz, Internetez ere entzun daiteke Segura Irratia, eta sare sozialen laguntzarekin, irratiko edukiak eta irratian egiten duten lana zabaltzen dituzte.
«Eduki eta programazio aldetik buelta bat ematen ari gara pixkanaka» Iñigo Arretxe
«Oihartzuna ematen ari gara, Segura Irratia hemen dagoela esateko» Olatz Etxeberria
«Hasieran ez genuen pentsatzen kalean egotea. Presentzia hori ere, pauso bat da»
Anaitze Jauregi
Etxeberriaren esanetan, «oihartzuna ematen ari gara Segura Irratiari, jendeak jakin dezala, Segura Irratia hemen dagoela». Sarritan Segura Irratia, «errosarioarekin lotzen da, baina hori baino askoz ere gehiago da», azpimarratu dute.
Zuzeneko emanaldiak ere egiten hasi dira: iaz Kilometroak jaiak, Korrikan, Ordiziako azoka berezietan, Tolosako Inauterietan… «Udal hauteskundeen jarraipena ere egin dugu. Urte asko egin gabe zegoen. Alkategaiak elkarrizketatu ditugu».
Arretxerentzat «garrantzitsua da Segura Irratia ahalik eta leku gehienetan presente egotea». Iaz, Urretxuko eta Zumarragako Kilometroak jaian izandako bitxikeria bat ekarri dute gogora: «Kilometroetan gertatu zitzaigun, gure karparekin joan ginen, eta askorentzat harrigarria zen Segura Irratia oraindik han egotea. Askok pentsatuko zuten: ‘Segura Irratia bizi da?’ Bai, hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu». Anaitze Jauregik gehitu duenez, «hasieran ez genuen pentsatzen kalean egotea. Presentzia hori kalean izatea ere, pauso bat da».
Ideia ugari dituzte oraindik ere buruan, herritarrengandik gertu egoteko helburuarekin. Apirilean hasitako Asteko saltokia atala jarri dute horren adibidetzat: «Aste oso batean, denda, komertzio edo enpresa bat izaten da asteko protagonista. Albistegien ondoren, beti bere publizitatea jartzen da lehenengo eta horrez gain, berezia da, elkarrizketa bat egiten zaio zuzenean, Anaitze bertara joanda».
Epe ertaineko helburua, egunen batean, Goizerokoa irratsaioa kaletik bertatik zuzenean egitea dela aurreratu dute. Izan ere, Segura Irratiko Goizeroko saioko esatarien esanetan, «gauza gehiago egiteko aukera badaukagula uste dugu. Agian, ez goaz guk nahiko genukeen martxan, baina gure esku dagoena egiten dugu».
Udako programazioan ere hainbat berrikuntza izango direla aurreratu dute, «ukitu berria eman behar zaio. Berritzean joatea da helburua».
Irudia gaurkotu dute
Gogoa eta ilusioa islatzen dituzten aldaketak egin ditu hirukoteak Segura Irratian; freskotasuna nabari da uhinetan. Ahots eta eduki berriekin batera, Segura Irratiaren irudia ere berritu dute, «gaurkotu» egin dute logotipo berria: «Jatorria mantenduz, gaurkotu egin dugu». Itxura berridun logotipoaren ondoan, «zure betiko irratia» esaldia jarri dute. Atearen sarreran ere plaka bat jarri dute.
Hain zuzen ere, atea zabal-zabalik dutela gogoratu dute. «Gure ateak zabalik daude, eta gonbidatuak irratira bertara etortzen badira, gu poz-pozik egongo gara. Ez baita berdina elkarrizketa bat estudioan aurrez aurre edo telefonoz egitea».
Gogoak, lanak eta ilusioak emaitzak eman ditu, eta entzule berriak, belaunaldi berriak erakartzen ari dira pixkanaka: «Lehiaketetan nabaritzen da ahots berriak ditugula. Herritarrek esaten digute egindako aldaketak nabaritzen direla eta hori pozgarria da guretzat». Sare sozialetan eta whatsappean (669 473 337) mezu asko jasotzen dituzte.
‘Kalejira’ irratsaioa, urteetako «terapia»
Goizerokoa irratsaioa hasi aurretik, 09:00etatik 10:00etara izaten den Kalejira saioa, entzule asko eta askorentzat «eguna ondo» hasteko momentua izaten da. Urte askoan Mariaje Telleriak egiten zuena, orain, Olatz Etxeberriak egiten du gehienean. «Kalejira ezin da kendu, sakratua da. Terapia bat bezala da entzuleentzat. Entzule askorentzat bizia da, lehenengo Joxe Landaren eguraldi iragarpena eta ondoren Kalejira entzutea».
Urtean behin bazkaria egiten du Kalejirako familiak eta aurten Gabirian elkartu dira, 70 bat lagun. Ahots berriei aurpegia jartzeko aukera izan dute gainera entzuleek.