Ahoa betean eta hitz handitan ari denaren esana tentuz hartzea esan nahi du ‘beroarena kendu’ lokuzioak. Nahiz gezurra ez iruditu, dena ere ez dela sinistu behar. Abeltzaintzan du jatorria esaerak, ganaduaren prozesu fisiko bat baita.
Esan bati, esajeraziotik izan dezakeena murriztea da beroarena kentzea lokuzioaren esanahia, Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera. «Ahoberoaren esanei gehiegizkoa kendu», dio Harluxetek. Esaera zahar bat ere bada: «Ahoz jasotakoari beroarena kendu behar zaio». Esaten diren guztiak ez direla beti egiak izaten, ez guztiz egiak behintzat.
Lokuzio edo espresio gehienek bezala, benetako egitate batean du jatorri etimologikoa. Abeltzaintzan, zehazki. Goierrin, baserritar zaharrek ondo dakitenez, ganadua hiltegian hil ondoren eta kanalean erditik zabaldu ondoren, pisua zerbait murrizten zaio, prozesu fisikoaren ondorioz. Berotasuna galduz eta ura lurrunduz doakion heinean, okelaren pisua galtzen da. Hori da beroarena kentzea, askorentzat.
Beste ‘bero’ bat ere bai
Baina gaiaz galdetuta, beste ikuspegi eta teoria bat dauka Oñatiko Zubillaga abere hiltegiko Mikel Olano albaitariak. Bizkai aldean —Zornotzakoa da bera—, ganadua bizirik dagoenean erabiltzen da ‘beroarena kendu’ esapidea, zehazki abelburua ume eske edo zeloan dagoenean. «Ganadua ume eske badago ez da hiltzen, hormonak aztoratuta izaten dituelako. Orduan esaten da beroa kendu eta gero hilko dela hori. Baina bizirik dagoenean erabiltzen da beti», ziurtatu du.
Txahalaren edo behiaren berotasun hori, zelo garaiak edo estresak eragindakoa izan liteke, eta azalpen biokimikoa dauka atzetik: «Ume eske bakoitzean, bizpahiru egunez hormonak igotzen zaizkio abereari, eta estres gehiago izan ohi du. Haragian azukre kopurua jaisten zaio, eta ondoren bihurtzen den azido laktikoarekin lotura du».
Giharrea okela bihurtzen denez behin aberea hildakoan, komenigarria da aberearen estres maila ahalik eta txikiena izatea. Azukrea (glukosa) ez jaistea komeni da, bestela azido laktiko gutxiago izango duelako, eta usteltze prozesua azkartuko zaio orduan.
Beroarena kentzea traturako ere onura zen tratanteentzat.